Dokumentuaren akzioak
Filipe Oihanburu: "Kritika oso onak erdietsi genituen, baina dirurik ez genuen ukan batere!"
Asko bezala, erdi kasualitatez hasi zen Filipe Oihanburu dantzan, akordeoi-jolea behar zutelako Olaeta baletean. Erdi kasualitatez baina, ordurako "Baionako burgeskume eskuindarra" erabat murgilduta baitzegoen euskararen eta abertzaletasunaren munduan.
Parisen sortu zuen Segundo Olaetak bere baleta eta han zegoen Filipe Oihanburu: "Infernuko hauspoa jotzen nuen nik (kar kar). Nazien okupazioagatik Segundok Bilbora joan behar izan zuen, baina aurretik dantza ugari erakutsi zizkigun: Bizkaikoak, Gipuzkoakoak, Zuberoakoak, etab. Dantza-maisu gogorra zen, behar den bezalakoa! Ondoren egitura harekin Etorki sortu genuen eta zortzi urte egin genituen abentura hartan".
Plazatik antzokira
Dantzari itxura berria eman nahi izan zioten eta plazatik antzokira eraman. Estetika aldaketa zekarren horrek: "Lehen xedea zen Euskal Herria maitatzea, beraz erroei fidel izan behar gintzaizkien. Ondoren munduari erakutsi behar genizkion anitz tokitan genituen altxorrak, baina
antzokiari dagozkion legeak segituz. Mutxikoak Miarritzeko karriketan ikustea ondo da, baina taula gainean ez dute balio Bizkaiko, Gipuzkoako edo Zuberoakoek adina".
Oihanburuk etengabe aipatu zuen Eresoinka eredu gisa: "abesbatza paregabea zen. Pentsa: Luis Mariano bigarren tenorea zen. Parisen ikusi nuen lehen aldiz eta sormen lanerako hasierako pindarra eman zidan". Eresoinkaren eta Olaetaren bidetik ikasi zuten emanaldietarako dantzak eta kantuak aukeratzen, ahalik eta ikusgarrienak: "es folklore, es vasco, es bien. Ez! Hautatu egin behar da". Hautatu eta moztu ere bai: "Lizarrako gaiteroak eraman genituen Parisera eta Champs Elysées antzokian Larrain-dantza egitea nahi zuten, baina ezin dira hamaika minutu eman antzokian gauza bera egiten. Teatroak baditu bere legeak eta segitu behar genituen. Eguzkia Euskadin ederra da, baina antzokian bi proiektore erabili behar dira".
Tradizioa eta baleta
Tokiko eta tradizioko dantzez gain, baletak ere egin zituen Oihanburuk: "denetarik egin genuen. Orkestrarekin hasi ginen, bi orduz txistua gehiegi baita. Sarasetaren musika batekin 4+3=1 izenekoa egin genuen, non bizkaitarrak eta gipuzkoarrak haserretzen ziren, ondoren adiskidetu, etab. Irri egiteko istorioak ere egin genituen eta nire ikuskizun baterako musika lehen aldiz konposatu zuten Txipreko musikari batek eta Senprun zine-zuzendariaren anaiak Hiru mozkorrak ikusgarrirako. Berrikitan iparraldeko talde batek egin du lan hau, beraz ez naiz hila! (kar kar)".
Nolanahi ere, oholtza gaineko moldaketak gorabehera, tradizioa jarraitzen saiatzen ziren: "ezagutzen ditut oraingo euskal koreografoak: airean itzuli bat eman eta klasikokoak dirudite". Orduan aulkitik altxa eta jauzi indartsu bat eginda esan zuen, "erori behar da fuerte!". Arropekin antzeko gertatu zitzaigun, "buruan zapi zuria jantzi genuen, Iztuetak dioen bezala eta Piratas! Aragoneses! esaten ziguten, baina XVIII. mendean ez zegoen txapelik!".
Etorkirekin hogeita hamaika herrialdeetan egon ziren eta arrakasta handia izaten zuten, "baina amateurrak ginen eta beti ez zen posible taldea taxuz osatzea. Hogeita bost pertsona inguru aritzen ginen kantuan, dantzan, musika jotzen... denetarik egiten genuen, baita dekoratuak ere".
Egun batean pobre...
Puntu horretan gaurkotasun handiko kontu bat hartu zuen ahotan: "Etorkirekin Parisen kritika oso onak erdietsi genituen, baina dirurik ez genuen ukan batere. Lan egin dugu, baina inork ez digu lagundu. Zer erregimen da hori?". Beraz, esan liteke dantzan egindako ibilbideak izan duela
eraginik Filipe Oihanbururen joera politikoetan. Eskuinekoa izan zen lehenik, hamar urte pasa zituen partidu komunistan eta orain anarkistatzat du bere burua.
Oihanbururen ustez, "Iparraldean diogun gisan, ariz ikasi dut, ibiliz. Euskaldunok oldartzen gara kanpoko norbaitek zerbait esaten digunean, baina gure artean zenbat kritika! Mundutik ikasi behar dugu. Norberaren lekua ederra da, baina zoazte beste tokietara. New York izugarria iruditu zitzaidan, irekia. Italiarrak asko maite ditut, edertasuna maite dute eta beti daude alegera, baita Grezia ere, han bertako musika entzuten da nonahi. Ordea, Europako toki askotan, Frantzian, Ingalaterran edo Euskal Herrian, musika bera entzuten da tabernetan eta kafetegietan, takatakataka! Internazionalismo hori ez dut maite. Gauzak nahasi behar dira, baina berezitasuna atxiki".
Dokumentuaren akzioak