Makilak, zumeak, lantzak eta mazoak, agintarien ikurrak

2019/06/17
Makilak, zumeak, lantzak eta mazoak, agintarien ikurrak

Alkate izendapenekin batera agintea hartzerakoan udal batzuetan eta besteetan alkateek darabiltzaten botere sinbolo desberdinak azaleratu dira: aginte-makilak batzuetan, zumeak beste batzuetan eta lantzak gutxi batzuetan. Nondik norakoak dira aginte sinbolo horiek?

Aginte-makilak

Euskal udaletan zabalduena den ikurra makila da gaur egun. Makila dotoreak gehienetan eta euskal makilak zenbaitetan ere.

Elgetako alkatea aginte-makilarekin. Argazkia: Larraitz Zeberia / Goiena.

Ez bakarrik Euskal Herrian. Aginte-makilak ohikoak dira munduko hainbat txokotan boterearen ikur moduan.

Bartzelonako alkatesa, aginte-makilarekin.
 

Paraguay, agintaria makilarekin. Argazkia: Fernando Lugo Mendez CC BY-NC-SA

Zumeak

Euskal alkate askok darabilten aginte ikurra da zumea. Zume hori luze, zuzen ageri da batzuetan, baina gaur egun gehienetan borobilduta ageri da. Aginte onaren balioak biltzen ditu bere baitan zumeak: hautsi ezintasuna eta malgutasuna aldi berean. Neurria ere ematen zuen zumeak, sistema metrikoa indarrean ez zegoenean zumea izaten baitzen lurraren jabetza eta mugari buruzko gatazkak ebazteko erabiltzen zen neurria, eta agintariak izaten zuen neurri hori ematen zuen tresna, zumea, erabilera praktikorako, eta boterearen ikurtzat, biak batera.

Altzagako alkatea XX. mende hasieran makila edo zumearekin. Argazkia: guregipuzkoa.eus

 

Eskoriatzako alkatea zumearekin. Argazkia: Imanol Beloki / Goiena.
 

Bergarako Alkatea zumearekin. Argazkia: Jokin Bereziartua / Goiena.

Asteasuko alkatea agintearen ikur den zume zuzenarekin. Argazkia: Garikoitz Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

 

Euskal agintariak euskararen aurkako eraso judiziala salatzen Kontseiluak deituta, Bilbo, 2023-07-13.

Lantza

Udal gutxi batzuetan, durangaldean bereziki, lantza darabilte udal agintarien ikurtzat. Garai, Iurretan, Izurtza edo Zaldibarren ikusi ahal izan dira historikoki horrelakoak eta erabiltzen dira gaur egun ere alkateen aginte ikur moduan.

Garai, alkatea lantza eskuan.
 

Zaldibarren alkate aldaketa, 2018an, lantza eskuan dutela. Argazkia: Anboto.

Garai, alkatea lantzarekin XX. mende hasieran. Argazkia: Guregipuzkoa.eus

Izurtza, dantzariak eta alkatea lantzarekin. Argazkia: Astola.

Historiaurretik gaurdaino

Historiaurrean ere dokumentatu dira funtzio errituala zuten makilen erabilera. Euskal Herriko aztarnategi bat baino gehiagotan agertu dira aginte makilak; besteak beste, Izturitzen, Aitzbitarte IVn (Errenteria), Santimamiñen (Kortezubi), Aizkoltxon (Mendaro) eta Debako Urtiagan eta Praileaitzen. Kantabriako La cueva del Vallen ere agertu dira antzeko makilak. Duela 12.000-15.000 urtekoak dira. Badirudi komunitateko agintariek edo xamanek erabiltzen zituztela. Hala ere, makila horien funtzioaren inguruko hainbat interpretazio egin dituzte historialariek: adarrak zuzentzeko, larrua josteko, sokak txirikordatzeko, geziak jaurtitzeko... Zuloak dituzte edo animalien irudiak grabatuak.

Praileaitzeko bi zulodun makila / J. Wesbuer (Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen bilduma)

 

Aizkoltxoko aginte makila, zuloduna eta irudiekin / EHU

Antzinatean, Egiptoko errege-erreginek, Greziako mitologiako jainkoek, enperadore erromatarrek, bizanziar agintari gorenek, Aro Modernoko errege-erreginek... Aro eta zibilizazio gehienetako agintariek erabili izan dituzte aginte ikurrak, eta antzekoak ageri dira guztietan. Gobernua agureen zeregina zenean agintari-makilak adinean aurrera zihoazenen nahitaezko laguntzaile izanik, adinaren eta boterearen ikur ziren aldi berean. Hain zuzen "zetroa", "skeptron" grekotik eratorria, agureek ibiltzerakoan laguntzeko zerabilten makila zen antzinatean. Maiz, makilaren muturrean hosto edo fruituren bat jartzen zen, betiereko bizitzaren ikur moduan. 

Hera eta Zeus aginte makilekin. Irudia: Tarantoko Arkeologia Museoa.

Hera eta Zeus aginte makilekin. Irudia: Tarantoko Arkeologia Museoa.

Zesar Augusto enperadorea aginte-makilarekin

Erdi aroan, erregeen makilaren muturrean batzuk gurutzea jartzen zioten, beste batzuk hostoak, maiz lirio lorea izaten zuten, zenbait errege-etxeren ikurra zena, eta beste batzuetan, hosto arteko fruitua gero eta handiago eta borobilago bihurtzen joan zen, bola handi baten tankera hartu arte.

Clovis Frankoen errege.

Isabel Katolikoa aginte-makilarekin.

Bolarekin loratutako makilek, mazo izena hartuta ibilbide propioa egin dute eta gaur egun mazeroak izaten dira hainbat agintariren alboan, mazoak eskuan dituztela.

Nafarroako mazeroak.

Orreagako mazoak. Argazkia: Ekaitz Santazilia.

Boladun makila eta mazolarien artean, beste aldaera bat danbor-nagusien buruzagi-makila da. Tradizio militarrean forma bereizgarria eta zuzentzaile erabilera hartu duena. 

Tambour Major. Argazkia: Jean Pol Grandmont - Wikipedia CC BY-AT-SA

Tambour major. Argazkia: Thuin wikipedia

Euskal Herrian alarde eta danborradetan oso ohiko irudia da danbor nagusiak zuzentzeko darabilen aginte-makila.

Danbor nagusia danborrada zuzentzen. Argazkia: Donostiako Festak CC BY-NC-SA 2.0

Boladun makil apaindu hori bera Gipuzkoako dantzetan ere ageri da.

Aginte makilak dantzan

Ezaguna da gipuzkoako dantzetan kapitainak erabili ohi duen buruzagi-makila. Danborradan danbor nagusiak darabilenaren antzekoa da maiz, tamaina txikiagoa bada ere. XVIII. mendean etxetako saloietan egiten ziren dantzaldi edo saraoetan ohikoa zen dantzaldiaren zuzendariak era horretako makila bat erabiltzen dantzaren bilakera gidatzeko. Bastoneroak deitzen zitzaien zenbait tokitan zuzendari horiei. Kontra-dantzak zuzentzen zituena ere izen horrekin eta aginte makila eskuan eramaten zuelako ezagutzen zen maiz. Gipuzkoako brokel-dantzan ere dantzaren zuzendariak, buruzagiak edo kapitainak darama buruzagi-makila:

Gipuzkoar dantzariak buruzagi makilarekin, Kutxateka.

Gipuzkoar dantzaria buruzagi makilarekin, Kutxateka.

Beasain, Loinazko ezpata-dantza

Landare, bola edo animalien irudiz apaindutako makilez gain, zaldi formako makilak ere agertu dira. Ordoki Handietako Dakota tribuko dantzarako makila esaterako. Ia metro bateko altuera du makilak eta badirudi erritual dantzatuetan borrokan hildako zaldia ohoratzeko funtzioa zuela.

Dantzako zaldi makila, 1875 / South Dakota Historical Society-ren eskaintza

Informazio gehiago: Antxon Aguirre Sorondo: "Palos, bastones y makilas" (Euskonews)