Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Pierra Aguer, "Garat", Basaburian Arhanen bizi den Ziberuko dantzez mintzo

Dokumentuaren akzioak

Pierra Aguer, "Garat", Basaburian Arhanen bizi den Ziberuko dantzez mintzo

2014/05/22 12:25
Pierra Aguer, "Garat", Basaburian Arhanen bizi den Ziberuko dantzez mintzo

Pierra Ager "Garat" Aranhekua.

"La Danse Basque" (1981) liburuan argitaratu zen Pierra Ager "Garat Arhan" dantzari, dantza-maisu eta atabalari zuberotarrari Thierry Truffaut eta Errekaret apaizak egindako elkarrizketa hau. "Un temoignage: M. Aguer-Garat (danseur souletin)" izenburuarekin argitaratu zen, eta bertan Zuberoako dantza eta dantzariei buruzko hainbat kontu interesgarri kontatzen ditu.

Un témoignage: M. Aguer-Garat (danseur souletin)

Pierra Aguer, "Garat", Basabürian Arhanen bizi dena Ziberuko dantzez mintzo

Galtua : zihaur ziberotar dantzari ohia zira, eta gazter erakatsi eta erakasten deiezü dantzan. Dantzari hun izateko zer behar da ?

Pierra Aguer : Enetako dantzariak behar likezü zale izan et agora jauzle, gora altxazale, begitartia irus, beti hobeki egiteko gusta üken, erakusle hun bati behatü, hütsen korrejitzeko. Ez gaitzikor izan, dakianari untsa behatü ; erraiten den bezala : ez « ikasirik sortürik » izan ; behar ikasi.

Gero, dantzari hun izateko, zankuek ahalaz xüxen behar dizie. Izterzaiñ hersiegi balin bada, eztizü seküla püntia untsa eman ahal izanen dantzariak. Hala hala, tarabelaxka, trebeska etxekitzen badü zankua, edo külo ere.

Zankuek behar dizie xüxen izan dantzan untsa aritzeko. Zanko sagarra aldiz, zaragolla-dünek pürü, behar likezie zanko sagar ejer bat. Dantzariak behar dizü ere beharri huna, soniari, txürülari untsa jarraikitzeko. Dantzaria hogeitabos urten altian düzü hobekienik ari, gaztian hasten balin bada. Indarra ordian jinik dizü, zeren eta Ziberuko dantzentako indar behar dizü, altxatzeko, frisat doble eta entrexat eder baten emaiteko.

Hortara aritzez heltzen, bena ganua düzü ere. Zunbaitek ba dizie ganua, bena ganua aritzez huntzen düzü. Biek behar dizie danztari lifent baten egiteko. Bata baizik ez palinbada, beti zerbait ments ba dikezü dantzari harek. Ganorik palinbadüzü, egin ahala eginik ere, heiñ batetara heltüuko zira, bena ez seküla haitü izanen, beste jokietan bezala.

Maskaradak Mendikotan 1972
Maskaradak Mendikotan 1972. urtean. Etxahun Iruri eta Garat Arhan ageri dira musikari lanetan. Argazkia: Javier Garaialde Guregipuzkoa.net.

Galtua : Eta kargiari emanik, nula behar lüke dantzariak?

P.A : Txerreuak behar likezü motiko eder bat ahalaz, untsa presentatzen den bat, lehenik juaiten den bezala, frisat eder batekin... Gatteua, hura hasi berrixago izaten ahal düzü... Kantinersak aldiz behar likezü potiko ejer bat, bestiak beno xotilxago, bena zale hura ere. Zaltzaiñak, zalexenak eta azkarrenak behar likezü; bera eta zamaria behar ditizü altxatü. Harek behar likezü bestiak bino azkarrago izan, besten ber heiñian gustian aritzeko, frisat eta entrexat eder bateki... Entseñariak aldiz, lüxe behar likezü izan, banderaren goratik erabiltzeko. Bandera behar dizü bürü alde gaiñian erabili, prunki büriaren gainti... Muneñetan eder düzü bandera goratik ebilten. Entsenariak behar dizü hats huna üken, eta büria ere hun, bralian bestiak oro harek beitütü manatzen.

G : Nula da dantzako manera ederrena ?

P.A : Korpitzak behar dizü xüxen etxeki, büria gora, jenter bürüz behar dizu presentatü lerden papoz, eta zanko mütürretan ari, zanko mütürrak behera, kanpo aideñi batetan, barnerat beno segürrago, ahal bezaiñ arinki ari. Besuek eztizie tink-tinka, bandan etxeki behar, bena laxü laxia. Txingili eta grisatetan amiñi bat igitüxe ere, bena ez goregi altxatü.

Zankuek eta korpitzak behar dizie zolatik gaiñ algarri jarraiki. Dantzari hun batek behar likezü püntia bi alderat bardin untsa eman, abi esküiñ bai ixker. Zunbaitek txingiliak zabaltzenegi ditizie, gainti batilat zabaltzenago. Behar dizü txingiliak eta püntiak ala eskuiñialat ala ixkerrialat, ber gaiza eman eta zerratü untsa. Frisatak ere behar likezü goratik eman, bena plomü, bi gaintietarat untsa kürütxatürik eta gero untsa jüntatürik ürrentzeko.

Dantzariek, salduan emaiten dütien dantzetan, hala nula lagabotian, behar dizie oroek ber heiñian ari, ber zatetarzünian, herroka edo üngüria untsa etxekiz ; bestelan, lehen erraiten ziena, « dantza oillaskotzen düzü », oillaskuak bilaxkan ari direnian bata bestiaren ondotik jauzten diren bezala.

Mendikota Maskaradak 1972 - 01
Altzürüküko maskaradak Mendikotan, 1972. CC-AT-SA Javier Garaialde - Guregipuzkoa.net

G : Zuin dantza zaizü guztükoenik? Zertako ?

P.A : Eni godalet dantza zitazü gustatzenenik ; nihaur godalet dantzan izigarri laket nündüzün.

Lehen ba zünün Barkoxen, Oilherq bat, izigarriko lifenta beitzen godaleteko. Zankuak txostakaz bezala, errasatzez, erabilten zitizün godaletian.

Godalet dantzan, godaletaren üngürian ikusten düzü dantzariaren fitarzüna. Hor behar dizü zanko kaldü eta begi kaldü izigarria ; biek behar dizie… godaletak behar dizü errasatü eta ez ahalaz irailli. Agitzen düzü godaletaren urtukitzia, ez düzü hori desuhure. Ezagützen eztienek erraiten dizie :  « A ! godaleta urtuki dik, eztük hori dantzaria ! » Hüllantzen denak dizü godaleta urtukitzen, eta ez hüllatzen eztenak ; hartakoz erran nahi dizü hüllantxüxeegi dela, urtukitzen bada...

Lehen püntürik gaitzena, leheneko zaharretan, entrexata godaletaren gainti züzün, kürütxatzez, ahal bezain goratik eta ber lekietan, han taka taka, ber plomian, godaleta han ez palitz bezala. Hura züzün leheneko püntürik ederren-ederrena ;apurñi züzün untsa emaiten zienik.

G : Eta godaletaren gaiña jauztia gaitz da ?

P.A : Ez bo, ez ! hori geroztik jinik düzü, eta nurnahik egiten dizü. Hori adrezia kolpü bat düzü ; eztizü batere dantzari izan beharrik ! Gero haatik aldika zanko bata gaiñen pausa eta txingiliaz hantik elkitzia hura beste düzü… Hala behar likezü etzekoz. Lehen ere ba züzün püntü hori. Orai egiten dizie ere, jauz gaiña bi zankuez, eta hantik grisata eman ; hori ere eder düzü.

G : Maskarada plantatzeko behar dieia zahar eta gaztek algar lagüntü orai ere ?

P.A : a bai ! Lehen ere züzün. Lehen maskadak egiten zienian zaharrek erakusten zizkützien dantzak ; eta kargiak haiek emaiten zitizien. Orai ere hala düzü, bestela aharra eta bekaxteria belizate.

Maskada egiteko, leheneko zaharrek ez zizien nahi, aurten maskada delibera eta bi hilabeteren bürian arrunt maskada parti. Haiek nahi zizien maskada abiatzialaz geroztik, aitzindarian egiazko lehen klasakuak izan litian, ez nulapaizko. Eta hortako bi-hiru urtez behar zizien lehenik dantzan untsa ikasi ; hebenko zaharrek ba zizien ürgüilü hori, eta üdüri zitazüt ürgülü huna zela, eta egiazko gaizen untsa egitia.

Orai ere, gaztek balin badie ideia, gük zaharrek gogo hunez erakutsiren diezügü dantza, ahal dügüno pürü, leheneko püntiak begiratzeko, üsantza zaharrak diren bezala, guri erakutsi zeizkien bezala, aitzina ere segi dezen.

Mendikota Maskaradak 1972 - 04
Altzürüküko maskaradak Mendikotan, 1971. urtean. CC-AT-SA Javier Garaialde - Guregipuzkoa.net

G : Ba dea kanbio lehendanik ?

P.A : Ez. Püntietan ez düzü kanbio heiñ hortakorik eta egin ahala egiten dizügü zaharrek erakutsi ber heiñian etxekitzeko.

Usantxetan düzü kanbio ; lehen, maskadak elkitzen zirenian, beztitürik ba zuatzün goizan hüiñka, eta igaraiten ziren karrika orotan, barrikada egiten ziezün. Heltziari harzaliak jiten ziezün herri sargiala, eta han batek bester bürüz, emaiten zizien arribada jauzia ; gero karrika üngüria egiten, barrikadaz barrikada, meraren etxetik hastez eta herriko plazan ürrentzen.

Heben Basabürian, bazkal aitzinian, beruan emaiten zitizien dantza eta jokiak. Oro fini artio ez zütüzün juaiten bazkaitara ; eta orano lehen, maskada ürrentü onduan, emaiten zitizien « kuntredantzak » : ezkotixa, polka, masürka, kadril bat. Neskatilak kumitatzen zitizien dantza haien emaitera, eta gero ba zuatzün bazkaitara.

Bazkal onduan, arresti apalian, maskada berriz biltzen züzün plazala, muneñak emaiten eta meraren etxera ba zuatzün. Han barrikada dantza eta erraiten :« meraren osagarriari topa ! » Eta masakada orok zinka egiten, hari bere uhuria emaiten.

Gero barrikada, han hor ebilten eta algarreki herrilat jiten. Gibelialakuan, igaraiten ziren karriketan, bardin barrikada berriz egiten ziezün. Herrilat sartü onduan, plaza dantzaz üngüratzen zizien eta barrikada emaiten ; herriko zaharrek han pitxerreki errezibitzen zitizien eta ikusten ordian gaztiak, eia, ordre hunian sartü zirenez. Errefletzione ttipi zunbait ere bardin egiten balin bazien beharra.

Urrentzeko, oroek zaharreki emaiten zitizien muneñak, edo mutxikuak, llabürxago beitziren, zaharrek baltatia emaiten.

Lehen, ez zitizien maskada ürrentzian arropak oro kanbiatzen. Zaragoillak begiratzen zitizien, bestak bera elkitzten, eta kasabetak ezarten bazkaitara juaiteko.

Usantza hoietan ba düzü kanbio, orai maskadariak otoz harat hunaka beitira. Goizan, karrika üngüria egiten, gero bazkaria, eta arrestitan dantza eta jokiak emaiten. Eta han ürrentzen maskada, bakotxa bere gainti partitzen.

Lehen, ihautian bera züzün maskada egiten. Urtatsez hasten herrian, eta ürrentzen ihaute asteartian, berriz herrian. Artian, astian biga edo hiru jelkaldi egiten beste herrietarat, herri aizuetarik hastez. Lerdoz aldiz, maskadak oro beti Atarratzen.

Bralian ere beste üsantxa bat ba züzün orai galtzen ari dena. Meraren alaba jartzen züzün jaunaren kantian. Hura uhurezko lekü bat züzün, brale büria deitzen zizien. Eta brale büztana, hura laborariaren kantian ; han berriz arjuntaren edo beste kuntseiler baten alaba.

Haier uhuria lehenik, eta ez palinbazien alabarik, galtatzen ziezün merari : Nur behar dügü brale bürü ? Eta ordian berak irraiten zizün : holako neskatila bat har ezazie.

Gero, lehen, bralian ba züzün ere tiraka eta tinkatze, herrien artian perfüdia ba zenian, eta ez ahazten. Hamar urten bürian bardin ordaria egiten.

G : Dantzetan ba da kanbiorik ?

P.A : Bai orai emaiten dizie lagabota berria, Urdiñarbeko lagabota, herrokan, batak bester bürüz aldika dantzatzez. Emaiten dizie ederki, bena zaharra enetako ederrago düzü, üngrian emanik dena. Algarri bürüz joan lehenian, üngüra eta gero arra bürüz, eta « pas rüsaz » gibel jin, eta han arrest bat, eta blau ! ordian arra parti. Hau gaitzago düzü, bürütik bürü dantzariak ari behar beitü.

Godalet dantzarentako ere betiko düzü, üngürian aldika-aldika emaitia eta ez orai hor behera eta heben ere artetarik ikusten dena, oroek algarreki jenter bürüz. Bena bost-sei dantzari eztütüzü batetan ikusten ahal, eta godalet bat edo beste irailltzen bada, hura bazik düzü ageri. Aldiz bederezka dantzan ari direnian, han dantzaria ikusten düzü, bedera bedera ari den hartan.

Orai eztizie etxit haiñbeste püntü emaiten ; gü, godalet dantzan, lehen emaiten ginizün hiru aldiz püntü, orai biga, eta zunbait aldiz batetaratü ere nahiago dizie, llaburtzen dizie.

Hala hala, brale jauztian, gük emaiten ginizün hiru edo lau aitzina juaite. Oraiko gazteki ikusten dit oro llabürtzen dütiela.

Mendikota, 1971. CC-AT-SA Javier Garaialde - Guregipuzkoa.net

G : Püntü berri egiten ahal da ?

P.A : Bai, püntü berri beti pentsatzen ahal düzü, edo zeñatzeko püntü, edo txingilizko edo entrexat püntü, soniareki jüsto erortzen ziren ber.

G : Basabürian eta Pettarrian, ber dantzako manera da ?

P.A : Lehen ez züzü bera. Heben Basabürian eta Barkoxen erakusten ziküzien dantzan zanko müttürrak beti behera, ahal bezaiñ behera, eta pünttak kanpo aidian etxekitzez.

Aldiz Pettarrian, zanko mütturrak goiti etxekitzen zitizien. Bena orai kanbiatü dizie, Altzürükütarrek lehenik eta gero bertek ere ; zanko püntak behera bürüz orai etxekitzen ditizie.

Bralia ere Basabürian eta Barkoxen emaiten zizien oso, kuntrepas eta karakoilltziareki. Pettarrian aldiz, brale jauztia baizik zizien. Azken maskadetan Urdiñarbetarrek lehentze eman dizie bralia, bürütik bürü, heben bezala.

G : Lehen, orai beno aisago zena dantzan ikastia ?

P.A : Lehen, gaztiak karriketan jüntatzen güntüzun ez beitzen otorik, lekün gaiñenago egoiten ; eta gihauren artian ahal oroz aritzen güntüzün püntü berri ikasten. Dantzari zaharrek ere, ikusten bazien ba güniala manera, biltzen gintizien eta arierazten ezkaratz batetan edo etxen.

Lehen ba züzün dantzari nahiant franko. Kasik oro dantzari zütüzün lehen ; hobexago, gaxtoxago, oro ari zütüzün dantzan amiñi bat.

Etzüzün beste jokü handirik ere ; barraka, jauzka, etzüzü besterik. Orai rugbi eta futbol horieki, ezdizie gaztek aski denbora ere eta beren otoetan hürrün ba duatzü.

Aski bütatzen dena, orai ere dantzari hun elkitzen düzü, bena lehen aisago züzün ; hartan tematürik beikinen, hura ginizün goguan.

Lehenago, gure aitzinekuek dantza haboro ere ezagutzen zizien : jibandriak, mutxikuak, lapurtar mutxak, baztandarrak… Herri bakotxak ba zizün bere gustüko dantza. Leon Sallaber, bizi dena, Ozazekua, klarineta joiten beitzian, erraiten zizün : lehen, dila 60-70 urte, hamabost hogei gazte jiten zirela sonila, eta heltzian galtatzen : « gük nahi ditiagü baztandarrak ». harek ordian baztandarren ahaidia emaiten eta haiek dantzatzen. Beste eli batek : « gük nahi ditiagü jibandriak », eta hola… Sonü egiliak behar zitizün oro jakin izan. Leon Sallaberrek ba zizün dantza erakasteko izigarriko ganua, eta Beñat Elgoyhen Atarraztarrak ere bai. Basabürü huntan, horik zütüzün dantza haboroenik zakienak eta erakasle haitiak…

Agian dantza horik eztütüzü galdüren. Ordü deno bildü behar likezie eta arra-eman. Jibandriak eta lapurtar mutxak, zunbaitek emaiten ditizie. Zertako ez bestiak ere ?

 

Thierry Truffaut eta Errekaret apaiza

"Un temoignage: M. Aguer-Garat (danseur souletin)" in La Danse Basque (1981)

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.