Dokumentuaren akzioak
Filipe Oihanburu 100 urte dantzan
Ehun urte beteko ditu hilaren 26an Filipe Oihanburuk (Argeles-Gazost, Biarno, 1921); eta urtebetetzearen bezperan Biarritzeko Urrezko Domina jasoko du euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… da Oihanburu, mende beteko bizitzak fruitu ugari eman dituela ez da zalantzarik.
Mundu osoan zehar ibili da dantzan euskal dantza nazioartean erakusten; hogeita hamar herrialdetik gora bisitatu ditu bere dantza taldeekin. Euskal dantzak munduari ezagutaraztea izan du helburu, eta profesionalki aritu da euskal dantzetan oinarritutako ikuskizunak atzerrian aurkezten. Segundo de Olaetarekin abiatu zen euskal dantzan. 1945etik 1953ra Oldarra taldean zuzendari artistiko izan zen eta 1953tik aurrera, 30 urtez, Etorki kantu eta dantza talde erdi-profesionalaren zuzendaria.
Olaeta, Oldarra, Etorki
Haurtzaroa Montevideon eta Parisen igaro zuen, baina udako oporrak Hendaian pasa ohi zituen familiarekin; 1939an Biarritzera joan ziren bizitzera, aita jubilatuta, haren etxera itzuli ziren. Garai hartan, hainbat euskal iheslari ezagutu zituen, eta harreman haien ondorioz abertzale bihurtu zen, baita euskara ikasten hasi ere. 1937an eta 1939an Eresoinkaren bi emanaldi ikusi zituen; Eusko Jaurlaritza erbesteratuaren ikusgarri hura bere bizitza artistikoan abiapuntu izan zela esan ohi du.
Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Eresoinka eta Segundo de Olaetak zuzentzen zuen Elai-Alai dantza taldeak desegin egin ziren. 1941ean Olaetak beste dantza talde bat sortu zuen Biarritzen seme-alabekin, errefusatu batzuekin eta herriko hainbat gazterekin. Oihanburu akordeoilari hasi zen taldean, eta gero dantzari aritu zen. 1944an, berriz, taldearen zuzendari artistiko lanak hartu zituen.
1945ean Olaeta balletari izena aldatzea erabaki eta Oldarra izena hartu zuen, eta Oihanburu aritu zen zuzendari. Munduko hainbat txokotan ibili ziren dantzan; besteak beste, Bordele, Paris, Hego Euskal Herria, Madril, Belgika, Danimarka, Suedia edota Venezian. Desadostasun politikoak zirela eta taldea zatitu egin zen, eta Oihanburuk utzi egin zuen 1953an.
Oihanbururekin batera alde egin zuten dantzari erdiek eta segituan Etorki taldea sortu zuen, 30 urteko ibilaldi oparoa izango zuen euskal dantzan eta balletean oinarritutako ikuskizunekin. Londres, Belgika, Alemania, Venezuela, Tunisia, Turkia, Grezia edota Sobietar Batasuneko oholtzak zapaldu zituzten.
Zaila izan zen, ordea, dantza talde profesional hura mantentzea, eta zenbait momentu gogor igaro zituzten, zorrez estalirik eta bizimodua ezin aterata dantzan. Une gorabeheratsu haietan irratian egin zuen lan Oihanburuk, FranceCulture eta Radio France Pays Basque irratietan. Hainbat liburu ere idatzi ditu dantzaz, euskal abizenez zein politikaz. Orain arteko urteei ederki jakin du zukua ateratzen, eta horretan dihardu, ez baita geldirik egotekoa Oihanburu. Mende beteko bizitza oparoa jasota gelditu dadin, bere memoriak idazten ari da azken urteetan.
- Bidegileak: Filipe Oihaburu (Eneko Bidegain, 2007)
- Mintzoak, Felipe Oyhamburu (Xabaltx, 2008)
-
Filipe Oihanburu, mundua zeharkatu duen saltinbanki dotorea (Dantzan, Puntapioa, 2018)
Dokumentuaren akzioak