Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Marmutx: kaskarotak, John Churchil eta mendira igo zen hartza

Dokumentuaren akzioak

Marmutx: kaskarotak, John Churchil eta mendira igo zen hartza

2013/02/26 11:55
Uztaritzeko kaskarotek, martxa eta makila-dantza artean egiten dituzten dantzen artean batek marmutx du izena. Doinua ezaguna egiten da berehala, oso hedatua den kanta baten doinua baita: "Marlbrough s'en va-t-en guerre" bezala ezagutzen da Frantzian eta "Es un muchacho excelente" kantaren doinu bera da Espainian. Nondik dator Uztaritzeko marmutx hori?

1709. urtean bataila odoltsua gertatu zen Malplaquet-en (Frantzian). Britainia Handiko gudalosteak alde batetik eta Frantziakoak bestetik borrokatu zuten, Espainiako Ondorengotza Gerraren (1701-1715) bataila gordinenetakoan. Britainia Handiko armada Marlborough-eko Dukeak gidatzen zuen. Britainiarrek irabazi zuten bataila (36.000 hildako eragiten dituen bataila bat inork irabazi dezakeela sinestuz gero....) baina frantsesek pentsatu zute Malrborough-eko Dukea hiltzea lortu zutela, eta bataila galdu arren koplak atera zizkioten etsaiaren buruzagiari. John Churchil, Marlborough-eko Dukea ez zen batailan hil, baina hori pentsatuta egin zuten kantak arrakasta handia izan zuen eta berehala zabaldu zen Frantzian barrena. Honela zioen lehen zatiak:

Marlbrough s'en va-t-en guerre,

mironton, mironton, mirontaine,
Marlbrough s'en va-t-en guerre,
Ne sait quand reviendra.

Ez Frantzian bakarrik, Espainian, Alemanian edo Ingalaterran arrakasta itzela izan zuen kanta eta itzulpenak eta bertsioak sortu ziren. Ingalaterran:

Malbrook the Prince of Commanders

 

Is gone to war in Flanders,
His fame is like Alexander's,
But when will he ever come home?
Mironton, mironton, mirontaine.

Ingalaterran bertan, doinu berarekin beste kanta bat sortu zen: For he is a jolly good fellow. Eta horren itzulpena oso ezaguna da Espainian: Es un muchacho excelente. Baina jatorrizko letrak ere bere bidea egin du doinuaren aldaera batekin:

Mambrú se fue a la guerra,

 

¡qué dolor, qué dolor, qué pena!,
Mambrú se fue a la guerra,
no sé cuándo vendrá.
Do-re-mi, do-re-fa,
no sé cuándo vendrá.

Marlborough izenaren eraldaketak ekarri ditu beste kantu eta dantzen izenak: Marlbrough, Marmouch, Marmutx edo Mambrú. Eta kanta zabalduta badago, dantza forman ere bere bidea egin du. Uztaritzeko kaskarotek makila-dantzen artean egiten dute marmutx. Errioxako Anguianoko dantzarientzat makila-dantza bat da Mambrú:

 

Zamoran, Muelas del Plan-eko makila-dantzen artean ere badago Mambrú izeneko bat:

Marlborough-i barre egiteko kanta Malplaquet-en batailaren ondorioz sortu zela esan dugu, baina doinua zaharragoa dela pentsatzen da. Beste zenbait kanta ere doinu berarekin kantatzen dira eta horietako bat haur kanta oso zabaldua da: The Bear Went Over the Mountain edo Mendira igo zen Hartza.

Kantu honen inguruan, Don Yoder folklore ikertzaile alemanarrak dio Estatu Batuetan ezaguna den Groundhog Day edo Marmotaren egunaren pareko Europar tradizioarekin lotuta egon daitekeela. Alegia, Europako ele zaharra da Kandelaria egunean (otsailak 2) Hartza leizetik atera eta zeruari begiratzen diola negua bukatzear dagoen ala oraindik leizera itzuli behar duen erabakitzeko. Kanta hau horretaz ari da Yoder-en ustez, Hartza mendi gainera igotzen da zer datorren ikustera, pronostikoa egitera. Hartzaren Kandelaria eguneko irteera horrek inauteriaren hasiera markatzen du hainbat tradiziotan, eta beraz, Uztaritzeko kaskaroten marmutx eta inauteri dantzetara itzularazten gaitu honek.

Erlazionatutako elementuak
Uztaritze: Kaskarotak 2013

Dokumentuaren akzioak

2013/02/26 12:57
Bitxiak bezain politak dira horrelako sarrerak. Mila esker!!!
2013/02/26 13:47
Benetan istorio bitxiak, azkenean ikusten duguna da mundua oso txikia dela eta ohiturak eta tradizioa leku guztietan oso antzekoak direla.Zorionak egindako lanagatik, egunero ikasten dugu zerbait berria zuekin.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.