Dokumentuaren akzioak
Violet Alford folkloristaren euskal dantzei buruzko eskuizkribuak
Violet Alford (1881-1972) folklorista ingelesak euskal dantzei eta herri antzerkiei buruzko hainbat lan argitaratu zituen euskal zein atzerriko aldizkarietan. Sarrera honetan bildu ditugu Cecil Sharp House guneak jasota zituen Violet Alford-en 1910eko eskuizkribuak. "Basque Morris Dancers" izenburupean euskal dantzei buruzko apunteak, partiturak eta irudiak batu zituen. Badirudi Alfordek Sharpi, Ingalaterrako dantza eta kantu tradizionalak jaso zituen lehen folkloristari, idatzitako gutuna dela eskuartean dugun dokumentua: "Ez dakit euskal dantzen inguruan inoiz zerbait entzun duzun. Ez badituzu ezagutzen, uste dut idatziko dudana benetan interesatuko zaizula".
Euskal Herrira oporretan
Cleeves izeneko herrian jaio zen Violet Alford, Britania Handian. Udaran, bere familiarekin Biarritzera joan ohi zen oporretara. Orduan ikusi zituen lehenengo aldiz euskal dantzak eta atentzioa eman zion berak ederki ezagutzen zituen Ingalaterrako Morris dantzekin zituzten antzekotasunak, "1910eko urtarrilaren 30ean Donibane Lohitzunera 12 gazteko taldea iritsi zen Euskal Herriko Hiriburu herritik, Baionatik gertu. Kaleetan aitzinako euskal dantza bat dantzatzen ari ziren eta gure Morrisekiko antzekotasuna izugarria zen. Dantzariak zortzi ziren zuriz jantzita". Makila dantzen, dantza kordaren edota zazpi jauziei buruzko apunteak agertzen dira gutunean, besteak beste.
Garai hartako maila ekonomiko altuko neska gehienen helburua ezkondu eta ekitaldi sozialetan dibertitzea izan ohi zen. Alford, ordea, Lehenengo Mundu Gerran ospitaletan laguntzen ibili zen eta denbora librean Ingalaterrako dantza herrikoiak ikertzen aritzen zen. Gerra amaitzean dantza folklorikoen inguruko bere lehen libururako materiala jasotzen jardun zuen.
Euskal dantzak ikergai
Euskal Herrira sarri etortzen zen, udaran materiala jaso eta gero neguan Ingalaterran jarraitzen zuen lanean Bristoleko liburutegian edo British Museumen. Baionako Euskal Museora ere maiz joaten zen eta euskaraz ere pixka bat ikasi zuen. Euskal Herrira bezalaxe, Europako beste hainbat lekutara ere bidaiatu zuen. Batzuetan bakarrik eta beste batzuetan bere lagun Sylvia Brennan-ekin. Musika eta dantza urratsak apuntatzen zituzten bien artean eta herritarrekin zuzenean ikasten zituzten dantzak.
Euskal dantzen eta Morris dantzen arteko antzekotasunak topatu zituen berehala: makilak, ezpatak, zapiak, animalien irudikapenak, mozorroak, zaldia, jantzien apaingarriak, loreak, zintzarriak... Zuberoako maskarak bereziki interesatu zitzaizkion.
Arbasoen ondarea
Berak folklorea jasotzen den moduan baloratzen zuen, "gauza bat da sortzea eta bestea hondatzea". Dantzak sortu daitezkeela zioen, baina ez direla inoiz folklorikoak izango, "orain ez badugu gure arbasoek bezala pentsatzen, oso modu ezberdinean bizi baitziren". Gure iragana baloratzen zuen eta horri eutsi nahi izan zion, "Gure iragana gure sustraiak dira eta sustraia mozten badugu arrosondoak ez du lore gehiagorik emango".
Informazio gehiago: Violet Alford, su vida y su trabajo (Lucile Amstrong)
Dokumentua: Violet Alford: Basque Morris Dancers (pdf) (Vaughan Williams Memorial Library)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23