Dokumentuaren akzioak
Telmo Esnalen "Dantza" pelikula Donostiako Zinemaldiaren Sekzio ofizialean aurkeztuko da
Sekzio ofizialean baina lehiaketatik kanpo aurkeztuko da Telmo Esnalen Dantza filma Zinemaldian. Zine akademiak, Madrilen, jakinarazi berri du Donostiako zinemaldirako hautatutako filmen zerrenda. Tartean da, Telmo Esnal zinemagileak, Koldobika Jauregi artista plastikoarekin eta Juan Antonio Urbeltz folklore ikertzailearekin elkarlanean sortu duen lana.
Pozez hartu du albistea Dantza filmaren lan taldeak, "Izugarria da hor egotea, Zimemaldiko foko mediatikoa sail ofizialean egoten da, sail nagusia da eta gu hor egongo gara. Oihartzuna izango du filmak, gure lanaren errekonozimendua da, onenen artean egongo gara", azaldu digu Marian Fernandezek, Txintxua filmseko produktoreak.
Dantzen bidez istorioak kontatzea du helburu Esnalen azken lanak. Juan Antonio Urbeltzek euskal dantzarekin landutako mundu sinbolikoa du oinarri pelikulak. Koldobika Jauregi artista plastikoa arduratu da jantzi eta atrezzoen diseinuaz eta estetikaz eta Javi Agirre da filmeko argazki zuzendaria. Euskal Herri osoko 200 euskal dantzari inguruk parte hartu dute filmaren grabazioan, Argia, Arkaitz, Duguna, Astigar, Gure-Kai, Elai Alai, Urki, Haritz, Kezka, Maritzuli, Aurtzaka, Iratzarri, Goizaldi, Indarra, Orbeldi, Erketz... taldeetako dantzariak dira protagonistak. Hendaian, Leitzan, Zarautzen, Ezkio-Itsason, Diman, Oñatin, Abadiñon... grabatu dira eszenak.
Bigarrenez zinemaldian
Aurtengo zinemaldian aurkeztuko da Dantza filma osorik eta ikusle guztientzat, baina aurreko urtean ere zinemaldian izan zen pelikularen zati bat sektoreko profesionalen aurrean, Glocal in progress sailean. Zinemaldiaren barruan "Zinema eraikitzen" saila dago, koprodukzio bila dauden bukatu gabeko filmei zuzendutako saila da. Iaz, hizkuntza ez hegemonikoentzat bideratutako antzeko saila ere antolatu zen, Dantza filma hor aurkeztu zen eta saria lortu zuen. Errekonozimenduaz gain, post-produkzioa bukatzeko laguntza jaso zuen.
2014ko otsailean ekin zioten grabaketa lanei eta 2018ko otsailean amaitu dituzte. Dantzari amateurrekin aritu dira lanean eta errodajeak asteburuetan eta oporretan egin direnez ohi baino luzeago jo du grabaketak, "film bakoitzak bere beharrak izaten ditu, erronka izan da gurea, lan berezia izan da. Luzaroan aritu gara, baina horixe zen eskatzen zuen denbora, hala behar zuen". Azkenik, aurtengo irailean, Donostiako Zinemaldiko sail nagusian aurkeztuko da Dantza filma. Areto komertzialetara urte bukaeran iritsiko dela aurreikusten da.
Dokumentuaren akzioak