Dokumentuaren akzioak
Dantzan lurreratu ziren Olaetako dantzariak Ameriketatik bueltan


Olaeta Balleteko kideak Ameriketako biratik bueltan Barajasko aeroportuan, 1968. Argazkia: Zeruko Argia
Olaeta Balleteko dantzariek 1968an Ameriketatik egin zuten hiru hilabeteko bidaian 70 emanaldi eskaini zituzten. Bira horretatik bueltan, hegazkinean dantzari arropak jantzi eta Barajasen lur hartu orduko dantzan hasi ziren. Argia aldizkariak, mendeurrenaren harira, astero portada bat aukeratzen du harpidedunentzat. Portada horietako batek atentzioa eman digu, 1968ko abenduaren 29ko Zeruko Argiaren azalean Olaeta Balleteko dantzariak ageri zaizkigu, Ameriketatik bueltan, hegazkinetik jaitsi eta dantzan. Taldeko kide batzuk cowboy kapelekin eta guzti soinean. Testuak honakoa dio:
"Bilbo-ko Olaeta ballet-taldea bere San Anton-go txokora biurtu da iru illabete Ameriketa-aldean ibili ondoren. Ipar Ameriketako Estatu Batu ta Kanada-ko uriburu guzitan dantzatu dute ta gure Euskalerriko dantzak berak bakarrik dakiten bezin ederki erakutsi. Orra egazkiñetik jaixterakon nolako liraitasuna agertarazten duten Barajas-ko egazkin Zelaian".
Hiru hilabeteko bira Ameriketan
1968ko uztail hasieran, Albert Morini New Yorkeko agentea Bilbon elkartu zen Olaeta Balletarekin; urte bete lehenago Amerikan zehar egin zuten birako promotore artistikoa izan zen. Bisitaren helburua zen bigarren birako kontuak zehaztea. Olaeta balletak aurreko ikuskizuna baino emanaldi osatuago bat prestatu eta irailaren 19an Bilbotik Ameriketara abiatu ziren.
Hogei kideko taldea joan ziren: Victor Olaeta zuzendaria, Lide Olaeta zuzendarikidea; Jesus Altuna, Itziar Lopez, Isabel Alberdi, Javier Olaeta, Enrique Villafaena, Pedro Artetxe, Isabel Iribarnegarai, Braulio Melero, Miren Tere Olaeta, Jose Ignacio Zuloaga, Juan Mari Beitia, Begoña Iraragorri, Jose Maria Morales, Adelaida Salaberri eta Marisa Zuñiga dantzariak; eta Silvestre Elezkano Txilibrin, Bonifacio Fernandez eta Jose Ignacio Lasagabaster musikariak.
Ameriketako bira Bostonen hasi zuten, jarraian Kanadan ibili ziren. Ondoren, Kalifornia, Oklahoma, Texas, Colorado, Missouri, Virginia, Pensilvania, New York... bisitatu zituzten. Guztira 70 emanaldi egin zituzten.
Itsasoz bestalde aurkezteko prestatu zuten ikuskizunaren programa honakoa zen:
1. zatia
- Agur Jaunak
- Mikel Deuna
- Binbili
- Uso txuria
- Makil-dantza
- Arku-dantza
- Oi euskalerri
- Zuberoa dantza
- Sagar dantza
- Luzaideko jauziak
- Amaia ezpata-dantza
- Larrain dantzan
2. zatia
- Iruten arinuzu
- Jontxu dantza
- Erreberentzia
- Ezpata txikien dantza
- Uzati-dantza
- Kaskarota-dantza
- Arraindunak
- Kaxarranka
- Mendi mendian
- Jai Alai
- Aita San Antonio
- Maritxu
- Fandangoa eta arin-arina
Harrera arrakastatsua izan zuten Ameriketako antzokietan. Hiru hilabete gogorrak izan ziren fisikoki, ia ez ziren gelditu ere egin. Entseguak eta emanaldiak bata bestearen atzetik izaten zituzten, deskantsurako tarte gutxirekin. Bidaia nekagarria izan bazen ere, esperientzia ikaragarria izan zen balleteko kideentzat. Hiru hilabeteren ondoren, Gabonetarako itzuli ziren etxera; Zeruko Argiako azalean irakur daitekeen moduan "Gaztaña ximelak jatera, Ameriketatik etxeruntz".
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23
- Mikel Sarriegi on Jose Urtubi, itsasoaren alde banatako bi dantza talderen zuzendaria 2018/01/25
- Oier Araolaza on Piarres Adamek Olhetako plazan muxikoak dantzatu zituenekoa 2016/06/08
- Aritz Ibañez Lusarreta on Piarres Adamek Olhetako plazan muxikoak dantzatu zituenekoa 2016/06/08
- Oier Araolaza on Piarres Adamek Olhetako plazan muxikoak dantzatu zituenekoa 2016/06/08
- Oier Araolaza on El Aurresku (Dantzari Nº 4, editoriala) 2016/04/22
- Patxi Montero on El Aurresku (Dantzari Nº 4, editoriala) 2016/04/22
- Mikel Sarriegi on Zumarragan, ezpata-dantzara agertu ez zirelako atxilotu zituzten dantzariak 2015/10/30
- Patxi Montero on Dudakuak 2014/12/29
- Patxi Montero on Tradizioa aforismoetan 2015/01/27