Dokumentuaren akzioak
Olentzero bahitu duzue eta Olentzero-fakea darabilzue zuen interes komertzial eta instituzionalen zerbitzura
Nortzuk dira Olentzero bahitzaile eta esplotadore nagusiak? Izendatu ditzagun: EITB, Bilboko Udala, Mungiako udala, Irungo udala, eta abar.
Herri kultura eta festa-erritoak herritarroi lapurtu eta merkantzia bihurtuta zuen interes komertzialen mesedetan desitxuratuta baliatzeaz salatzen zaituztegu. EITB: Maltzurki mozorrotzen duzue zuen iruzurra "tradizioa vs eguneratzea" eztabaida faltsuarekin. Eztabaida manipulatu nahi duzue, "Olentzero tradizionalari leial eustearen alde" eta "garai berrietara egokitzeko eta modernizatzeko garaia dela uste dutenen" balitz bezala, baina ez duzue inor engainatzen.
Tradizioa eguneratzea da, horixe du berezko ezaugarria eta Olentzero euskal herritarrek, gazteek, auzo-elkarteek, komunitate-sareek nola berritu duten eta gaurkotzen, modernizatzen, eguneratzen jarraitzen duten horren froga argia da. Olentzero garai berrietara egokitzen eta modernizatzen ari direnak hain zuzen herritar soilak eta herritar-elkarteak dira, Olentzero haur eta gazteen festa dela aldarrikatu eta festa haiek nahi duten eran ospatzeko aukera ematen dietenak (ikus Zestoako gaztetxo hauena, adibidez), Olentzero genero kategoria markaturik gabe, itxura eta forma ireki eta askean, bakoitzak nahi duen modura irudikatuz egiten dutenak (ikusi Olentzero uzta 2024).
Zuena ez da Olentzeroren eguneratzea, ez modernizatzea, ez! EITB eta hainbat udal Olentzero bahitu, desitxuratu eta herritarrek ez dituzten baliabide ekonomiko eta teknikoak erabiliz bere interes komertzial eta instituzionalen mesedetan baliatzen ari diren Olentzero-iruzurra da, Olentzero-fakea.
Irun: Olentzeroren bahiketa eta esplotazio komertzial-instituzionalaren azken atala
EITBk eta Bilboko udalak urteak daramatzaten elkarrekin Olentzeroren bahiketa eta esplotazioarekin. Mungiako udalak Olentzeroren jatorrizko lurraldea Gipuzkoa eta Nafarroan dagoela kontuan hartu gabe eta Olentzeroren sustapenean aritu diren elkarte eta herritarren iritziaren kontra Olentzero etxea sortu eta horren esplotazio komertziala bereganatu zuen. Egunotan albiste da Irungo Olentzero festaz udalak egin duen lapurreta. Irungo herri elkarte eta eragileek antolatu dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, baina aurtengoan, egun batetik bestera udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza jakinarazi diete; ondorioz, erabakiak Udalaren esku gelditu dira. Horrela irakurri dugu Argian.
Azken aldian, hainbat esparrutan, eragileen jarduna administrazioaren eskuetara pasatzen ari da. Profesionalizazioa aitzakian jarri eta herriko taldeei baliabideak kendu eta enpresak kontratatuta. Irungo elkarteek kezka adierazi dute Udalaren erabakiaren aurrean.
Dena artifizialtzeko eta iparra galtzeko arriskua ikusten dute: “Zein enpresa azpikontratatuko dituzte? Aurten Bilbotik datoz galtzagorriekin, txondorra ere enpresa batekin beraien erara egin zuten azkenean… Errege Kabalgatan bezala, desfile bukaeran Disney pertsonaiak sartzea okurritzen bazaie?"
Dokumentuaren akzioak