Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Martinez, Mayor, Santa Coloma, Lezameta eta Uri Oste eskertuko ditu gaur BDBk

Dokumentuaren akzioak

Martinez, Mayor, Santa Coloma, Lezameta eta Uri Oste eskertuko ditu gaur BDBk

2020/12/04 12:00
Martinez, Mayor, Santa Coloma, Lezameta eta Uri Oste eskertuko ditu gaur BDBk

Jesus Mari Mayor Bilbao eta Ander Madariaga, 2004-02-26. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

IV. Dantza Tradizionalaren Esker Onak ekitaldia izango da gaur, eta Maria Rosario Martinez, Jesus Mayor, Ana Santa Coloma eta Pedro Lezameta dira aurtengo izendatuak. Esker Onak ekitaldiak dantza tradizionalarekin eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrarekin lotura duten norbanako eta taldeak balioan jartzen ditu, eta urtetako lana eskertzen die.

Gaur, abenduaren 4an, 19:00etan izango da ekitaldia Guggenheim Museoan. Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da:

BDBk, Deia egunkariarekin lankidetzen, euskal dantzaren inguruan modu isilean lanean aritu diren eta diharduten pertsona eta taldeak eskertu nahi ditu. Horrela, beraien lana balioan jartzea helburua. 2017an hasi zen BDB Esker Onak ekitaldia antolatzen. Hemen dituzue aurtengo izendatuak eta aitortu eta eskertuko zaizkien ekarpenak:

  • Maria Rosario Martinez “Txaro”, bere ibilbideagatik dantza tradizionalean, eta batez ere, Irutasun dantza taldean. Orain dela 54 urte sortu zuen taldea; bere etxean egiten zituzten entseguak hasieratan. Bilboko Olabeaga auzoko kaputxinoekin ikasi zuen dantzan, eta Altamira auzora iristean han ere dantza taldea martxan jarri behar zuela pentsatu zuen. Dantzarekiko maitasuna ondorengo belaunaldiei ere transmititu die: seme-alabak eta bilobak taldean dabiltza orain.

  • Jesus Mari Mayor, musika tradizionalaren arloan egindako lanari esker ona. Duela mende erdi baino gehiagotik Getxoko Itxas Argia dantza taldeko txistularia da. Aita dantzaria zuen eta bere ilusioa zen semeek txistua ikastea. Lucio Belaunieta Gorlizko udal txistularia izan zuen maisu Mayorrek.

  • Ana Santa Coloma, bere lanagatik janzkeren arloan. Jon Pertika senarra zuenarekin batera aritu da Beti Jai Alai dantza taldean lanean, ezkutuan. Dantzarientzako jantziak josi izan ditu. Ana eta Estibaliz alabak dantza taldean hasi zirenean hasi zen Santa Coloma jantziekin laguntzen. Arduradunak taldea utzi zuenean bera hasi zen lan horretan buru-belarri.

Ana Santacoloma
Ana Santa Coloma erdian, Beti Jai Alai dantza taldeko eta familiako kideekin.

  • Pedro Lezameta, “Peto”, bere lana eta konpromisoa erabateko euskal dantza tradizionala eta folklorearekin, baita bere borondatezko lan itzela Bizkaiko Dantzarien Biltzarra zein Euskal Dantzarien Biltzarrean. Edurre dantza taldean hasi zen dantzan 1957. urtean. Taldearen sorkuntzatik gaur arte dantzari eta euskal folkloreari lotuta lanean aritu da. Besteak beste, Euskal Herriko Dantza Agerketaren antolakuntzan.

  • Uri Oste” 60 urte eta gehiagoko ibilbideari esker ona, Euskal Herriko dantza tradizionalak plazaratzen. 1959ko abenduan egin zuen lehengo emanaldia Uri Oste dantza taldeak eta orfeoiak. Jose Ignacio Elorza, Juan Antonio Hernandez, Hilario Hernandez eta Casimiro Bordegara izan ziren taldearen bultzatzaileetakoak. Egun martxan dabilen Ortuellako elkarterik zaharrena da.

Uri Oste
Uri Oste dantza taldearen lehen emanaldia, 1959. Argazkia: Deia