Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Txapin beltzak jantzi dituzte Legazpiko ezpata-dantzariek

Dokumentuaren akzioak

Txapin beltzak jantzi dituzte Legazpiko ezpata-dantzariek

2018/05/30 09:00
Txapin beltzak jantzi dituzte Legazpiko ezpata-dantzariek

Ezpata-dantza, Legazpi, 2018-05-03. Argazkia: Goierriko Hitza

Txapinak, abarketak edota abarkak soinean ikusi izan ditugu historian zehar Legazpiko dantzariak. Modak, erosotasunak edota eskuragarritasunak bultzatuta hainbat aldaketa izan dituzte Legazpiko dantzarien jantziek eta, batez ere, oinetakoek. Aurten, goitik behera berritu dituzte arropak, horrekin batera oinetakoak urte luzetarako definitzea erabaki dute, hala azaldu digu Jon Dorronsorok, Sustraiak dantza taldeko kideak. Hemendik aurrera oinetan txapin beltzak dituztela ikusiko ditugu. Erropen bilakaeraz gain, Legazpiko ezpata-dantzan emakumezkoen eta gizonezkoen parte hartzean ere hainbat aldaketa izan dira.

XX. mende hasieran eta erdian abarketa edo txapin zuriak

XX. mende hasierako eta 1954ko irudietan dantzariak oinetako zuriekin agertzen zaizkigu. 1954an antzematen da abarketa zuriak koloretako zintekin daramatzatela dantzariek. Irudi zaharrenetan, ordea, dantzari batzuek koloretako zintadun abarketak badituzte ere, beste zenbaitek abarketa zuri-zuriak edo txapin zuriak daramatzatela ematen du.

Soka-dantza, Legazpi, 1920ko hamarkada.
Soka-dantza, Legazpi, 1920ko hamarkada. Argazkia: Jon Dorronsorok emana

Legazpi, Oktabario dantza XX. mende hasieran.
Legazpi, Oktabario dantza XX. mende hasieran.

Legazpi: Ezpata-dantza 1954
Ezpata-dantza Legazpin, 1954-05-03. Argazkia Legazip dantzan liburuskan argitaratua (Sustraiak-Goiz Deia, 2006).

1980ko hamarkadan larruzko abarkak

1960ko hamarkadan etenaldia izan zuen Legazpiko ezpata-dantzak. 1970eko hamarkadan, ordea, dantzari batzuk elkartu eta adinekoei laguntza eskatuta berriro atera zuten dantza 1976an. Ordutik gaur arte urtero dantzatu du Sustraiak dantza taldeak ezpata-dantza Santikutz egunean. Dorronsorok azaldu digunez eta argazkietan ere hala ikusten da, lehenengo urteetan abarketekin dantzatu zuten, baina 1980an, larruzko abarkekin atera ziren dantzariak plazara. Oinetakoak aldatzez gain, galtza luzeak alboratu eta zaraulak edo prakamotzak berreskuratu zituzten.

Ezpata-dantza, Legazpi
Ezpata-dantza, Legazpi, 1978-05-03. Argazkia: Jon Dorronsorok emana.

Legazpia ezpata-dantza 2005

2015-2017 abarketa zuriak

Ia berrogei urtean larruzko abarkekin ibili eta gero, abarketa zuriak jantzi dituzte azken urteetan Legazpiko dantzariek. Urteak dira Ramon Garciaren aholkuak jarraitzen dituztela Sustraiak dantza taldeko kideek, haren gomendioei jarraituta, hasieran zenbait dantzetarako erabili izan duten XIX. mendeko jantzi zibilean baztertu zituzten abarkak eta, orain, baita jantzi zurian ere. Izan ere, argazki zaharretan eta dokumentuetan ikusi da abarkak lanerako oinetakoak zirela, eta ez kalerakoak edota festa egunetarakoak.

Ezpata-dantza, Legazpi
Ezpata-dantza, Legazpi, 2015-05-03. Argazkia: Jon Dorronsorok emana.

2018tik aurrera txapin beltzak

Dorronsoroko kontatu digu aurten goitik behera berritu dituztela dantzarien jantzi zuriak. Behin berritzen hasita, luzarorako definitu nahi izan dituzte hainbeste aldaketa izan dituzten dantzarien oinetakoak. "Idatzi zaharretan dantzarien oinetakoak kontuak ageri direnean, zapata edo txapin modukoak ageri dira, askotan dantzari bakoitzak bordatu edota zintekin apainduak", erreferentzia horiei helduz, txapin beltzekin atera dira aurten eta hala jarraitzeko asmoa dute.

Ezpata-dantza, Legazpi
Ezpata-dantza, Legazpi, 2018-05-03. Argazkia: Goierriko Hitza

Bestalde, oinetakoen berrikuntzaz gain leku aldaketa ere izan da aurtengoan. Azokako arkupean egin dute aurten lehengo aldiz ezpata-dantza. Orain arte, eguraldi txarra egiten bazuen ere, plazara atera izan dira dantzariak, euripean eta ia ikuslerik gabe. Orain dela urte gutxi batzuk berritu eta egokitu dute azokako arkupea eta ordutik aurtengoan egin du lehen aldiz euria. Hemendik aurrera, eguraldi makurra bada, estalpean egingo dute dantza. Dantzariek, dudarik gabe, nahiago dute plazan dantzatu, baina eguraldiak hala behartzen badu, azokan dantzatzearen aukera egokiagoa dela uste dute. 

Ezpata-dantza, Legazpi
Ezpata-dantza, Legazpi, 2018-05-03. Argazkia: Goierriko Hitza

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.