Dokumentuaren akzioak
Dantza-espezie bat galzorian?
Orain bi mende baino gehiago Von Humboldt anaietako batek, Alexander botanikari eta zientzialariak, Amerikan zehar -Kuba, Orinoko eta Magdalena ibaian zehar, besteak beste- hainbat espedizio egin eta espezie mordoxka bat aurkitu eta deskribatu zituen.
Orain bi mende baino gehiago, beste Humboldt anaiak, Wilhelmek, Euskal Herria esploratu zuen, hizkuntzalaritza eta kultura mailako azterketak egiteaz gain, hainbat dantza-espezie “aurkitu” eta deskribatu zituen, metodo ia-ia zientifikoa baliatuta: kontradantzak, aurreskuak, eta besteak beste, Hernanin ezagutzen den Azeri-dantzaren aipamen zaharrenetako bat egin zuen 1801ean.
Orain aste batzuk, zientzialari andana batek alarma piztu du, munduan milaka espezie bizidun galtzeko zorian direlako, eta horrek gizadiarentzako dakarren kaltearen berri eman digu. Espezieen suntsipenak gure ekonomien, bizimoduen eta osasunaren oinarriak arriskuan jartzen ditu.
Atzo, San Joan bezpera eguna, Hernanira joateko asmoarekin nintzen, Humboldtar anaia baten plantak hartuta. Helburua: Esploratzea, Azeri-dantzaz gain gutxienik mende batez baino luzeago Hernanin bizirik eutsi zaion eta bertako denboraren zokoan ezkutatua geratu den dantza-espezie bitxi bat: San Joan bezperako haurren aurreskua.
Ordua ziurtatzearren, jaien egitarauan herriko dantza-espezieen katalogo aberatsa arakatu nuen. Hor zeuden Azeri-dantza sonatua, Gazteen Azeri-dantza, Akelarrea, Akelarre txikia, Erritu ikuskizuna Txillida-Lekun, Dantza askatu txapelketa, dantza-taldearen jaialdia, Erraldoi eta buruhandiak, San Joan Kantaita, Txosnetako dantza gaua, Ezkiagako Dantzaldiak, Rap gaua, Erromeriak eta Larrain dantza, Zumba erraldoia, Moliendo café dantza ikuskizuna, Gimnastika erritmikoaren erakustaldia, Aerorrunba… baina eta Aurreskua? Ezustekoa. Ez zen ageri. Desagertu egin ote da?
Espezie bat gutxiago katalogo horretan? Orain gutxi izan genuen haren berri, eta pena handia hartu dugu, askorentzat balio izugarria duen dantza-espeziea baita, berak gordetzen baitzituen dantzaera eta egitura oso antzinako eta interesgarriak. Oso ale gutxi gorde dira Gipuzkoan mota horretakoak. Ehun urtetik gora bizirik eusten jakin duten hiru haur-sokadantza bakarrik ezagutzen ditugu, Beasainen, Ordizian eta Hernanin, euren dantza-maisu lerro eta guzti. Bat gutxiago izango al dugu hemendik aurrera?
Orain aste batzuk, Eusko Legebiltzarrak Lege bidez Ondare Immateriala babestuko duela jakin dugu, aurretik Nafarroakoak egin antzera. Ez dakit Hernaniko dantza-espezie horren galera ekiditeko balioko duen. Ondare materiala desagertzeko zorian jartzen denean, bizkor antzean erreakzionatzeko gauza izaten gara. Urrun gabiltza oraindik ere ondare immaterialari dagokionez. Eta ez da herri jakin bakar baten arazoa.
Bizidun-espezieen kontserbazioan ohikoak dira hazi eta gai genetikoen bankuak. Guk ere dantzen bankua osatu beharraren etsipenarekin jarraitu beharko dugu. Humboldtek Durangon egindako deskribapenei esker berreskuratu omen zuten orain urte batzuk Platillu Soñua izeneko dantza. Nago Hernanin hartuko duela norbaitek neurriren bat desagertze-zorian geratu den Aurresku honen inguruan, berandu baino lehen. Azeri-dantza bezalakoak hain indartsu gordetzen dituen herriak ezin du horretan huts egin.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Mikel Sarriegi Etxezarreta
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Ataungo eskua
- Aritz Ibañez Lusarreta on Iñaki Mugerza oroimenean
- Oier Araolaza on Dantza-espezie bat galzorian? 2019/06/24
- Mikel Sarriegi on Urtubiren bandera-dantza izan zen Donostiako hori 2017/06/14
- Oier Araolaza on Urtubiren bandera-dantza izan zen Donostiako hori 2017/06/14
- Oier Araolaza on Maixuaren irribarrea ispiluan 2015/07/24
- Aritz Ibañez Lusarreta on Maixuaren irribarrea ispiluan 2015/07/24
https://www.kronika.eus/[…]/
Akelarre erridikulu eta ameskeriaz betetako solstizio-festa zentzugabeak gero eta indar handiago hartzen ari diren bitartean, altxor eta gutizia preziatuenak galtzen uzten ditugu.