Dokumentuaren akzioak
Vianako Printzea saria Jose Lainezek eta Concha Martinezek jasoko dute
Jose Lainez eta Concha Martinez "Dantzatzekoak ez diren koreografiak" erakusketaren aurkezpenean. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC BY-SA
2017ko Vianako Printzea saria Jose Lainez eta Concha Martinez koreografoei emango zaie. Aurreko astean jakinarazi zuen Nafarroako Kultura Kontseiluak koreografo eta dantza-maisu donostiarrak izango direla sarituak. Sari-banaketa ekitaldia maiatzaren 27an izango da Erriberriko errege jauregian. Vianako Printzea saria, Nafarroan, kultur arloan banatzen den sari garrantzitsuena da. 1990etik banatzen da eta helburua kultur mailan aipamena merezi duten pertsonen edo erakundeen ibilbidea aitortzea da. Aurtengoa da dantza munduko norbait sarituko duten lehenengo aldia.
Dantza-ibilbide oparoa
Martinez eta Lainez aintzindariak izan ziren Euskal Herrian dantza garaikidean. Hamasei urterekin joan ziren Donostiatik Amsterdamera (Herbehereak) dantza ikastera. Bost urtez Het Nationale Balletean dantzatu zuten. Handik bueltan, 1970ean, Anexa dantza garaikide konpainia sortu zuten Donostian. Proposamen artistiko, apurtzaile eta probokatzaile berri bat egitea lortu zuten, garai hartako artearen abangoardian.
Anexan egindako lanari esker, Bartzelonako agertokira iritsi ziren eta Caspe antzokian hainbat hilabetetan eskaini zituzten emanaldiak. Segidan, Institut del Teatreko lantaldean sartu ziren eta Jose Lainez Dantza Garaikideko Departamentuko koordinatzailea aritu zen bolada batean. Handik urte batzuetara Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatorioko dantza-saileko zuzendariak izan ziren.
1980an, Yauzkari dantza garaikideko konpainia sortu zuten Iruñean. Europan zehar ibili ziren, haien lan ziztatzaile, ausart, lotsagabe, probokatzaile eta konprometituak aurkezten. Beren lanetako gai nagusia norbanakoa zen, eta helburua zen pertsona bakoitzaren alderdi onena arakatzea eta azaleratzea. Haien dantzak aparteko sorpresak ziren, eta ordu arte balletarekin lotura gutxi edo batere ez zuten musikak erabiltzen zituzten.
Jose Lainezek eta Concha Martinezek beraien azken lanak Iruñean egin zituzten Piejuntoapie dantza-konpainiarekin. Azken obra, Becket 5, 2010ean aurkeztu zuten.
"Dantzatzekoak ez diren koreografiak"
Jose Lainez eta Concha Martinezi buruzko lehen atzera begirako erakusketa da "Dantzatzekoak ez diren koreografiak". Donostiako 2016 Gunean egon zen erakusgai 2015eko ekainean. Erakusketak Lainezen eta Martinezen sormen-prozesuaren aberastasuna jaso zituen, marrazki, testu eta bestelako materialen bidez. Erakusketaren barruan aurkeztuko ziren Sortutakoak 7 programan prestatutako bi lanak, Jose Lainezen testu batetik abiatutako koreografiak. Bestalde, Jose Lainezi eta Concha Martinezi buruzko dokumentala estreinatu zen. Lainezi eta Martinezi egindako elkarrizketez gain, Anexako hainbat dantzariri egindakoak ere jasotzen ditu dokumentalak.
Dokumentuaren akzioak