Dokumentuaren akzioak
Ez dago sorkuntzarik tradiziorik gabe
Tradizioa eta sorkuntzaren inguruko eztabaida antolatu du Euskal Kultur Erakundeak "Tradizioa, egia hutsa ote da?" izenburupean. Izenak dagoeneko antolatzaileen asmoak adierazten dituela esango nuke. Zer esanik ez eztabaidaren aurkezpen testuaren lehen lerroek: "Euskaldunak beren ohiduren preso ote lirateke? Tradizioa itogarria ala sorkuntza eragile ote da?". Erantzun-purrustadari ezin eutsi nire aldetik: Bai, noski. Aska ditzagun euskaldunak bere ohiduren presondegitik eta besarka dezatela libertatearen kultura [frantsesa].
Tradiziorik gabe ez dago sorkuntzarik
Fernandoren egia bada ere, badirudi ahaztu egiten dela eta errepikatu beharra dago: tradiziorik gabe ez dago sorkuntzarik. Sorkuntza tradizio baten edo hainbat tradizioren berrerabilera da. Norbaitek esaten duenean ez zaiola "tradizioa" interesatzen, esaten ari dena da ez zaiola tradizio zehatz bat interesatzen eta bere lana beste tradizio batean garatuko duela. Tradizioa edo tradizioak hautatzen saiatu zaitezke —saiatu bakarrik—, baina tradiziorik gabeko sorkuntza ez da existitzen.
Euskaldunak preso, frantsesak eta espainolak libre?
EKEk gaia planteatzen duen moduan badirudi euskal sortzaile koittaduak euskal tradizioaren menpe daudela, sortzeko askatasun hegoak ebakirik. Ez da beste kulturetaz ezer esaten, baina "beren ohiduren preso" egon daitezkeenak euskaldunak direnez, aditzera ematen du egoera hori ez dutela bizi beste kulturek, alegia, frantses, espainol edo ingelesek.
Euskararen preso gara euskaldunak?
Ez dakit inor ausartuko litzatekeen honako galderarekin planteatzera eztabaida bat: "Euskaldunak beren hizkuntzaren preso dira?". Ziur aski hainbatek hori pentsatzen du, euskararen preso garela euskaldunak eta hobe dugula "tradizio itogarrietatik" askatu eta sorkuntzara ematea. Alegia, hobe dugula frantsesez, espainolez edo ingelesez aritzea, sortzea, bizitzea.
Horixe da EKEk eztabaida honetan plazaratzen duen mezua.
Euskal kultur erakundeak antolatutako "Tradizioa & Sorkuntza" izenburuko mintzaldia ekainaren 3an, ostiralez, Baionako fakultateko A anfiteatroan, 19.00etan burutuko da. Bost mintzalari gonbidatu dituzte bertan hitz egitera:
- Birgit Ellinghaus, munduko musiketan berezitua
- Xabier Itçaina, Bordeleko Zientzia Politikoen Institutukoa, CNRS-ko ikerlaria
- Gérard Lenclud, etnologoa, CNRS-eko ohorezko ikerketa zuzendaria
- Anne-Christine Taylor, etnologoa, Pariseko Quai Branly museoan egona
- Pantxika Telleria, Euskal Herriko koreografoa, Elirale konpainiaren sortzailea
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?
Ongi da holako gauzak azpimarratzea!!! Milesker !!!