Dokumentuaren akzioak
Filipe Oihanburu euskal dantzari eta koreografoa hil da
Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de Olaetarekin abiatu zen euskal dantzan. 1945etik 1953ra Oldarra taldean zuzendari artistiko izan zen eta 1953tik aurrera, 30 urtez, Etorki kantu eta dantza talde erdi-profesionalaren zuzendaria. Mundu osoan zehar ibili da dantzan euskal dantza nazioartean erakusten; hogeita hamar herrialdetik gora bisitatu ditu bere dantza taldeekin. Euskal dantzak munduari ezagutaraztea izan du helburu, eta profesionalki aritu da euskal dantzetan oinarritutako ikuskizunak atzerrian aurkezten.
Olaeta, Oldarra, Etorki
Haurtzaroa Montevideon eta Parisen igaro zuen, baina udako oporrak Hendaian pasa ohi zituen familiarekin; 1939an Biarritzera joan ziren bizitzera, aita jubilatuta, haren etxera itzuli ziren. Garai hartan, hainbat euskal iheslari ezagutu zituen, eta harreman haien ondorioz abertzale bihurtu zen, baita euskara ikasten hasi ere. 1937an eta 1939an Eresoinkaren bi emanaldi ikusi zituen; Eusko Jaurlaritza erbesteratuaren ikusgarri hura bere bizitza artistikoan abiapuntu izan zela esan ohi du.
Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Eresoinka eta Segundo de Olaetak zuzentzen zuen Elai-Alai dantza taldeak desegin egin ziren. 1941ean Olaetak beste dantza talde bat sortu zuen Biarritzen seme-alabekin, errefusatu batzuekin eta herriko hainbat gazterekin. Oihanburu akordeoilari hasi zen taldean, eta gero dantzari aritu zen. 1944an, berriz, taldearen zuzendari artistiko lanak hartu zituen.
Etorki taldearen dantza errepetizioa Launey-ko gazteluan (Loira eskualdea). Filipe Oihanburu gidari. Barran, J.-L. Aranguren, Daniel Darrouzes eta Fito Ziordia.
Zaila izan zen, ordea, dantza talde profesional hura mantentzea, eta zenbait momentu gogor igaro zituzten, zorrez estalirik eta bizimodua ezin aterata dantzan. Une gorabeheratsu haietan irratian egin zuen lan Oihanburuk, FranceCulture eta Radio France Pays Basque irratietan. Hainbat liburu ere idatzi ditu dantzaz, euskal abizenez zein politikaz.
Bizi naizeno, dantzatuko dut bizitza
Lucia Barahonak, Oihanbururen bilobak, aitatxiren bizitza kontatzen duen dokumentala aurkeztu du aurten: Bizi naizeno, je danserai la vie. 2023ko ekainaren 25ean Biarritzeko Le Royal zinegelan egin zuten estreinaldia, hain justu, Oihanburuk 102 urte bete bezperan. Azken hilabeteetan hainbat txokotan ari dira proiektatzen. Crossroads Productions eta Kanaldudek aurkeztutako proiektua da, Barahonak zuzendua. Hamar urtez aritu da aitonaren irudiak hartzen.
Hemen duzue estreinaldi egunean Kanaldudek jaso zituen irudiak eta testigantzak:
Filipe Oihanbururi buruz
- Bidegileak: Filipe Oihaburu (Eneko Bidegain, 2007)
- Mintzoak, Felipe Oyhamburu (Xabaltx, 2008)
- Filipe Oihanburu: "Kritika oso onak erdietsi genituen, baina dirurik ez genuen ukan batere!" (2008)
-
Filipe Oihanburu bisitan (2009)
- Oroitzen naiz (2011)
-
France3 Txirrita: Filipe Oihanburu (2013)
- Paris irratia, 60garren hamarkada: Filipe Oihanburu eta Etxahun Iruri (2013)
- Filipe Oihanburu, euskal kulturaren enbaxadore (2015)
-
Oroitzen naiz: Jean Nesprias (84 urte), Philippe Oyhamburu (90) eta Koldo Zabala (75) dantzan (2011)
- Filipe Oihanburu: pertsonak eta anekdotak (2018)
- Filipe Oihanburu, mundua zeharkatu duen saltinbanki dotorea (2018)
- Filipe Oihanburuk 100 urte + Maritzulik eskainitako urtebetetze festaren bideoa. (2021)
- Oihanburu eta Urbeltz, euskal dantzaren bi eraberritzaile (2023)
Dokumentuaren akzioak
Oyhamburuk estetika zaintzen zuen eszenaratzearen ikusizko xehetasun guztietan: jantziak, makillajea, eszenografia eta argiztapena. Eta musika. Euskal dantzaren ezagutza zorrotza erakusten zuen eta dantzariengandik espresio plastiko zehatza ateratzea lortzen zuen. Ikuskizuna sentiberatasunez betea zegoen, erritmoetan trebea, umore, dantza dramatiko eta koru gozoekin. Ezohiko lidergo-gaitasuna zuen talde artistikoa zuzendu eta motibatzeko eta haren ikuspegia trasmititzeko. Baita gatazka saihestezinak konpontzeko ere, administrazioaren eta baliabide ekonomikoen kudeaketa gogaikarria ahaztu gabe, Etorki, farandulaz gain, lan elkartuko kooperatiba bat baitzen.
Philippe Oyhamburu, aitzindaria, bidegile, beti miretsia, errespetatua. Bere urratsak jarraituko ditugu batzen gaituen betiko biharamuneko sokadantza honetan.