Matilda Makejoy, erregetxeetan dantzatzea ogibide zuen emakumea
Ingalaterrako gortean dantzan aritzen zen Matilda Makejoy; Gorteetako ospakizunak alaitzea zen bere gisako dantzarien lana Erdi Aroan. Musikaren erritmoan eginiko urratsez gain, figura gimnastikoak, jauziak eta zilipurdiak egin ohi zituzten; pilota, kanpai, makila edota aiztoak ere erabili ohi zituzten beren ikuskizunetan.
Matilda Makejoy oso gaztetatik hasi zen entrenatzen, eta neskatoa zela hasi zen dantzan Ingalaterrako Gortean. 1296an, 13 urte besterik ez zituela, Eduardo printzipearen aurrean dantzatu zen; gero Eduardo II erregea izango zena. Emanaldiagatik bi txelin kobratu zituen. Aparteko ordaina, kontuan hartuta garai hartan ez zela oso ohikoa diruaren truke emakumeek dantza egitea. 1306an Eduardo II errege izendatu zuten festan ere dantzatu zuen, eta jasota dago 1311. urtean ere oraindik Ingalaterrako erregearentzat dantzatzen zuela.
Gisa honetako dantzariek jantzi arinak, erosoak eta kolore askotarikoak erabiltzen zituzten; beren gorputzaren formak ezkutatzen ez zituztenak. Elizak begiz jo zituen emakume dantzari hauek eta beraien jarduna salatu zuten prostituzioan aritzea egotzita. Elizak onartzen ez bazituen ere, nobleziarentzat eta, orokorrean, komunitatearentzat abeslari, musikari eta artistak ziren. Emakume dantzari horietako askok bidaia ugari egin zituzten eta gorteetako kideen artean oso errespetatuak eta miretsiak ziren.
Informazioa: Matilda Makejoy (Swabyan Fool)