Dokumentuaren akzioak
Kabalkada-toberen loratzea
Datorren urterako hiru kabalkada aurreikusi dira gutxienez: lehena Aiherran, bigarrena Itsasun eta hirugarrena Ainhize-Monjolosen. Horiez gain, badirudi Ortzaizen 2019an libertimendua egitekoak direla eta 2020an kabalkada. XX. mendeko tarte batzuetan urrituta egon badira ere, azken urteetan hainbat herritan ari dira antolatzen kabalkada-toberak eta libertimenduak. Dantza, musika, kantua, bertsoak eta antzerkia biltzen dituen herri antzerkia, epaiketaren itxura duen gizarte kritika.
Herri-antzerki hauek garai bateko tobera-mustren oinordekotzat jo daitezke. Toberak kabalkadarekin abiatu eta herria kalez kale pasa ondoren plazara heldu ohi ziren, gero han epaiketa formako ekitaldia eskaintzeko. Toberak, xaribari, astolaster, zintzarrots, karrusa edo galarrots izeneko ekitaldi horietan auzi edo epaiketa publikoa egiten zen, garai batean bikote inguruko auziak aztertuz, eta XX. mendean zehar auzi sozial eta politikoen eztabaidak plazaratzeko baliatuz. Epaiketako pasarte artean dantzariek eskualdeko tradiziozko dantzak eskaintzen dituzte eta bertsolariek herritarren ahotsa agertarazten dute.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, nahiko utzita izan zirelarik, dantza-agerraldi erara aurkeztu izan dira kabalkadak sarri; dantza mantendu izan da, baina ez hitza. Toberak berreskuratzeko hainbat ahalegin egin dira zenbait herritan. Antton Lukuk azaltzen duenez, 1970ean, toberen irakurketa politiko berri bat proposatu zen, helburua tokiko boterea kritikatzea zuena. 1990eko hamarkadan, berriz, lehengo kabalkaden inguruko gogoeta hasi zuten Lapurdi barnealdean. Horrela, herri batzuetan dantzekin batera, antzerkiak kaleratzen hasi ziren. Ez garai bateko zigor kolektibo modura, baina bai, herriaren kezkak plazaratu eta zenbait gairen inguruko eztabaida mahai gainera ateraz.
1990eko hamarkadako bultzadari esker eta 2007an Antton Lukuren ahaleginarekin Donibane Garazin plazaratutako libertimenduari jarraiki, han eta hemen, ari dira antolatzen libertimendua eta kabalkadak. Azken urteetan ia urtero izan dugu Nafarroa Beherean eta Lapurdin, inauteri garaian, libertimenduren bat; aurten lau antolatu dituzte: Donibane Garazin, Donapaleun, Makean eta Bankan. Kabalkadek ere ia ez dute etenik izan azken aldian, 2014an Urruñan eta Lekornen, 2016an Makean eta Saran, 2017an Saran eta azkena aurten, Uztaritzen.
Azken urtetako kabalkadak
- 1976: Baigorri
- 1988: Eiheralarre
- 1991: Amikuze
- 1992: Itsasu
- 1994: Itsasu
- 1997: Itsasu
- 2001: Itsasu
- 2002: Luhuso
- 2003: Heleta
- 2007: Itsasu
- 2009: Donapaleu
- 2011: Izpura
- 2012: Irisarri
- 2014: Urruña, Lekorne
- 2016: Makea, Sara
- 2016: Sara
- 2017: Bidarrai
- 2018: Uztaritz
*Beste herriren batzuk libertimendua edota kabalkada-toberak prestatzen hasiak bazarete gustura jakingo genuke.
Dokumentuaren akzioak