Dokumentuaren akzioak
Escena 2011 dantza jaialdia
ESCENA Dantza Jaialdia gure artera itzuliko da berriz ere, udaberritik hurbil; izan ere, dantzak Nafarroan duen hitzordu garrantzitsua da. Nafarroako Gobernuak antolatu du, 19 herritako udalekin elkarlanean, eta ikusle guztiei hurbildu nahi dizkie zenbait estilo desberdin, betiere arte eszenikoen esparruaren barnean.
Konpainia nafarren ordezkaritza handia du aurten ESCENAK: Fueradeleje konpainiak Where is my mind? lanaren bertsio osoa estreinatuko du eta Aldanza konpainiak Aldanza 11 eta Tempomobile aurkeztuko ditu. Yo lanaren bidez nortasunaren bilaketara hurbilduko gaitu, Mikel Gaztelurrutiaren jatorrizko musikarekin –bere hirukoteak zuzenean joko du–; horrela, musika eta dantza lotuko ditu.
Era berean, DanzAbierta konpainia kubatarrak parte hartuko du Malson lanarekin; ikuskizun hori Nafarroako zenbait herritara iritsiko da Frantziatik pasatu eta gero; Galiziako OtraDanza konpainiak ere, Asun Noalesen zuzendaritzapean, DE.DOS lanarekin bi unibertso koreografikotan zehar egindako bidaian sartuko gaitu, horiek elkar osatu eta bakar batean nola batzen diren ikusteko.
Edizio berri honetan, ESCENA Dantza Jaialdia gero eta gehiago hurbiltzen da dantza garaikidearen aldera, ez soilik produkzioen bidez, baizik eta tailer artistikoen bidez ere bai. Aurten, Carmen Larrazek emango ditu tailer horiek Arte Garaikideko Huarte Zentroan, bi mailatan banaturik: hastapena eta aurreratua.
Halaber, dantzaren geroko profesionalen harrobia bultzatzearen aldeko apustua egiten du jaialdiak; izan ere, nabarmentzekoa da Ribarroja del Turiako Dantzaren Udal Kontserbatorio Profesionala, Nafarroako Gobernuko Dantza Eskolaren laguntzari esker gurera iritsi dena. Kontserbatorioak eta Eskolak eskua elkarri emango diote Barañain Auditorioan, Parade eta Gadix lanak erakusteko.
ESCENA Dantza Jaialdia martxoaren 4a eta
apirilaren 17a bitarte egingo da, eta ikuskizun
sorta zabala eskainiko du, ikusle guztientzat
zabalik.
Dokumentuaren akzioak