Dokumentuaren akzioak
"Dantza" Donostiako Zinemaldiko hogei euskal produkzioen artean
Juan Antonio Urbeltzekin eta Telmo Esnalekin batera "Dantza" filmeko hainbat partaide izan dira aurkezpenean. Argazkia: Paola Moto - Txintxua Films produkzio-etxea
Gaur aurkeztu dituzte aurtengo Donostiako Zinemaldian izango diren euskal produkzioak, eta horien artean izango da Telmo Esnalen Dantza filma. Joan den uztailean jakinarazi moduan, sail ofizialean emango dute zuzendari zarauztarrak Juan Antonio Urbeltzen koreografiekin eta euskal dantzaren inguruan garatu duen mundu sinbolikoarekin dantzaren bidez, elkarrizketarik eta hitzik gabe, istorio bat kontatzen duen lana. Aurkezpenean izan dira Telmo Esnal zuzendaria, Juan Antonio Urbeltz, Marian Fernandez Txintxua ekoiztetxeko arduraduna, eta filmean parte hartu duten zenbait dantzari eta musikari. Jantziez eta dekoratuez arduratu den Koldobika Jauregi, proiektuko hirugarren sormen-oinarria, ezin izan da egon.
2014an abian jarritako proiektua da Dantza, eta irailaren 24an estreinatuko dute Victoria Eugenia antzokian. Euskal Herriko hainbat tokitan eta Aragoin grabatu zituzten filmeko eszena gehienak 2017 urtean zehar Argia, Arkaitz, Duguna, Astigar, Gure-Kai, Elai Alai, Urki, Haritz, Kezka, Maritzuli, Aurtzaka, Iratzarri, Goizaldi, Indarra, Orbeldi edota Erketz taldeko kideek. Guztira, 200 dantzaritik gora aritu dira dantzan Dantzan.
Dokumentuaren akzioak