Dokumentuaren akzioak
Joseba Aurkenerena: "Kabalkada bezalako momentuen beharra badugu, euskaraz elkartuz. Gure buruaz irri egiteko"
Joseba Aurkenerena (1956, Donostia) euskarazko irakaslea da. Liburu andana ere badu argitaraturik, batez ere euskal sinesmen zaharren ingurukoak. Donibane Lohizungo Begiraleak elkartekide, Urruñan bizi da eta bertako Kabalkada-Zintzarrotsan parte hartzen du. Aurkenerenaren ibilbidea Donostian sortu zenetik eta Ipar Euskal Herrian instalatu arte, segitzen ahal da Euskal Kultur Erakundeak egin dion elkarrizketan. Hona Urruñan prestatzen ari diren herri antzerkiari buruzko tartea.
Kabalkada-Zintzarrotsa emanen duzue Urruñan ekainean.
Berttoli eta Hazia kultur elkarteen arduradunetatik da proiektua atera: Gérard Urrutia idazle eta kantaria, eta Céline Duperou dantzari trebe eta jakintsua izan dira bultzatzaile. Herritarrak proiektu batean sartu nahi izan ditugu, denok batera, batez ere elkar ezagutzeko. Euskal Herri osoan zabaldua zen ohidura izan da, izen desberdinak ukanik ere. Gaur egun, tobera izena da ezagunena. Badu ehun urte Lapurdiko kostan galdua dela. Nik uste duela 60 bat urte izan zela azkena hemen, Urruñan, baina Luhusokoek emanik. Berpiztekotan, hemengo izena erabili nahi izan dugu: tobera Baxenabarrekoa zaigunez, zintzarrotsa jarri diogu. Funtsean, dena lapurtarra izanen da: dantzak, jantziak... Urruñako euskalkiz idatziak dira testuak. Baina ez dugu eginen garai bateko tobera, sobera basa eta lekuz kanpokoa zaigulako. Ez gara gizon baten aurka sartuko homosexuala delako, edo emazte baten dibortzioa ez dugu salatuko. Bekatuan ez gara, dagoeneko, bizi! Bi Mundu Gerlek, batez ere bigarrenak, ekarri dute gizarte modernoa, eta horretan dira tobera tradizionalak galdu. Guk, garai batean ez bezala, bestelako kritikak ditugu...
Zein dira?
Ezin ditut salatu! Hemen, Urruñan, egiazki gertatu diren gauzak dira, nahiz eta modu orokorrean tratatuak izan. Baina ez dira kritika zorrotzak. Ez goaz inoren kontra. Gurean, alde guztietako jendeak parte hartzen du. Kritika umoretsuak dira, gogoeta sortzeko eginak. Ez dut uste inork gaizki hartuko duenik.
Antton Lukuk dio, azken liburuan, tobera zartagailua izan daitekeela, jasanezina salatzeko...
Ados naiz, eta autokritikarako ere balio izan dezake. Gizartea, herria, egoera gaitzean dagoelarik ere, choc moduko gauzak, beharrezkoak atera daitezke. Tokian tokiko errealitateari begiratu behar zaio. Urruñan, ez dugu enfrentamendurik nahi. Jendea adiskidetzeko egin dugu Kabalkada-Zintzarrotsa. Abiapuntu gisa ikusten baitugu, geroari begira, gauzak elkarrekin eraikitzeko eta bizitzeko, euskal kulturaren inguruan.
Lan taldeetan banatu zarete?
Bai: batzuk dirua biltzen aritu dira, besteak komunikazioan, kantuan, dantzan, antzerkian. Gérard Urrutiak eta nik neuk dugu testua idatzi, Pantzo Hirigaraien aholkularitzapean. Dena den, euskaraz iragaten ari da gehien-gehiena, bilerak zein errepikak.
Zergatik ekainean egin, turisten zain egon gabe?
Ez garelako haientzat ari. Ikuskizun osoa euskaraz eginen da, eta ez dugu frantsesezko liburuxkarik aterako, pastoralan bezala. Herritarrak herritarrentzat ari dira lehenik, hemen. Horrek du jendea biltzen, ikuslegoa erakartzen. Nik uste horrelako momentuen beharra badugula, euskaraz elkartuz. Gure buruaz irri egiteko ere. Entzun izan dudanez, hiru kabalkada izanen dira aurten: Urruñan ekainean, Baigorrin abuztuan, eta Lekornen irailean. Pastoral eta tobera urtea dugu! Iparraldean, uzta ederra, bizitzarako grina gehiago erakusten du. Hegoaldean, egoerak gehiago kezkatzen nau. Lozorroan daude Gipuzkoa eta Bizkaia.
Toberako gai ona litzateke...
Bai, horrelako ekitaldiak gehiago beharko litzateke. Ez Erreala eta Athletic soilik. Telebistak ez dizkigu euskal kulturaren inguruan bizi ditugun uneak eskaintzen ahal. Hain dira bereziak! Horietan dugu indargunea, eta ez ditugu aski erabiltzen. Gauza xumeak baldin badira ere, beti dira singularrak, guhaurrek bizitzen ditugun bitartean. Ez gara profesional handiak, herritar xumeak baizik. Kabalkadan ere, ahal duguna eginen dugu, baina elkarrekin, eta euskaraz.
Elkarrizketa osorik Euskal Kultur Erakundearen webgunean.
Joseba Aurkenerena idazle eta irakaslea. Argazkia Xan AIRE/EKE.
Dokumentuaren akzioak