Dokumentuaren akzioak
Aramendia dantzari-gozogileek aro gozoena itxi dute
Aramendia-Landatarrak, Iurretako dantzariak eta Aitor Huarte txistularia Aramendia gozotegiaren itxiera festan, Zangoza, 2022-02-06.
Zangozako Aramendia gozotegiak ateak itxi ditu 124 urtez gozogintzan jardun ondoren. Aramandiatarrek dantzarekiko duten pasioa kontuan hartuta, dantzarik ez da falta izan halako egun seinalatuan. Izan ere, Juan Pedro Aramendia eta Ana Landa, eta Iker eta Argia Aramendia seme-alabak Aramendia gozotegiarekin lotutako belaunaldiak izan dira, eta baita dantzaren munduarekin Zangozako Rocamador dantza taldearen bidez.
Zangozako pastelero dantzariak
Dantzaren munduan "Zangozako pasteleroa" moduan ezagutzen den Juan Pedrok euskal dantzarekin duen maitasuna zabaldu du bai familian, bai Zangozan, bai Euskal Herri osoan ere gozogintzarekin batera. Gozogintzatik jubilatu zen, baina "gurpildun aulkian ere ikusten dut nire burua dantzan" esan zion behin Aritz Ibañezi Dantzan-erako egindako elkarrizketan. Izan ere, beste behin Berrian Iker Tubiari eskainitako elkarrizketa aitortu zuenez, "Gozogintza izan dut bizibide, baina dantzari emana bizi izan naiz".
Hauxe da despedidea
Otsailaren 6an, gozotegia ixteko eta aro oso bat bukatzeko unean ere dantza izan dute lagun Aramendia-Landatarrek. Zangozako eta beraien bihotzeko Rocamador dantza taldeko dantzariez gain Iurretako dantzariak eta Iruñeko txistulariak ere batu zaizkie. Juan Pedro eta Iker gozogile jantzi dira okasiorako eta dantzaz gozatuz eta senide eta lagunekin partekatu dute Aramendia gozotegiaren azken festa.
Dokumentuaren akzioak