Dokumentuaren akzioak
Eskandalua Zestoako bainuetxeko dantzaldian
1920an Zestoako bainuetxearen ondoan egindako erromeria bateko argazkitik abiatuta, dantzak, lotuak bereziki, zestoarren komunitatean eragindako gatazkak kontatzen ditu Fernando Arzallusek, Danbolin aldizkarirako idatzitako testu honetan. Bainuetxeko langileek bezeroei ikusi eta ikasi zizkieten hainbat helduko dantza —fox-trotak, charlestonak, edota tangoak—, eta herriko erromerietan dantzatzen hasi ziren. Eskandalua eragin zuten herrian, 1928an udal ordezkariek dantzaldiak behin-behinean debekatzerainokoa. Herritarren nahia, baina, debeku ororen gainetik zegoen. Dirty Dancing filmaren euskal bertsioa irudi lezake honek, eta izan ere, Zestoan XX. mende hasieran izandako gizarte-aldaketak dantzaren bidez jartzen ditu agerian Fernando Arzallusek:
Ez da posible eskatzen dutena ez ematea
Bainuetxeko Gran Hotela eraikitzen ari ziren garaietan (1894) zestoarrei deabruaren gauza iruditzen zitzaien kanpoko langile haiek, tabernako mahai baten gainean, flamenkoa dantzatzen zutenean. Mundua eta gauzak asko aldatu ziren, ordea, hogei bat urte geroago: jendea errazago mugitzen zen batetik bestera, egunkariak asko zabaldu ziren, irratia zer esanik ez, gero eta kultur ekintza gehiago egiten ziren… Bi hitzetan esanda, jende arrunta protagonismo handiagoa hartzen hasi zen. Eta horren ondorioz, ohiturak eta mentalitatea izugarri aldatzen hasi ziren. Dantzak ere bai, noski.
Horretaz guztiaz ari nintzen pentsatzen hemengo argazkia ikusita eta, bat-batean, tximista baten antzera, orain dela hogei bat urte festetako egitaraura ekarri nuen agiri interesgarri bat etorri zait burura.
Baina, goazen lehendabizi argazkian ageri dena pixka bat xehatzera. Zestoako Bainuetxea da: ibaia zuhaitzek tapatzen dute eta bazterrean Alameda hotela ikusten da; eskuin aldera, berriz, ez da ikusten baina bainuetxeko sarrera legoke. Ba, hortxe kokatzen da gure eszena. Gure atzean, hau da, bainuetxeko sarreratik kafetegi aldera, dago musika banda (beste argazki batetik dakigu). Dantza suelto bat ari da jotzen. Kamarerak eta bertako jendea (txapelak salatzen ditu) ari da dantzan, eta kanpotarrak begira daude. Ematen du, jantziagatik-eta, kanpotar jendea maila pixka batekoa dela eta ez leudekeela ohituta, horrela, jende xehearen artean ibiltzen, baina, dirudienez, hori ez da oztopo zerbitzariak dantzan lasai asko jarduteko. Argazkia 1920koa da.
Ba, luzatu gabe, goazen lehen aipatu dudan agiria gogoratzera. 1928ko maiatzeko jaiak pasa eta berehala, herriko bailableak direla-eta, aztoratu dira zeharo gure udal agintariak. Itxura denez, alkateak denboraldi baterako eten egin ditu bailableak eta sekulako arazoak sortu dira herrian.
Hartu du hitza Felix Zunzunegik eta zera esan du: “Ez dela bera dantza lotuaren aldekoa, eta are gutxiago hemengo plazan dantzatzen den dantza zorabiagarri horren aldekoa; berak eskatzen duela ondoko herrietan, Azpeitian eta Azkoitian, egiten dena egitea (…); bera musikaren aldekoa dela baina ez dantza erotikoaren aldekoa eta, beraz, desegokia iruditzen zaiola”.
Eta Ramon Izeta alkateak, baietz, egia dela Zunzunegik dioena, baina berak ondo asko dakiela “musikariak dantza sueltoak bakarrik jotzearen kontra zeudela, eta horregatik bidezkotzat jo zuela bailable denak bertan behera lagatzea, ea hartara herritarrak otzantzen ziren; baina protestak halako mailara iritsi dira, eta ez da posible eskatzen dutena ez ematea”. Horrela ba, bakeak gehiago balio duela eta, zera proposatzen du alkateak: pieza bat sueltoa jotzea eta bestea lotua.
Antonio Egigurenek gainerako zinegotziei erregutzen die “erabakia alde batera edo bestera hartu, aho batez hartu behar dela, bestela, hemengo eztabaidek beste tirabira handiagoak eragingo dituztela herritarren artean”.
Eztabaidak eztabaida, azkenean hartu dute, ordea, erabakia: “Bandak jo dezala pieza bat sueltoa eta beste bat lotua, baina angelusaren ordurako, hau da iluntzerako, dena bukatzeko baldintzarekin. Horretarako, erlojuaren arduradunari agindua emango zaio kanpaiak iluntzearekin batera jo daitezen”.
Iritsi da bakea, dirudienez, eta hemen udal zinegotzien errematea: “Nolanahi ere, erabaki zen ez dezatela jo eskandalosotzat hartzen diren dantza bat bera ere, esate baterako fox-trotak, charlestonak, tangoak eta abar, kontu horietan bandako zuzendariaren irizpidea jarraitu beharko dutelarik eta, behar bada, alkateari jakinaraziz”.
Kasu honek agerian jartzen du, ordurako, ohitura eta forma erlijioso tradizionalen “kontrako” joera hasia zela. Ohitura berri haiek hirietan hasi ziren sortzen (Donostia eta abar) eta, besteak beste, komunikabide modernoen bitartez transmititzen ziren (aldizkariak, irratia…). Gure kasuan, soldaduska kanpoan egin izana, ondoko hirietako lantegietan ibili izana, kanpoan neskame ibiltzea… aukera aparta izango ziren, hiriko ohitura berri haiek ezagutzeko. Baina, batez ere, Zestoako hoteletan lan egiteak (botones, neskame, administrazio…) zerikusi zuzena izango zuen hiriko ohituren eta bere sentsualitatearen berri izateko. Garai hartan, gure herrian turismoak izan zuen garrantziak paper berezia jokatuko zuen pentsaera eta portaera berri haiek ezagutarazi eta zabaltzeko, ez izan zalantzarik.
Gu, inguruko herriekin konparatuta, baliteke herri bereziagoa izatea garai haietan. Zunzunegik Azpeitia eta Azkoitiko adibideak jartzen ditu. Han “gatazka” ondo eta zorrotz konponduta zeukaten, nonbait, eta haiek ziren eredu. Alkateak zioen bezala, ordea, Zestoan ere saiatu ziren jokabide kontserbadorea mantentzen baina herria protestan atera zen. Ez ziren protesta makalak izango “ez da posible eskatzen dutena ez ematea” esaten du alkateak-eta.
Ni seguru nago: aurrenak izan ginen bailaran, fox-trotak, charlestonak eta tangoak dantzatzen. Harrapazan/k!
Fernando Arzallus: "Ez da posible eskatzen dutena ez ematea" (Danbolin, 2017-01-17)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23