Dokumentuaren akzioak
Juan Pedro Aramendia: "Dantza plazerra denean, bizi daitekeen plazerik handienetakoa da hori"
Noiz hasi zinen dantzan?
Nafarroako Zudaire herrian egiten zituzten udalekuetan hasi nintzen dantza ikasten, haurra nintzela. 11 urte nituen. Azken egunerako ikuskizun bat prestatu genuen gurasoek ikus zezaten, baina zigortu egin ninduten eta ez nuen dantzarik egin. Iruñeko apaiztegian ikasi nuenean ere hartu nituen dantza eskolak, baina hasi eta bi urtera alde egin nuen. Oso gutxi ikasi nuen bertan. Ondoren, Zangozako Zirkulu Karlistan eta “Sección Femenina” erakundeko maistra batekin ikasi nuen. Orduan hasi nintzen serioago dantzan, hamabost bat urterekin.
Rocamador taldea duela 35 urte sortu zen, baina nola?
Hasieran mandatuak egiten zizkidaten. Apaiza etortzen zitzaidan eta egun zehatz baterako taldetxo bat prestatzeko eskatzen zidan. Horrela ibili nintzen bost urtean edo, urte bakoitzean
taldetxo bat prestatuz. Baina soldaduskara joan behar izan nuen. 22 urterekin bueltatu eta Olentzero egunean konturatu nintzen bazela dantzan zekien taldetxo bat. Gabonen ondoren bildu eta orduan sortu genuen gerora Rocamador deituko zen taldea. Nire asmoa ez dantzatzea zen, taldea zuzentzea bakarrik. 22 urte nituen eta oso nagusia omen nintzen, baina lehenengo emanaldiaren ondotik dantzatzeari ekin genion, gazteendako erreferentzia izan nahian.
Rocamador izena zergatik?
Taldeari izena jarri behar genion. Izen ezberdinak proposatu genituen: Eusko-lore, Egunsenti, Lora-barri,... baina niri ez zitzaizkidan egoki iruditu, horrelako mila baitzeuden hainbat herritan. Zangotzarekin lotuko gintuen izen bat behar genuela uste nuen eta nik Rocamador bota nuen (Zangozako Ama birjina baten izena). Kritikatu ninduten euskerazko izenik proposatu ez nuelako eta gainera Rocamador erromantzez (c-z) idaztea nahi nuelako. Baina helburua lortu genuen.
Zer dantzatzen zenuten hasiera haietan?
Ez genuen teknika handirik, baina gogorik ez zen falta. Gogoan ditudan dantzak txakarrankua, zahagi-dantza, Iribasko ingurutxoa, Jaurrieta, arin-arina eta Zangozako jota zaharra dira. Garai hartako dantza eredua guztiz Sabinianoa zen, euskal dantzak banango, binango eta launango ziren eta hori dantzatzen ez zuena ez zen euskalduna. Hartara banango, binango eta launango-rekin saiakeraren bat ere egin genuen. Gure asmoa xurgatu genezakeen guztia ikastea zen. Hasieratik izan genuen interes berezia gertuko dantzekiko eta hala Erronkariko ttun-ttuna ikasi genuen Maxi Aranburu-ren eskutik..
Izan ere, Zangozako merinaldeko dantzetan espezializatutako taldea da Rocamador.
Konturatu nintzen gorputza asko landu ezean, ezinezkoa zela zenbait dantza ongi egitea. Gainontzekoengandik bereiztuko gintuen errepertorio baten bila hasi ginen eta merinaldea hartu
genuen jo muga: Erronkariko ttun-ttuna, Urbeltzek Jaurrietako axuri-beltza erakutsi zigun, Zangozako jota zaharra, Luzaideko dantzak, Otsagabiakoak,... baina errepertorio motza zen. Garai hartan dagoeneko arin-arin bat sortu genuen “Aldaketa” deitu genuena eta hura ere errepertorioan sartu genuen. Gero txisturako partitura batzuk eman zizkidaten Buenventura Iñiguez, Zangozako konpositorearenak. Horietan oinarrituz “Cantarico” delako dantza sortu genuen eta ondoren ingurutxoa eta beste hainbat.
Argazkia: Marian Zozaya
Dantza berri mordoa sortu duzue.
Ingurutxoa sortu ondoren lotsa galdu nuen eta herrirako dantzak sortzeari ekin genion. Zangozako txistularien laguntzaz, polkak, zinta-dantzak, jotak,... sortu ditugu. Zangozan sortutako 18 dantza ditugu egun, ordu eta laurden-eko emanaldia egiteko aski. Gainontzeko dantzak ere noizbait ere sortuko ziren. Aipatutako Cantaricoak 30 urte bete ditu aurten eta sustraiturik dago. Dantza bereizgarriak dira eta gainera inork ezin dizu ongi edo gaizki egiten duzunik esan.
Corpus egunerako dantzak ere sortu zenituzten duela 8 urte.
Aspaldi Nafarroako Gobernuak herri kulturari buruzko liburuxka batzuk karrikaratu zituen. Zangozari eskainitako batean, Jose Maria Jimeno Juriok Corpus-eko prozesioak deskribatzen zituen eta dantzariak aipatzen. Zangozako Corpus dantzak berreskuratzen tematu nintzen orduan. Juan Antonio Urbeltz-i laguntza eskatu genion baina lanpetuta zebilen garai hartan eta azkenik gure kabuz sortu genituen dantzak. Iruñeko Pedro Romeori laguntza eskatu eta hala sortu genituen Zangozako Corpus dantzak.
Zangoza-ko jotari ere bultzada eman zenioten.
Nik beti ezagutu dut Zangozako soroan egiten den jota zaharra. Lehen, herriko musika banda sorora igotzen zen eta herri guztia haren atzetik. Bi ordu inguruko dantzaldia izaten zen, bukaeran jota egiten zen eta ondoren sorotik herrirako jaitsiera egiten genuen musika bandarekin berriz. Ohiturak aldatzen doaz eta duela 12 bat urte galtzekotan izan zen, jendeak ez baitzuen dantzatzen. Gainera hona ere Lizarrako Larraindantza dantzatzeko ohitura heldu zen eta jota baztertua geratu zen. Udalekoekin hitzegin eta eskatu genien jota zaharra izan zedin musikariek jotzen zuten azken pieza. Zorionez, orain jendeak berriz dantzatzen du Zagozako jota zaharra.
35 urte joan dira Rocamador sortu zenutenetik. Imajinatu muino baten tontorrean zaudela eta atzeraka begira jartzen zara. Zer ikusten duzu?
Duela gutxi 35. urteurrena ospatzeko jaialdia egin genuen eta oraindik ere jendeak zorionak ematen dizkigu, oso ongi atera baitzen dena. Urteurrenaren kontuarekin jendea berotu egin da eta akaso hau da etorkizunaren hasiera.
Urte hauek guztiak orain-aldian bizi izan ditugu eta neketsuak izan dira. Baina lortu dugu Zangozako jendeak gu naturaltasunez hartzea, taldea onartzea, dantzak ezagutzen dituzte,...
Eta tontorretik aurrekaldera begiratu ezkero?
Galdutako belaunaldi bat izan dugu. Duela 15 urte halako dantzari-jarioa hasi ginen pairatzen, gazteak ikastera joan zirelako kanpora, ezkondu zirelako, zahartuz joan direlako... eta ordezkorik ez da izan. Oso gogorra izan da hori taldearendako. Orain haurren eskola dugu, baina lehenengo belaunaldiak ere huts egin zuen. 70 haur inguru ditugu eskolan eta ez dute behin ere hutsik egiten. Etorkizun ona dugula pentsatu nahi dut.
Argazkia: Marian Zozaya
Eta zu, noiz arte dantzan?
Gurpildun aulkian ere ikusten dut nire buruan dantzan. Baina ardurarekin nekatuta nago apur bat. Nahiko nuke taldetxo bat sortzea arropaz, diru-kontuez, entseguez arduratzeko. Seme koxkorrak dituzten dantzari ohiak hurbiltzen hasi dira berriz eta horiekin 2 urtez-edo eutsi ezkero, eskolako gaztetxoak nagusien talderako prest daunenean, lasai eseri ahalko naiz atseden hartzera. Jubilatu, lanetik jubilatuko nintzateke. Dantza plazerra denean, bizi daitekeen plazerik handienetakoa da hori.
Dokumentuaren akzioak