Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Dantza Donostiako udazkenean
Thomas Noone, Kresala eta Antzart dantza taldeak, Momix, Ballet Biarritz edo Lucia Lakarra dira Donostian urrian, azaroan eta abenduan ikusi ahal izango diren dantza emanaldiak. Victoria Eugenian, Gasteszena eta Antzoki Zaharrak hartuko dituzte udazkeneko dantza ikuskizunak Donostian.
Sorkuntza prozesuak bultzatzeko jaio da Dantzan Bilaka
Dantza garaikidea bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila martxan jarri duen ekimen berria da Dantzan Bilaka. Koreografien erakusketak 10 urte bete ondoren, haren lekukoa jaso du Dantzan Bilakak. Tailerrak, gogoetarako guneak eta jendaurreko erakusketak biltzen dira ekimen honetan.
Izar Bide, Paueko euskal dantzarien ikusgarria
2007ko azaroaren 16an aurkeztuko da Pauen bertako euskal dantzariek prestatu duten ikuskizuna: Izar Bide, L'odyssée basque. Pau hiriko Lagunt eta Maita dantza taldeek Zenith antzokian aurkeztuko dute euskal dantzetan oinarritutako ikusgarria. Euskal diaspora zabala bizi da Pauen, 1000 familia euskaldun bizi dira bertan, eta komunitate horren lanaren emaitza da ikusgarri hau.
"Folklorea ikus-entzunezkoetan" aztertuko da Bilbon
Eusko Ikaskuntzako Folklore Sailak antolatutako jardunaldiak urriaren 20an burutuko dira. Folklore mundua argazki, zine eta bideo kameren objektiboekin islatu duten hainbat ikertzaile eta sortzaile garrantzitsuk parte hartuko dute jardunaldietan. Pío Caro Baroja, Koldo San Sebastián, Maria Ángeles Sánchez edo Santiago Yañiz dira besteak beste jardunaldietan beren aurkezpenak egingo dituztenak.
Dantza tradizionalak San Migeletan
Asteburuan ospatuko dira San Migel jaiak, larunbatean baita irailak 29, San Migel eguna. Hainbat dantza tradizio interesgarri ikusi ahal izaten dira San Migel egunaren inguruan: Ezpata-dantza Markina-Xemein-en, dantzari-dantza eta erregelak Iurretan, Paloteadoa Cortes-en eta soka-dantza Iruran besteak beste. Hona gida labur bat:
Kolonbian dabiltza dantzan Aurtzakako dantzariak
Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko dantzari eta musikariak Kolonbian daude egunotan, bertako hainbat hiritan emanaldiak eskaintzen. Pasa den igandean Zipaquiráko katedralaren auditorioan emanaldia eskaini zuten eta datozen egunotan Chia, Funza, Bogotá, Ubala eta Gamma bisitatuko dituzte.
Dantzari Eguna ospatuko da Gasteizen irailaren 30ean
Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta, Euskal Herriko Dantzari Eguna Gasteizen ospatuko da 2007ko irailaren 30ean. Gasteizko Judimendi inguruetan egingo dira Dantzari Eguneko ekitaldi nagusiak.
Dantza hirian 07 Donostia, Irun, Hendaia eta Baionan
Irailaren 12tik 22ra burutuko da Euskal Eurohirian (Donostiatik Baionara bitarteko eskualde horretan) Dantza Hirian 07 ekimena. Dantza garaikidea kaleratu eta jendearengana hurbiltzeko ekimena da Dantza Hirian eta Europako "Dantzatzen diren hiriak" egitarau zabalaren baitan kokatzen da.
Igartzako dantzak aurkeztuko dira igandean Beasainen
Aurtzaka dantza taldeak sustatuta, Beasaingo Igartzaren inguruan burutuko den dantza ekitaldi berezi bat jarriko da abian igandean, irailaren 9an. Igartzako eraikinak zaharberritzeko egiten ari diren lanekin bat eginez, dantza erritual bat berreraikitzen hasiko dira asteburuan.
Andra Mari taldearen egitaraua Galdakaoko jaietan
Irailaren 7tik 16ra ospatuko dira aurtengo Galdakaoko jaiak eta urtero legez Andra Mari taldeak hainbat ekitaldi gauzatuko dauz. Hemen joatzue Andra Marik antolatutako ekitaldien zerrenda:
Dokumentuaren akzioak