Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Telmo Esnalen "Dantza" filma zinema-aretoetara iritsi da

Dokumentuaren akzioak

Telmo Esnalen "Dantza" filma zinema-aretoetara iritsi da

2018/12/20 08:25
Telmo Esnalen "Dantza" filma zinema-aretoetara iritsi da

Dantza (2018). Zuzendaria: Telmo Esnal. Argazki zuzendaria: Javier Aguirre.

Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean lehiaketatik kanpo aurkeztu ondoren, abenduaren 21ean, ostiralean iritsiko da Dantza filma zinema-areto komertzialetara. Aste honetan zehar egin dituzte zenbait aurre-estreinaldi, Iruñean, Madrilen eta Bilbon, promozio gisa. Juan Antonio Urbeltzen koreografiekin eta sinboloen interpretazioekin Telmo Esnalek 2017an zehar grabatutako filma da Dantza. Dantzaren bidez, euskal dantza tradizionala hizkuntza nagusi moduan eraebiliz, ahozko elkarrizketarik gabe, istorio bat kontatzen du filmak.

Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean estreinatuko da, eta Euskal Herritik kanpo Madrilen eta Bartzelonan, 2017ko Zinemaldian jasotako Glocal in Progress sariaren bermearekin. 

Dantza filma. Irudia: Txintxua films

Guztira 200 dantzaritik gora aritu dira Argiako dantza-maisuen gidaritza koreografikoarekin, gehienbat lokalizazio naturaletan grabatutako eszenetan. Ezkio-Itsaso (Igartubeiti baserria), Arantzazu, Hendaia, Beltxite (Aragoi), Leitza, Zerain, Bardeak eta Zarautz izan dira Dantza-ren eszenak grabatu diren herriak, eta estudioan, efektu digitalak jartzeko, grabatu dira zenbait atal.

Dantza filma. Irudia: Txintxua films

Dantzarako musika tradizionala oinarri, Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek Argiaren ikuskizunetarako moldatutako eta sortutako piezen gainean konposatu du Pascal Gaignek filmeko musika, eta jantziak diseinatzeaz arduratu da Koldobika Jauregi eskulturgilea, proiektuaren hirugarren sormen-hanka.

Hain zuzen, Juan Antonio Urbeltzen eta Marian Arregiren ikerketa eta sormen lanaren fruitu izan diren Argiak ikuskizunetako hainbat koreografia eta dantza-sistema dira ahozko hitzik ez duen filmaren istorioa narratzeko elementuak. Urbeltzek sarritan esan izan duen moduan, "mugimenduan dauden sinboloak" baitira dantzak, eta horietako batzuk jarri ditu eszenan Dantza-

Fitxa Teknikoa

  • Gidoia eta zuzendaritza: Telmo Esnal
  • Produkzio diseinatzailea:Koldobika Jauregi
  • Koreografoa: Jose Antonio Urbeltz
  • Ekoizlea: Marian Fernandez Pascal
  • Argazki zuzendaria: Javier Agirre Erauso
  • Muntaia: Laurent Dufreche
  • Musika: Pascal Gaigne, Mikel Urbetz eta Marian Arregi
  • Soinua: Alazne Ameztoy eta Xanti Salvador
  • Jantziak: Arantxa Ezquerro
  • Makillajea: Lola Lopez
  • Ile-apainketa: Itziar Arrieta
  • Dantzari-protagonistak: Ainara Ranera, Gari Otamendi, Amaia Irigoien, Joseba Astarbe, Josu Garate.
  • Dantza-taldeak: Argia, Arkaitz, Duguna, Astigar, Gure-Kai, Elai Alai, Urki, Haritz, Kezka, Maritzuli, Aurtzaka, Iratzarri, Goizaldi, Indarra, Orbeldi eta Erketz besteak beste.

Sinopsia

Ekaitza lehertu da landako lan egun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa.

Bizitzaren zikloari buruzko istorio bat, bizirik irauteko borrokarena. Horretan, denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du. Eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza. Musikak eguneroko zereginei lagunduko die. Bizitza erritmoa da!

Gai unibertsalak, hemen sinbologia berezi batez jantziak. Dantza tradizionalen unibertso hipnotikoari dagokiona. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Izatearen mirariari buruzko kontaketa bat.

Aurrerapena