Dokumentuaren akzioak
Zirtzilen estetikaz
Zirtzil-jokoen lantzean begi bistakoa bilakatzen zaigu gorputzaren kontu hau. Edo lantze teknikaren funts edo muina: jokalariak, hasten delarik entseiatzen, ez duela plaza iragaten behar lukeen bezala. Ez dakielako zer egin behar duen. Egin behar duten pertsonaia lausoki baizik ez ikusten. Lehengo beltzak hobeki jabetuak ziren egin beharraz, eredua, metafora antzerki jendeek dioten bezala, argiago. Bolanteena ez da ezberdina. Behin baino gehiagotan azaldu dudan dikotomia horretan bereizten baitira beztituak eta maskatuak etxekoak batak, bortukoak edo basak besteak.
Berriki arte atxikia izan baita “molde” hori Zuberoako maskaradan, Pitxu edo Kabanaren ibilera herri batetik bestera oso antzekoak direnez, ari izan naiz luzaz hausnarrean: “Baina zer eskarniatzen dute?” “Zein metaforak, barne irudik, ematen die kurritzeko molde hau?” Urrats handiz eta ipurdia apal doa Kabana polainak zangoetan. Hauek dudarik gabe bidearen sinbolo, honen izate ibiltariaren seinale. Pitxu aldiz pultsazio bertikalek bultzatzen dute aitzinera. Dario Fok dio maska italiar guziak etxe-hegaztiak direla, “puallak” (purailak) zuberotar-amikuztarrek dioten bezala. Zein kabala edo ihiziri hartu dio ibilera Pitxuk?
Urbeltzen liburua (Danzas morris) irakurri aitzin, bilatzen nuen gure inguruko fauna handi edo ttipian, eta gogora jin zaidan, erreka karramarroa zitekeela. Anitz baziren Zubero Oztibarreko uretan. Ttipian oseba batek lehen aldikotz “xipaka” eraman ninduenean atzeman nuen lehen butiga izan zen. Nahigabe handia. Osabak jo zuen zuhaitz bati kontra amua laxa zezan “zikinkeria” erranez. Beraz nazka sortzen duen haietarik zen. Alabainan nehork ez zuen hori jaten,
dudarik gabe bere aspektu bitxiagatik. Arreka doa eta buztan kolpeek ukaldikako propultsioa egiten diote. Uretik atera ulitxek ere badute arrantzari guziek ikusi beren airatze irregularra, sentitzen balute bezala guk hautematen ez ditugun aire presio ezberdinak. Urbeltzen liburuan ez nintzen guti harritu “langosta” hitza ikustearekin zamalzainaren metafora gisa. Ez nekien gazteleraz honek ottea erran nahi zuenik. Lehen siskan otarraina ulertu nion nik.
Aski garrantzitsua zait taxinomiaz bi hitz erratea hemen. Usuegi ahanzten dugu hau oinarrizkoa dela hizkuntza bakoitzaren kolorean. “Rapace” hitz frantsesaren itzultzeko harrapari pentsatu behar itzan dute eskolako liburu egileek, ez da herrikoia. Tradiziozko ehiztariek ez dute sekulan tiroa emanen saien arrazakoei mendi garbitzaile baitira, hurbil jiten zaizkigu, ez dute ihizi portaerarik. Ez dituzte ja xori jaleen zaku berean sartzen miru flakoin eta beste belatzekin.
Anekdota bat iparraldeko bertsolariei entzuna. Behin bertsoetatik gibelerakoan gelditu ziren Xanpunek Etzanen zeuzkan arraintegietan. Ezpondak urean otarraina ikusirik galde egin zuen harriturik “zer duk mamu hori hor?” Xanpun urrun baitzen gaizki entzunik “Zer dio?” Eta Mixel Xalbadorrek “ Deus ere. Segur nauk bere burua ikusten duela urean ”
Mamu zer da? Haurrek eta haurrentzat aunitz baliatzen den hitza. Mamu errana zaie leku ezezagun eta arriskutsuetara ez daitezen joan. Sotorat edo sabairat esaterako. Eskatzen zaiolarik haurrari mamuaren marraztea lehenik “ez dakit ” erraten du eta hondarrean zerbait egiten duelarik: lipua da, armiarma, itsusienetarik dena pata eta bilo. Armiarmak eta karamarroak ez direa arraza berekoak?
Lekunberri deitu bertsoetan, hauek Escualduna kazetan argitaratuak izan ziren XX. mendearen hatsarrean, baxenabarrako zirtzilak hagitz ongi deskribatuak dira. Martin bortuarra (izenetik hartza hau) dena aker buztan den jaketian ikusten dugu. Martxa jauzkaria funtzionala ote dua? Delako buztan horiei bizia emateko lipuaren paten gisan? Patetan bizia edo basatasuna ote da? enbor eroriari azala kentzen diogularik zer nahi zokozorri ikusten baitugu argiari ihes joaten beren ekunka patek bultzaturik?Hauek ere hezurdura kanpoan karamarroak bezala.
Lipuetarik, zokozorrietarik bidea hurbil beldarretara beren bilo nazkagarriekin.
Harrak badira esplika lezake zirtzil eta beltzek biziki maite dituzten pilaketa horiek. Gorputzaren errespeturik ez dute. Ez dute zaintzen. Portaera debekatu horretatik, bekatu horretatik jalgitzen da irria eta batzuetan nazka. Sobera utzi haragi puska batean harrei ohartzen garelarik sortzen zaigun gohaindia bera. Hau biziki ontsa azaltzen du Urbeltzek. Eta uste dut nik ez dela sobera urrun joan behar esplikatzeko kabalkadak zergatik hasi diren egiten sujetik gabe, libertimenduak utzirik dantzaren “onetan”, aldebat ebanjelizatuak izan diren herrietan. Dantza bekatua zen, bestaberriko errekuperaziotik kanpo, baina bekatu mortala zirtzilen hitza eta estetika. Ezterenzubin bezala herriko etxeko idazkaria apeza zelarik eta auzapeza elizan giltzain. Gure kulturari egin kaltearen erantzukizuna ez da sekulan boteretik urrun.
Txomin Peillenen Animismoa Zuberoan liburuan agertzen zaigu Anpellu apeza arto landetan ibiltzen arto-zangoetako harren kasatzen gurutzea edo liburua eskutan. Pentsa genezake ere iraultza berdeak, har eta onddo pozoiek kalte handia egin dietela zirtzilei.
Gorputza zaintze istorio, dudarik ez dut bolantak zirtzilen parte ona izan behar duela, kontraste erradikala ekarriko duela plazara. Ez dakite dantzatzen bolantek ez baita zirtzilik notaren emateko parean.
Garaziko ostatu batean entzun anekdota. Urte batez sekulako elurtea egin zuen eta bortuetako kabalak egon ziren nehora ere ezin jalgi, atekak eta lepoak hetsirik. Joan ziren jabeak ahal bezala, bistan dena holakoetan bortuan usatuenak gidari. Gibelerakoan ostatuko egonaldi derrigorrezkoa. Hauetarik baten kontaketaren entzuten gelditu nintzen, hau artzain eta ehiztari dinastia famatukoa. “Abere eta ihiziak non nahi hilak, azkarrenak ere orein eta beste” eta azkenean ateratzen du: “Urrunera inposublez otsoa diat ikusi” Batek “ ba zakurra zuan ba hura” “Ez kurritzeko maneratik hura ihizia zuan ba” Irriak , trufak eta bon ostatu giro eta beste trago bat.
Baina geroztik eta dantzari berriz jiteko, berex badaitezke kurritzeko maneratik otsoa eta zakurra, ihiziak eta etxekoak, kabalak, munta handia du gure zirtzilen estetikan. Otsorik ez dut ikusi behin ere, basurde eta orkatzak bai. Ipurdi mehe eta apal batzu dira molde iheskor eta pistoletean doaz. Zangoak oso ongi finkatzen dituzte. Ez dira lerratzen... Hor entseguan gara jada…
Bereizketa hori espazioan da ere eta hizkuntzan nolaz ez. Herri literaturak adibide argiak eskaintzen dizkigu. Janbattitt Dirazarren “Hegiko bordatik” liburuan bada biziki maite dudan testu bat: Patzatzo. Xito jaten biziatua den gatu baten istorioa da. Aitak hil nahi eta amak ez. Honek erraten dio senarrari xitoa miruak eraman dukeela. Eta aitak “ ez da mirurik horraino sartzen”. Ez basarik jendeen mundura ausart lezakeenik. Zakurrak behar ditu etxalde batek baseria guzia, axeri fuiña eta hauen arrazakoak, ez dakizkigun hurbil.
Mamu har eta beste , basak, hauek dira gure zirtzilen barne irudiak. Hauek dituzte sinbolizatzen gure metaforek. Baita ere hauekin bizi diren horien eskarniak dira jokoak. Bortuko eta mundu basaren espezialista horien. Gure aitatxiei zirtzil rola tokatzen zitzaielarik, zirtzil dantza ausartzen banaiz, ez zen egin beharra azaltzerik. Kanpoan bizi ziren. Haur eta gazteen lana zen ardi eta behietara bordetara joatea, etxaldea eta bortuaren mugan diren brosta, larre eta xareetara. Metaforak azaldu gabe sartzen ziren Xebaxtianen jaketia luzean. Orain eskolako barnetegietatik ditugu plazara ekartzen eta hezleek teoria gehiago egin behar dute.
Santibate eta libertimendu asteburu berean
Egutegi fantesiengatik ihaute laburra aurtengoa eta garaziko usaiei jarraikiz Santibate eta libertimendu asteburu berean ditugu. Hobeki? Gaizkiago? ez dakigu, hola egin behar. Santibatek « aurten bezala gero’re » igorriko gaitu etxek’anderei eske. Otsailaren lehenean, ostirale aratsez ibiliko dira zirtzilak ostatuz ostatu eta eske kantuak emanen. Garaziko lizeoa, Zitadelako kolegioa, Garaztarrak , Garaziko bertsu eskola eta Urkulu peña eskuz esku jarri dira gaualdi horren kausitzeko. Zirtzilek hitzordua dute Jai Alain 17 etan. Kantuz hasiko lehen ostatuan, “Xuriketenean” 17.30 etan gero oren erdi guziz tokiz aldatzeko. 23.30etan Herriko etxeko sasi dantzaldiaren ondotik maskak kenduko dira Urkulu peñaren egoitzan gaineko harresietan, tripota jateko. Kantatzeko asmoz direnentzat, itsusiz bezti, eta oroit nehork ez zaituela ezagutu behar !
Libertimendua berriz, bolanten eguna da. Igande goizean 9.30tan abiatuko da kabalkada Portaleburu eta Eiheraberriko juntatik, Eiheralarreko bidean, Eiheraberritik hiri zaharrera joateko. Karrikaz karrika ibili ondoan hitz ordua emana da Trinketeko plazan 11.30tan libertimendu beraren ikusteko. Ekhi Erremundegi, Patxi Hiriart eta Mizel Mateo bertsolariek erantzunen dute zirtzil jokoei. Garaztarrak-eko dantzariek jauziak emanen dituztelarik bolanten moldean. Euria balitz libertimendua merkatu estalian litzateke. Beraz udaberri alfer batek ere ez gaitu jitetik eragotziko.
Dokumentuaren akzioak
Mundiala Antton, hau gozatua hartu dudan zure testua irakurtzen, ederra benetan! Eta arrazoiz betea. Baserritarrak mozorrotzean jantzi eta bizi egin izan dute, mozorroaren ibilkera eta piztikeriak erditzen dituzte natural-natural. Kalekumeekin metafora bila gabiltza etengabe, gure etxeetan National Geograficeko tigreak hurbilago baititugu azeria eta basurdea baino. Gure herrian, Eibarren, mozorrotzea koko-janztea da, eta kokoak intsektuak dira, zomorroak, momorroak. Umeak bildurtzera kokua, koko-marrua eta mamorruak etortzen dira. Koko-dantzan ikasi nahirik gabiltza gu orain. Eskerrikasko!