Dokumentuaren akzioak
Dantza berriak Cabanillaseko paloteadoa berpizteko

Cabanillas-en inguruko beste zenbait herritan (Tutera, Fustiñana, Ribaforada, Murchante...) Dance edo paloteadoak egiten dira edo egin izan dira, eta ikertzaileek Cabanillas-en bertan egin izan ziren dance-en inguruko zenbait informazio jasoak eta argitaratuak zituzten. Horiek aintzat hartuta ekin diote Tresmontes elkarteko kideek Cabanillas-eko paloteadoa berzpiteko lanei.
Datu historikoak
Ortzadar elkarteak 1977 eta 1978 bitartean egindako landa-lanaren testuinguruan, Erriberako dance edo paloteadoen inguruko artikulua argitaratu zuen Mikel Aranburu Urtasunek 1986an. Cabanillas-i dagokionez, Ortzadarreko kideak Julio Mateo eta Rosa Cervera senar-emazteak elkarrizketatu zituzten. Gazte zirela, 1900 inguruan paloteadoak ikusi izana gogoratzen zuten, baina azken paloteadoa Cabanillas-en Ribaforadako dantzariek egin zutela gogoratzen zuten.
Francisco Sierra herriko historialariak bildutako dokumentazioaren arabera, XIX. mendean paloteadoak ospatzen ziren Cabanillas-en. San Anton egunez, abuztuan San Roke egunez eta irailean egiten ziren festetan egiten omen ziren. Adibidez, aipatzen du 1867an, Udalak 80 erreal ordaindu zizkiola Marcelino Jimeno-ri, San Roke egunez sari moduan Udalak dantzariei emandako zikiroaren ordainez. Bestalde, 1872an, Melchor Garcia gaitariari eskatu zitzaiola San Roke festan gaita jotzera etortzeko, ordurarte gazteei paloteadoa erakusten ziena [gaitaria, pentsatzen dugu] hil baitzen. Francisco Sierrak XIX. mende bukaeran paloteadoetan errezitatu izan ziren hainbat bertso jaso eta argitaratu zituen Algunos apuntes sobre el folklore de Cabanillas bere ikerketa lanean.
Jantziak
Bai 1870ean eta bai 1890ean Cabanillaseko dance-an erabilitako jantzien deskribapenak eskaini zituen Francisco Sierrak bere lanean. Jose Maria Jimeno Juriok berriz bere ikerketanTrinidad Sierrarengan eraman zuten, eta honek bere aitona Jose Rodriguez-ek paloteadoan erabilitako zetazko galtzamotzak gordeta zituen oraindik. Dokumentu horiek oinarri hartuta berregin dute Cabanillas-eko paloteadorako dantzarien jantzia: txaleko eta praka beltzak, eta gonatxo berdea jantziko dituzte, zapia buruan dutela.
Musika eta dantzak
Cabanillas-eko paloteadoaren berregite lanei heldu zien orain urtebete pasa Tresmontes elkarteak, eta poliki-poliki atalak osatzen joan dira. Jabi Perez de Obanos, Tuterako gaitariak prestatu du musika. Erriberako paloteadoen aireekin batera, Pirino aldeko doinuen aztarnak jasotzea proposatu diote, Bardeetako abelbidearen bidez Erribera eta Pirinoa artean harreman handia izan baita mendeetan zehar. Dantzak berriz, Laya kultura elkarteko Iñigo Castellano eta Patxi Labordak prestatu dituzte. Castellano eta Laborda dantza eskolak ematen aritu ziren hainbat urtez Cabanillas-en, Laya elkartearen izenean.
Tresmontes elkarteak akuilatuta hainbat herritar bildu dira paloteadoa osatzeko lanetara, eta haien artean banatu dituzte pertsonaiak eta dantzari lanak. Gehienak aurretik dantzan aritu gabeak dira, eta gogor ari dira lanean dantzak ikasten. Patxi Labordak esan digunez, egingo diren dantzak honakoak dira:
- Paseoa
- Cortesias
- Makila-dantza (biko erritmoan)
- Makila-dantza (hiruko erritmoan)
- Arku-dantza (mazurka)
- Trenzadoa (zinta-dantza)
- Giza-dorrea.

Aipatzekoa da, paloteatzaileen janzkeran eta dantzetan ez dela genero bereizgarririk izango. Layako dantza-maisuek egindako proposamena gogo onez hartu zuten Cabanillas-eko herritarrek, eta beraz, paloteatzaileak izango dira, 22 dantzari tartean, Cabanillaseko paloteatzaileak, neska ala mutil diren bereizteko premiarik gabe. Horrez gain, Patxi Labordak kontatu digunez, paloteadoetan ohikoak izaten dira bi zati, "bat komikoa (los dichos) eta beste bar erlijiosoa (pastorada)", eta beraien proposamena izan da, "aurten egitura hori mantentzea, aurreko paloteadoekin lotura" egiteko, baina aurrera begira, "paloteado laiko bat egitea proposatu" dute.

Cabanillas-eko paloteadoari buruzko dokumentazioa:
Dokumentuaren akzioak
