Dokumentuaren akzioak
Dantza tradizionalaren bultzatzaile anonimoei esker ona
Hirurehun bat lagun elkartu dira abenduaren 4an ospatu den II. Dantza tradizionalaren Esker Onak galan; "jendetsua eta hunkigarria" izan dela azaldu digu Jon Gaminde Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko kideak. Begoña Arroio, Karmelo Barruetabeña, Zerutxu dantza taldea, Gerediaga elkartea, Ramon Garcia, 1978ko Dantzari Egunaren antolatzaileak, Bihotz Alai dantza taldea, Iñaki Irigoien, Felipe Amutxastegi eta Jose Javier Abasolo “Tiliño”omendu dituzte.
Aurten bigarrengo aldiz antolatu du ekitaldia BDBk, Deia egunkariaren eta BBKren laguntzaz. Aurreko urtean hasi ziren Esker Onak sariak banatzen Deiak egindako proposamenari bidea emanda. Dantza tradizionalaren inguruan lanean ibili ohi den jendea, gehienetan, isilean eta ezkutuan aritu ohi dela dio Gamindek, "anonimotasunean aritu den eta ari den jendeari eskerrak ematea da gure asmoa". Horrela, BDBk norbanako, talde zein erakundeak saritu ditu eta Deiak euskal dantzaren eta sarituen inguruko hainbat artikulu argitaratu ditu azken egunetan; "euskal dantzari ikusgarritasuna eman nahi diogu ekitaldiaren zein prentsaren bidez".
Aurtengo sarituak omentzeaz gain, aurreko urtean saritua izan zen eta aurten hil den Jon Pertika gogoratu nahi izan dute galaren hasieran. Ondoren, iritsi da aurtengo protagonisten txanda eta banan-banan igo dira oholtzara. Dantzek ere izan dute beraien tartetxoa, Iurretako dantzariek banango-zaharra, Zerutxu dantza taldeak Markina-Xemeingo ezpata-dantzaren zatitxo bat eta Bihotz Alai dantza taldeko neskek Deustuko aurreskuaren zatitxo bat dantzatu dituzte ekitaldian zehar. Bukaeran, omendutako dantza taldetako kideek jota eta porrua dantzatu dituzte.
Gamindek dio Esker Onak sariak beste hainbat urtetan banatzen jarraitzeko asmoa dutela, "asko dira oraindik saria merezi dutenak".
Dokumentuaren akzioak