Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Euskarazko lehen liburuak dantzara gonbidatzen gaitu

Dokumentuaren akzioak

Euskarazko lehen liburuak dantzara gonbidatzen gaitu

Linguae Vasconum primitiae, euskarazko lehen liburua, Bordelen argitaratu zuen Bernart Etxeparek 1545ean. Liburuko azken bi olerkietan euskara plazara atera eta zabaltzeko aldarria egiten da, eta bitxia da bietan "dantzara" ateratzeko deiarekin egiten duela euskararen aldeko aldarria. Bi olerkien izenburuei ere dantza airea darie: kontrapas eta sautrela.

1545eko edizioaren ale bakarra dago gordeta, Parisko Liburutegi Nazionalean dago. Duela gutxi formatu digitalean argitaratu du liburutegi horrek jatorrizkoaren kopia, hala jakin dugu Sustatu atarian irakurrita. Azken orrialdetan aurkitzen dira aipaturiko Sautrela eta Kontrapas olerkiak. Liburuaren transkripzioa klasikoen gordailua  aurki daiteke.

Mutil-dantza
Mutil-dantza. Irudia: Jose Maria Uzelai

Sautrela

Bernart Etxeparek konposaturiko bertso eta abestia da, euskararen aldeko oda da. Sautrela izena garai hartako lirika frantsesean modan zegoen Sauterelle dantzatik etor liteke. Jakinekoa da frantsesez 'saut' edo gazteleraz 'salto' dena 'jauzi' esaten dugula euskaraz, eta beraz, dantza-jauziak 'sauts basques' direla frantsesez. Zenbait ikertzaileren iritziz "jauzi" egiteak "dantza" egitea adierazi nahiko luke garai batean.

Heuskara da kanpora, eta goazen oro danzara

O heuskara lauda ezak garaziko herria
Zeren hantik ukhen baituk behar duian thornuia
Lehenago hi baitinzan lengoajetan azkena
Orai aldiz izaneniz orotako lehena.

Heuskaldunak mundu orotan preziatu ziraden
Bana haien lengoajiaz bertze oro burlatzen
Zeren ezein eskripturan erideiten ezpaitzen
Orai dute ikasiren nola gauza hona zen.

Heuskaldun den gizon orok alxa beza buruia
Ezi huien lengoajia izanen da floria
Prinze eta iaun handiek orok haren galdia
Skribatus halbalute ikhasteko desira.

Desir hura konplitu du garaziko naturak
Eta haren adiskide orai bordelen denak
Lehen inprimizalia heuskararen hura da
Basko oro obligatu iagoitikoz hargana.

Etai lelori bailelo leloa zarai leloa
Heuskara da kanpora eta goazen oro danzara.

Sautrela
Etxepareren Sautrela olerkia, edizio originalean.

Kontrapas

Bernart Etxeparek euskarari egin zion odetako bat.

Garaziko herria
benedika dadila
euskarari eman dio
behar duen tornuia.

Euskara, euskara,
ialgi hadi plazara.

Bertze jendek uste zuten
ezin eskriba zaiteien
orai dute porogatu
enganatu zirela.

Euskara, euskara,
ialgi hadi kanpora.

Orai dano egon bahiz
inprimitu bagerik
hi engoitik ebiliren
mundu guzietarik.

Euskara, euskara,
habil mundu guzira.

Kontrapas
Etxepareren Kontrapas olerkia, edizio originalean.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.