Dokumentuaren akzioak
Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
Manuel Lekuona (Oiartzun, 1894-1987) idazle eta euskaltzainaren argazki sorta bat utzi du haren familiak Gordailuan, eta tartean dantzariak ageri direla eta, hemen argitaratuko ditugu, irakurleen ekarpenen laguntzarekin ahalik eta ongien dokumentatzeko itxaropenez. Berrizko San Lorentzo ermita ondoan ezpata-dantzarien emanaldia eta Seguran brokel-dantzarien saioa ikus daitezke argazkietan, eta horrez gain, txistulari talde baten ekitaldia, gabon-kantari kuadrilla bat eta baita Olentzero polit bat ere.
Argazkiak 1920-1930 hamarkadetakoak izan daitezke. "Gerra aurrekoak dirudite" esan digu Gordailuko teknikari Xabier Kerexetak, bai argazki motarengatik, eta baita Lekuona deserrira eraman zutelako gerra ondoren, Errioxara. Dena den, argazkiak ez daudenez datatuta, horietan ageri direnak edo data argitzen lagun dezakeen bestelako edozein informazio ere ongi-etorria izango da.
Ezpata-dantzariak Sallobenten
Lehen argazki multzoa (GFA-056407) Berrizko Sallobente ermitaren ondoan egindakoa da. Halaxe jasota dago negatiboen zorroan eta ermitaren kanpai-horma berbera delako (011). Dantzan ageri direneko argazkiak ermita ondotik pasatzen zen errepide zaharrean (orain autobia modukoa dago hor) egindakoak dirudite. Argazkietan ageri den jendea ezagutzeko gai ote da inor Berriz aldean?
Makila-dantza (004, 007), soka-dantzan banango zaharra (006), soka-dantza ondoko dantza soltea (012), eta kalejira (013) dantza-zatiak nahiko argi identifikatzen dira.
Festa-eguna edo ospakizuna zein ote zen? Sallobente eguna abuztuan izaten da eta izan liteke egun euritsua ateratzea (aterkiekin ageri baitira batzuk, dantzari batzuk zapatekin...), baina gabardinak eta txaketak ikusita, urteko beste sasoi bat ere izan liteke.
Txistulariak
La Estellesa autobusean norabait joandako txistulari talde handia erakusten du GFA-056408 argazki sortak. Txangoaren helmuga eta txistularien jatorria ezezagunak zaizkigu.
Olentzero
Gabon eta Olentzero kantak biltzen, eta Olentzeroren inguruko albisteak biltzen aritu zen Manuel Lekuona, beraz, ez da harritzekoa Olentzero baten bi irudi hauek (GFA-056412) agertzea bere argazkien artean. Oiartzun ote den ala beste herriren bat den argitzeko etxeen tankera lagungarri gerta daiteke agian. Ea Oiartzun aldeko norbaitek argibiderik ematerik daukan.
Eskaerak izan du erantzuna (2022-03-13). Agustin Mendizabalek hauxe esan digu:
- Bi mutikoen eta olentzeroaren argazkia fatxada nagusian egina, eta talde handiarena alboko fatxadan.
- Etxetxiki egon zen tokitik gobaralekua ("labaderoa") eta Oiartzun horrelaxe ikusten dira.
- Lortu ditudan Etxetxikiren bi argazki horietan (berriagoak; hemen: http://www.liburuklik.euskadi.eus/jspui/handle/10771/12320#&gid=1&pid=10, eta hemen: http://www.oiartzuarrenbaitan.eus/argazki-zaharrak?title=etxetxiki) guztiz bat datoz ateko harlanduak, baita pareta-kantoikoak ere. Oharra: olentzeroaren ("Orantzaro" dio argazkiak) atzeko etxea ez dago argazki berriagoetan (gaur egungo etxe "berria" baizik).
- Bestalde, esbastika hori, kuriosoa, oraindik borobildu eta lauburu bihurtu gabea; ez dakit nola interpretatu behar den hori...
Gabon-kantariak
Esku-soinu, txirula, otar eta makilez ongi hornituta ageri den gabon-kantari kuadrilla hau (GFA-056413) ere posible da Lekuonaren herrikoa bertakoa, Oiartzungoa izatea. Hori argitzeko lagungarri gerta daitezke atzealdean ikusten den eliza eta eraikinak. Ea norbaitek hori argitzerik duen.
Eguneratzeak:
- 2021-07-03. Suberri Matelok berretsi digu argazkia Oiartzunen egina dela, Bekoplazako garbitokia delako atzean ageri dena).
- 2022-03-13 Bat dator horrekin Agustin Mendizabal, bere esanetan argazki hauek ere Etxetxikin, Manuel Lekuonaren etxe aurrean (eta agian Manuel Lekuonak berak) egindakoak izan baitaitezke. Zehazki argazki hauei buruz dio: "Talde handia ageri den argazkian, ezkerreko aldean, etxeari itsatsita zegoen eranskinaren hasiera nabaritzen da."
Brokel-dantzariak Seguran
Argazki sorta hau (GFA-056413) Seguran egindakoa da. Hamabi dantzari eta kapitainak osatuta ageri den dantzari taldea brokel-dantzaren zikloa egiten ari dela nahiko garbi ikusten da, kapitainak buruzagi makila banderatxoarekin duela.
Erantzunetan Mikel Sarriegik ekitaldi berekoak izan litezkeen beste argazki batzuk utzi dizkigu (sarrera honen bukaeran jaso ditugunak), Pascual Marin-enak 1930ean datatuta daudenak, eta horietan mutilen albo batean neska poxpolin dantzari talde bat ere ageri da. Ekitaldi berekoak diren ala ez argitu nahian argazkietara behin eta berriz begira ohartu gara lerroon gainean dagoen argazkian, dantzarien bi alboetara, lurrean, uztaiak edo arkuak utzita daudela.
Txistulariak aurretik dituztela, elizatik irteeran ageri dira apaiz eta agintariak.
Apaizak eta langileak
Azken argazki honen inguruko informaziorik ez dago. Ez non, ez nor ageri diren, ez noiz egina den.
Eguneratzea (2022-03-13): Agustin Mendizabal-en esanetan, ezkerretik hasita bigarrena Manuel Lekuona bera izan daiteke. "antzagatik ez ezik (https://ianasagasti.blogs.com/mi_blog/2019/03/manuel-lekuona-y-la-literatura-oral-en-euskera-antes-de-1936.html, https://www.wikidata.org/wiki/Q631017 eta https://www.diariovasco.com/v/20120729/comarca/manuel-lekuona-zela-mende-20120729.html), begi urdinak (argiak behintzat) nabari zaizkiola dirudi. "
Norbaitek Manuel Lekuonaren argazki hauen inguruko informazioa osatzeko argibiderik balu eskertuko genuke bai hemen azpian erantzunetan edo bestela dantzari@dantzan.com helbidera idatziko baligu. Aldez aurretik eskerrak.
Irakurleen ekarpenak
2021-07-02. Oier Solagurenek idatzi digu esanez "Berrizko txistularia seguruena Hipolito Amezua" izan daitekeela. Hipolito Amezua txistularia ageri den argazki hau bidali digu konpartu ahal izateko:
2021-07-02. Suberri Matelok sare sozialetan adierazi digunez, "Gabon kantarien argazkia dudarik gabe Oiartzunen da, atzean Bekoplazako labaderoa edo garbitokia ageri da. Argazkia gaur egungo Bekoplazako rotonda ingurutik aterata dago, Elizalde Eskola paretik". Ostera, Suberrik dioenez, "Olentzero ageri den argazkiari aldiz ez diot Oiartzungo tankera hartzen..."
Taldearen osaketak, kokapenak, ikusleen antolaketak eta txistulariek ekitaldi berbera izan daitekeen zantzuak eskaintzen dituzte. Txistulariei dagokienez, lau musikarik osatutako taldea dela ikusten da. Lehen txistua, traje iluna eta txapelarekin, gizon helduagoa ageri da besteen aldean. Bigarren txistua jotzen duenak ere traje iluna du, baina lau txistularien artean txapelik ez daraman bakarra da. Silboteak darama traje argiena eta atabalaria da laugarrena. Manuel Lekuonan argazkietan, dantzan ageri direnean argazki bakarrean ikusten dira txistulariak, eta hor lehen eta bigarren txistua eta silbotea bakarrik ikusten dira, eta prozesioan ere hiru horiek ongi ikusten dira. Pascual Marinen argazki hauetan berriz laukotea ikus daiteke, eta talde bera dela dirudi aipatutako jantzi eta formazioa kontuan hartuta.
Dantzariei dagokienez, Lekuonan argazkietan ez zaie tresnarik antzematen eskuetan, beraz, izan liteke esku-hutsik dantzatzen diren brokel-dantzaren sortako dantzetan aritzea, erreberentzia, paseoa edo boastitzea, billantzikoa... Uztaiak ikusten dira lurrean, esan bezala. Pascual Marinen argazkietan berriz, esku hutsik ageri dira batean baina makila txikiekin beste bietan.
Azken argazki honetan dantza-maisua izan daitekeena ere ageri da plaza-barruan, dantzariei begira. Atzean poxpolinen alboan badira hiru dantzari txiki eta Lekuonan argazkiak, txistularian alboan ikusi daiteke horrelako ume-dantzari bat.
Garai horretako Seguran izan ziren dantza-jardueren inguruko informazioarekin osatu du mezua Mikel Sarriegik: "Seguran badakigu gerra aurrean dantzari-txikiak bazirela eta Pedro Iriarte zela euren dantza-maisuetako bat, Antonio Telleriarekin batera, ziurrenik. 1932an jorrai-dantza, uztai-dantza, makil-dantza eta zinta-dantza behintzat, dantzatzen zituzten."
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23
https://www.kutxateka.eus/index.php/Detail/Objects/210316
https://www.kutxateka.eus/index.php/Detail/Objects/210309
https://www.kutxateka.eus/index.php/Detail/Objects/210312
Bai dantzari bai txistulariak berberak direla dirudi, eta ikusleen perspektibek bat egiten ez badute ere, zehatz begiratuta tartetxoren batean ikus daiteke kointzidentziaren bat.
Seguran badakigu gerra aurrean dantzari-txikiak bazirela eta Pedro Iriarte zela euren dantza-maisuetako bat, Antonio Telleriarekin batera, ziurrenik. 1932an jorrai-dantza, uztai-dantza, makil-dantza eta zinta-dantza behintzat, dantzatzen zituzten.
Nik uste, Eguberri giroko bi argazkiak Etxetxikiren atarian bertan atereak dira, hau da, Manuel Lekuonaren etxean bertan (eta, segur aski, Lekuonak berak). Hori esateko arrazoiak:
Bi mutikoen eta olentzeroaren argazkia fatxada nagusian egina, eta talde handiarena alboko fatxadan.
Etxetxiki egon zen tokitik gobaralekua ("labaderoa") eta Oiartzun horrelaxe ikusten dira.
Lortu ditudan Etxetxikiren bi argazki horietan (berriagoak; hemen: http://www.liburuklik.euskadi.eus/[…]/12320#&gid=1&pid=10, eta hemen: http://www.oiartzuarrenbait[…]ki-zaharrak?title=etxetxiki) guztiz bat datoz ateko harlanduak, baita pareta-kantoikoak ere. Oharra: olentzeroaren ("Orantzaro" dio argazkiak) atzeko etxea ez dago argazki berriagoetan (gaur egungo etxe "berria" baizik).
Talde handia ageri den argazkian, ezkerreko aldean, etxeari itsatsita zegoen eranskinaren hasiera nabaritzen da.