Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Pandangolari azkarra

Dokumentuaren akzioak

Pandangolari azkarra

2016/03/02 05:45
Pandangolari azkarra

Xenpelar, Antonio Valverdek margotua.

"Andre txarraren bentajak" izeneko bertso sorta Frantzisko Petrirena Rekondo "Xenpelar"-ek (Errenteria, 1835-1869) jarria da. 1859an Mari Joxepa Retegirekin ezkondu zen Xenpelar, hiru alaba izan zituzten, baina 1869an, gazte (34 urte zituen Xenpelarrek) eta hiru alaba umezurtz utzita (3 urte zituen txikiena) hil ziren senar-emazteak, baztangak gaixotuta. 

"Nere andria dantzan zebillen" dio bertsoetako batean, eta dantzariaren begietara polita den espresioarekin segitzen du Xenpelarrek, "pandangolari azkarra". Koldobika Jauregi "Jautarkol"-ek eta Antonio Zavalak bilduta argitaratu zituzten Xenpelarren "Andre txarraren bentajak"  bertsoak, eta 1974an Antton Valverde, Julen Lekuona eta Xabier Letek egindako "Bertso zaharrak" diskan argitaratu eta Letek berak kantatu zituen:

Milla zortzireun irurogeita
laugarren urtian gera,
publikatutzen astera nua
familiyaren galera;
andre ederra gustatu eta
ekarri nuen aldera.
bide berriya egiña dauka
ganbaratikan kalera.

Aitak egiña nuen ezkontza,
amak nai zuen artzia,
neronek ere pentsatu nuen
aien eskura jartzia;
andre ederra ezin geiago,
umilla eta dultzia.
surtan jartzian probatutzen da
nolakua dan eltzia.

Amarretako jeikitzen bada
armariyua iriki,
arropak artu, amaiketako
apainduko da ederki;
katillu-salda arduarekin,
gorputza sano eduki,
bere burua gobernatzen du
gizona baiño obeki.

Lengo batian, esango det noiz,
igande illunabarra,
nere andria dantzan zebillen,
begira zeudenak farra;
lanian ez du gogorik baña
pandangolari azkarra,
baldin neonek ikusi banu
autsiko nion bizkarra.

Eskail-burutik amildu eta
goitikan beraño zuzen,
lendabiziko pentsatu nuen
eltze zarren bat ote zen;
anka bat zeukan Bitoriyan ta
bestia berriz Londresen,
gaur ere ala egongo ziñan
iñor etorri ez bazen.

Eldu nion ta an ari nintzan
andria ezin jasorik;
esan zidaten: “Edana dago,
ta ez egin orri kasorik”;
total egiña zegoen baina
alare ezurrak osorik…
esaten zuen: “Plakiyak nago,
ez al-da ardo goxorik?”

Egun guziya kanpuan pasa,
etorriko da gabian,
kopeta illun, begiyak zorrotz
sartutzen da sukaldian;
ume gaxuak negarrez daude
afariyaren galdian,
artua errotan, ogiya palta,
jakiya berriz kalian.

Arduarekin adiskide ta
gizonarekin zapuztu,
gaur ere nere andriarekin
egingo nuke apustu
botilla aundi bat basorik gabe
baietz agudo ark ustu;
orretan dago sufiziente,
beste bertajarik ez du.

Frantzisko Petrirena Rekondo "Xenpelar"

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.