Gregorio Urionaguena eta Pedro Maria Lezameta dantzari geldiezinak hil dira

2020/05/13
Gregorio Urionaguena eta Pedro Maria Lezameta dantzari geldiezinak hil dira

Maiatzaren 12ak bi dantzari bizkaitar nekaezin eraman ditu, Gregorio Urionaguena Aitxu (Abadiño, 1917) eta Pedro Maria Lezameta Peto (Basauri, 1945) hil dira.

Lezameta Edurre dantza taldean hasi zen dantzan 1957. urtean. Taldearen sorkuntzatik gaur arte dantzari eta euskal folkloreari lotuta lanean aritu da. Besteak beste, Euskal Herriko Dantza Agerketaren antolakuntzan. Dantzatzeari ez diola utzi esan daiteke, duela 3 urte, 72 urterekin Edurre taldearen 60. urteurrenean ere dantzatu zuen.

Durangaldeko aurreskulari ezaguna

Gregorio Urionaguena. Argazkia: Iban Gorriti

Urionaguenak pasioz bizi izan du dantza. Aurreskulari ezaguna izan da Abadiñon, Durangon eta inguruetan. Jaioterriko Salbadore auzoan dantzatu zuen lehenengo aldiz sei urte zituela eta ordutik ahal izan duen guztietan hurbildu izan da auzoko jaietara aurreskua dantzatzera. Adinean aurrera eginda utzi zion dantzatzeari; 103 urte beteta hil da.