Dokumentuaren akzioak
Marian Arregi, argi-itzalak
Argia eta itzala saihestu ezineko irudia gertatu zaigu egunotan Marian Arregi Sarasolak (Donostia, 1944-2018) euskal kulturari egindako ekarpenak goraipatzeko. Argia dantzari taldearen barruan ardura, gidaritza eta ekarpen oparoz betetako ibilbidea egin du Arregik, baina, hala ere, itzalean geratu dira haren lana eta haren irudia.
Marian Arregiren adierazpen bila hasi, eta sarean ez duela ezer aurkitu salatu du Ariane Kamiok Gara-n. Zergatik ez dugu elkarrizketatu inoiz? Zergatik ez dugu haren hitzik jaso? Ez al zegoen arrazoirik elkarrizketatzeko? Zergatik ez dugu haren adierazpenik jasotzeko premiarik sentitu?
Dantza eta musika nerabe zela ikasi zituen eta gazterik hasi zen nabarmentzen bietan. Goizaldi dantza taldean jardun zuen, eta dantza soltean hainbat dantza txapelketa irabazi zituen. 1962an, hiru emakumeren artean Trio Kemen taldea osatu, eta euskarazko kantaldiak eskaintzen hasi ziren. Harrera beroa izan zuen hirukoteak, eta, zenbait kantaldi arrakastatsuren ondotik, Espainiako telebistan agertu ziren. Argia dantzari taldearekin euskal dantza irauli, eta taldea euskal kulturaren alorrean erreferente bihurtzen lagundu zuen. Ondare musikal eta koreografikoa ikertzen eta berritzen lan eskerga egin zuen: herriz herri dantza-maisu eta adineko musikariak bisitatu, utzita eta galduta zeuden doinuak jaso eta horiek biziberrituta zirkulazioan jartzen jardun zuen. Jaurrietako Axuri-Beltza, lo zetzan paperetatik jasota bere esku-soinuarekin berpiztu zuen. 70eko hamarkadako euskal soinu paisajearen parte den festa eta dantzarako musika errepertorioa eraiki eta hedatzearen arduradun nagusietakoa izan zen. Xabier Lete lagundu zuen bere kantaldietan eskusoinuarekin. Benito Lertxundiren musikari taldeko funtsezko kidea izan zen. Dantzarako musika egiteko ezohiko trebetasuna erakutsi zuen. Euskal dantzaren doinu eta soinu asko eta asko Marian Arregik emandako airearekin hedatu eta errotu dira Euskal Herrian barrena: Nafarroako ingurutxoak, Lapurdiko inauteri-dantzak, Nafarroa Behereko bolant-dantzak, Zuberoak altxorrak... Berak iratzarri eta sortutako hainbat eta hainbat pieza euskal kultura musikalaren parte izatera pasatu dira, bai dantza taldeek bere egin dituztelako eta bai folk taldeek jo dituztelako ere. Arriaga, Viktoria Eugenia, Gaiarre edo Gare du Midi moduko antzokietan, zein herriz herriko aretoetan, Argiak eskaini dituen ikuskizun arrakastatsuen musika zuzendaria izan da: Irradaka, Zortziko, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque, Axuri-Beltza, Axeri-Boda, Besta Berri, eta orain gutxi estreinatu berri den Martin Zalakain, besteak beste.
Argia zerion Marian Arregiri, baina, hala ere, itzaletik aritu da. Ez duzue aurkituko hemerotekan hari egindako elkarrizketarik. Nekez prentsaurreko batean haren argazkirik, ez adierazpenik. Gertukoek diote ez zitzaiola gustatzen bere burua nabarmentzea. Baina haren ibilbideari erreparatu, egin duen guztia ikusi, eman diguna balioan jarri, eta sortzen diren galderek ezinegona eragiten dute. Itzalean egoteko erabaki horretan, zenbat dago nortasun pertsonaletik eta zenbat emakume izateagatik egokitu zitzaionetik? 50 urtez jarduera publiko arrakastatsu baten protagonista izandakoa gizona balitz, posible litzateke mutu, itzalean egotea?
Egunotan, haren irudi apurrekin osatutako omenaldi bideoa ikusten, 1983ko jaialdi erraldoi bateko irudiak agertu dira pantailan. Straznice, Txekia da. Garai hartako nazioarteko talde onenak ageri dira aire zabaleko anfiteatro erraldoi batean. Kamerak publikoari begiratu dio, eta ikaratuta geratu naiz harmailak betetzen dituen ikusle saldoarekin. 7.000 lagun agertokira begira. Oholtzan, musikari bat eskusoinua jotzen: Marian Arregi. Itsutzeko adinako argia zerion izarra izan da.
Marian Arregi gizonezkoa izan balitz, itzalean gordeta eusterik izango genuen mende erdiz? Ezinezkoa litzateke. Gizonezkoa izan balitz, musikari famatua, euskal kulturaren figura ezaguna, artista errekonozitua litzateke. Itzalik gabeko argia. Emakumea izan zen, eta aparteko argi distiratsua bazen ere, itzal-argitan bizitzen ikasi behar izan zuen.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?
Historiak izen ugari izan ditu itzalean, heriotzak berak edota denborak dakarren hausnarketak argitara ekarri dituena. Baina izen guztiak ez dira berdin, izenek ondokoarengandik bereizteaz gain sailkatu egiten gaituzte gizartean. Gauzak horrela, emakume izenak argitara ekartzea ia-ia kasualitateak lagunduta etorri da sarri. Bada garaia kasualitateak utzi eta kausalitateari leku egiten hastea, berandu gabiltza eta, betiko legez.