Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Mairuak eta kristauak Lesakan
Lesakako Mairu eta Kristauen festa azkenekoz egin zenetik 130 urte inguru igaro dira . Garai batean jaia San Juan inguruan ospatzen bazen ere, gaur egun, inauterietarako berreskuratu dute. Joan den larunbatean, 2011ko otsailaren 26an, karrikaratu ziren lehenengoz Tantirumairu dantza taldeak antolatuta "mairu eta kristauak", ohitura zahar hau, berriro ere, herrian sustraitu nahian.
Anhauzeko inauteria laugarren aldiz ospatu da
2008. urtean hasi ziren Anhauzen inauteri berri bat ospatzen. Laugarren urtea da hortaz inauteria kaleratu dutela Anhauzeko herritarrek. 2011ko inauteria otsailaren 25, 26 eta 27an ospatu dute. Inauteriaren bidez herri txiki bat martxan jartzen dela antzematen da Anhauzen.
Erakusketa ibilitaria Dantza Hirianen eskutik Leioan
Bere bosgarren urteurrena ospatzeko, Dantza Hirian-ek bere lehen argazki-erakusketa antolatu zuen joan den irailean. Orain, martxoaren 3an hasita hilabetez egongo da Leioan erakusgai Gorka Bravoren argazkiekin osatutako erakusketa.
Euskal Herriko Dantzari Eguneko programa
2011ko maiatzaren 1a aukeratu du Euskal Dantzarien Biltzarrak aurtengo Euskal Herriko Dantzari Eguna ospatzeko. Erandion bilduko dira Euskal Herriko txoko andanatik hurbilduko diren dantzariak eta EDB buru belarri dabil denentzat egun horretako programa prestatzen.
Bizkaiko aldundiak DantzaBiz sortu du
Dantzaren inguruko aholkuak emateko DantzaBiz batzordea sortu berri du Bizkaiko Aldundiak. Batzorde honen eginkizuna lurraldean zer dantzatzen den aztertzea eta sektore honek dituen arazoez eta erronkez jardutea da oro har. Urtean gutxienez bi aldiz elkartuko den batzordeak dantza munduaren inguruan dabiltzan eragile ezberdinen parte hartzea izango du.
Alicia Amatriain Victoria Eugenia Antzokian apirilean
Datorren apirilaren 2 eta 3an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak Alicia Amatriain-en Alicia y las maravillas del ballet gala aurkeztuko du 20:00etan. Alicia Amatriain donostiarrak, Stuttgarteko Balleteko Dantzari Nagusia, zortzi pieza aurkeztuko ditu gala honetan, besteak beste La fierecilla domada, La Dama de las Camelias, Two pieces for Het eta La muerte del Cisne.
Escena 2011 dantza jaialdia
Martxoaren 4ean hasita, Nafarroako Gobernuak ESCENA Dantza Jaialdia eramango du Nafarroako 19 herrietara. Horretarako, 6 dantza konpainia jarriko ditu agertokian eta zenbait ikastaro ere antolatu ditu. Estilo ezberdinak jorratu eta ikusteko aukera ekarriko digun jaialdi honek martxoaren 17an esango dio agur aurtengoari.
Olatz de Andresen eskutik dantza ikastaroa
Donostiako Udalaren musika eta dantza eskolak antolatuta gaur egungo dantza ikastaro trinkoa eskainiko du Olatz de Andres dantzariak Artelekun, Donostiako dantzagunean. "Giltzaduren zalutasunetik mugitzea" ikastaroa martxoaren 12 eta 13an izango da, 11:00tan hasi eta 16:30tan amaituko delarik. Izena emateko azken aguna martxoaren 4a izango da.
"El baille na tradición asturiana" kalean
Asturiaseko dantza tradizionalak biltzen dituen DVDa kaleratu du Vezos Astures kultur taldeak. Dantzen inguruko bideo zaharrak eta berriak uztartzen ditu "El baille na tradición asturiana" deitzen den lanak. Guztira, hogeita bat dantza ezberdin jasotzen dira DVD honetan eta guztiak pausoz pauso ikasi daitezke paintaila aurrean jarriz gero.
Manta dantza-ikuskizuna AlhondigaBilbaon
Martxoaren 3an, Héla Fattoumi eta Éric Lamoureux koreografo frantziarrek “Manta” dantza-ikuskizuna aurkeztuko dute AlhóndigaBilbaon. Ekitaldia Zentroko Auditoriumean izango da, eta Dantzaldia Jaialdiaren XII. Edizioaren barruan egongo da sartuta; hain zuzen ere, jaialdi hori martxoaren 31ra arte egingo da Bizkaiko hiriburuan.
Dokumentuaren akzioak