Dokumentuaren akzioak
Olatz de Andresen eskutik dantza ikastaroa
Ikastaro honen oinarria release teknika da, eta Body Weather eta yoga ukitu batzuk ere jasotzen ditu. Lanerako laguntzaile erabiliko ditugu pisua, arnasa, giltzaduren zalutasuna eta gorputzarekiko eta espazioarekiko arreta. Giltzadurak askatu eta mugimendu organiko eta erraz halako bat sortzeko ariketak proposatuko ditugu. Esfortzu fisikoa ekonomizatzea bilatuko dugu; mugimenduan eraginkorragoak izateko, giharren indarra baino hezurren lerrokadura areago erabiltzeko. Saioak honela egituratuko dira:
- Luzatze dinamikoak eta erdiguneari eragiteko eta indarra eransteko ariketak.
- Mugimen hiztegia handitu eta oroimena trebatzeko koreografi esaldiak.
- Inprobisaziorako gunea, "irekia" eta lehendik oroimenean gordetako ekintza eta sekuentzia "komodinak" nahastuz.
Irakaslearen kurrikuluma:
Egungo dantza, contacta eta inprobisazioa ikasi zuen Bilbon, Granadan, Altean, Bartzelonan eta Amsterdamen, hainbat irakasle eta koreograforekin (Mal Pelo, Julyen Hamilton, Carmelo Salazar, Ana Buitrago, Alexis Eupierre, Lipi Hernández, Joao Fiadeiro...). Body Weathera Andrés Corchero, Hisako Horikawa eta Fran Van der Veen-ekin ikasi zuen. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Dantza-Terapia masterra egin zuen. Dantzari moduan 2003tik 2009ra ari izan zen Kataluniako Deambulants, Konic Thtr, Antigua&Barbuda eta Iliacan konpainietan. Irakasle moduan lantegiak zuzentzen ditu Bartzelonan, Granadan eta Bilbon. Batera, bere pieza koreografikoak sortzeaz gain, beste sortzaile batzuen laguntzailea ere bada. Kanpoan urte batzuk eman ondoren, berriro ere etorri da Euskadira, arte eta pedagogi proiektuak
lantzen jarraitzera. Bilbon Muelle 3 dantza eta sorkuntza garaikideko espazioaren kudeatzailetako bat da.
Dokumentuaren akzioak