Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Bidasoaldeko X. Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdia
2006ko Uztailaren 20etik 25era burutuko da Eraiki Dantza Taldeak antolatzen duen gazteen folklore jaialdia. Serbia, Sri Lanka, Georgia, Errusia eta Ibizako taldeek parte hartuko dute Euskal Herrikoekin batera. Irun, Zarautz, Lesaka, Etxalar, Zumaia eta Bera-ra iritsiko da aurtengo Bidasoaldeko gazteen folklore jaialdia.
Pirmin Treku hil da
Gaur goizean eman du azken hatsa Pirmin Trekuk, Royal Ballet-eko dantzari izan zen zarauztarrak. Umetan, gerra zibiletik ihesi iritsi zen Ingalaterrara eta Ninette de Valois-en eskutik baletean trebatuta Wells Ballet-era (gaur egun Londres-eko Royal Ballet dena) iritsi eta dantzari printzipala izan zen bertan. Portugalen 40 urtez bizi izan zen eta hamaika dantzari bikain sortu da Porton zuen eskolatik. Orain 3 urte itzuli zen Pirmin Treku bere jaioterrira, Zarautzera eta bertan hil da 76 urte zituela.
Festa berrien inguruko jardunaldiak
Eusko Ikaskuntzako Folklore Sailak “Festa berriak. Antzinako Folklorea eta Gaur egungo Ekintzak” izeneko jardunaldiak antolatu ditu Donostian datorren 2006ko urriaren 21erako. Festa ekitaldiak berreskuratze eta berritzeari eta beste batzuk sortzeko ahaleginak aztertuko dira jardunaldi horietan.
Dantz'Hadi 2006 Basusarrin
Bihar, uztailaren 12an, abiatuko da Basusarrin Xirimola elkarteak antolatutako Dantz'Hadi 2006 dantza tradizionalen jaialdia. Euskal dantzen ikastaroak izango dira goizetan Agnes eta Patxi Perez-en eskutik, eta bazkalostean dantzaldiak. Bi gauetan ere dantzaldiak izango dira Basusarriko plazan.
Algortako Iñaki Deuna VI. Jota txapelketa
Aurten ere, urtero bezala, Algortako Iñaki Deuna VI. Jota txapelketa ospatuko da Tellagorri plazan uztailaren 28an arratsaldeko 20:00etan. Hamasei urte baino gehiago dituzten bikoteek parte har dezakete txapelketan, eta trikitixaren doinura fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko dute bikote guztiek.
Portugaleteko XXXII. Folklore Jaialdia
Datorren uztailaren 21ean abiatuko da Portugaleteko eta Euskal Herriko Nazioarteko XXXII. Folklore Jaialdia. Orenburgo, Kamchatka, Kroazia, Argentina, Vietnam, Txile, Togo eta Portugal-eko folklore taldeek parte hartuko dute Euskal Herriko hainbat txokotara iritsiko den jaialdian.
Tenerifen, hondartza eta dantza artean
San Joan eta San Pedro jaietako opor egunak aprobetxatu eta Tenerifera joan zara. Hondartza eta eguzkiz bapo eginda barrualdeko herriak bisitatzen tentazioa izanez gero harribitxiak aurkitzeko arriskua duzu. Tenerifen hondartza eta eguzkia ziurtatuta daude, baina gune turistiko handien ondoan tradiziozko dantza eder eta interesgarriak aurki daitezke. San Pedroak ospatu berri dituzte Güímar-en, merezi du hango argazkiak ikustea.
Gauargi: hamar urtez munduan gaindi
Ezpeletako Gauargi jaialdiak 10. ekitaldia egingo du aurten. Umeen nazioarteko dantza jaialdia da Gauargi, eta dagoeneko prest dute uztailaren 12tik 17ra burutuko den jaialdiaren egitaraua. Georgia, Sri Lanka, Hego Korea, Serbia, Ukraina eta Kamtchatka herrialdeak ordezkatuko dituzten dantza taldeak arituko dira Euskal Herrikoekin batera.
XXI. mendean atondu
"Atondu, XXI .menderako proposamena" izenburuko liburua aurkeztu da gaur Donostian. Tradiziozko euskal jantziei buruzko liburua da Ane Albisuk egin duena. Baina janzte hutsetik haratago, tradiziozko euskal jantziak prestatzeari edo atontzeari ematen zaio garrantzia lan honetan.
Besta Berri eta Gorputz eguneko dantzak
Gorputz eguna da gaur, nahiko berandu dator aurten eta ia San Joanekin elkartu dira Besta Berriren ospakizunak. Garai batean urteko jai handienetakoa izaten zen Corpus Christi izenekoa, eta hainbat dantza egin ohi ziren jai horretan. Euskal Herrian zenbait tokitan egiten dira dantza gaur egun ere Gorputz egunaren bueltan, baina hori bai, orain Gorputz egunaren ondoko igandean izaten dira ospakizun handienak.
Dokumentuaren akzioak