Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Jose Angel Dorremotz, Aurizko sanjuanetako ardatz

Dokumentuaren akzioak

Jose Angel Dorremotz, Aurizko sanjuanetako ardatz

2018/06/22 10:50
Jose Angel Dorremotz, Aurizko sanjuanetako ardatz

Soka-dantza Berruetan. Argazkia: Baztango haizegoa

Pello San Millanek, Baztango haizegoa blogean, Jose Angel Dorremotz txistulari almandoztarraren zenbait kontu argitaratu ditu. Manuel Dorremotz txistulariaren semea, XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran aita aritzen zen lekuetan jotzen segitu zuen, Baztango hurrengo belaunaldien buru eta erreferentzia bilakatu zen. Maurizio Elizalderen, Jose Telletxearen, Silverio Villanuevaren edota Larraldetarren aurrekoak izan ziren Dorremotztarrak.

Jose Angel Dorremotz, urte askoan, Aurizko txistularia izan zen eta luzaroan Aurizko San Juan festak animatu zituen. Agustin Irigaray idazle auriztarrak urte horietan Jose Angel Dorremotzek jotako piezak, Aurizko dantzak eta herriko giroa jaso zituen “Danzas euskarianas que se interpretaban en Auritz/Burguete”  lanean.

Soka-dantza Oronozen, XX.mende hasiera.
Soka-dantza Oronozen, XX.mende hasiera. Argazkia: Txistulari aldizkaria

San Juan Bezpera

Garai batean Baztango Almandoz herritik mendiz-mendiz abiatzen zen oinez Jose Angel Dorremotz ttunttuneroa Aurizko San Joan festak alaitzera. Aurizko mutilen priorea (festetako maiordomoa edo danbolinausie) bere bila abiatzen zen zaldiekin. Ekainaren 23an, eguzkia sartu baino lehen herriko mutikoak Ipetea iturrian, ttunttuneroari harrera emateko biltzen ziren. Horiek, urrutira almandoztarra ikusi bezain pronto, poza erakusten zioten, festak alaitzen zituen pertsona bera baitzen. Karrika-soñua jotzen sartzen zen herrian, kaletan haurrek dantzan eta algaran eta helduek pozik eta irribarre agurtzen omen zuten, Jose Angel ospetsua eta maitatua zela diote garai hartako auriztarrek. Sarrera arrakastatsuren ondoren afaltzen ematen zioten.

partitura karrika-soñua

Afal ondoren kaleetako suak saltatzen zituzten herritarrek eta Dorremotzek karrika-soñua jotzen zuen. Ondoren, plazan, suaren inguruan mutil-dantza (Baztangoa) dantzatzen zuten. Dantzak amaituta, alkateari bisita egiten zitzaion eta hark ardo baso batekin "detallea" ordaintzen zion. Une horretan alkatearen alabari dantza oparitzen zitzaion. Dantzatu ondoren, elizara joaten ziren eta elizako atean festetako erroskoa zintzilikatzen zuten, une hori ere karrika-soñuarekin alaituta.

San Juan Eguna

Goizean goiz, herriko mutikoek eztai-soñuarekin lagunduta herriko erronda egiten zuten. Hamarretan meza izaten zen eta mutilak soñulariarekin iristen ziren. Meza bukatzean, "martxa real" antzeko batekin (Dorremotzek asmatua) ateratzen ziren eta bezperan utzitako erroskoa mutilen artean banatzen zen. Arratsaldean,  "martxa real" jotzen herriko buelta eta kalejira hasten zen eta mutilak etxez-etxez ibiltzen ziren sanjoanetako "piperropilak" eskatzen.

partitura martxa-real

San Juan bigarrena

Bazkal aurretik, herritik barrena gero jango zen aharia edo zikiroa karrika-soñuaren konpasarekin paseatzen zen. Aharia eder apaindua joaten zen eta komitiba horretan bi zerbitzari bi bildotsekin joaten ziren. Plazara iritsita, neskatxak bilduak izaten ziren eta “ezkila-fraile” soñuarekin lagunduta joko-dantzetan aritzen ziren, pañolo-dantza (soka-dantza), andre-dantzak, arin-arinak, txakur-dantza... ere dantzatzen zituzten, denak Dorremotzen doinuan. Bazkal ondoren plazan berriz dantzak izaten ziren eta ondoren, pañolo-dantzarekin etxez-etxez trago bila abiatzen ziren.

partitura txakur-dantza

Azken eguna

Hurrengo festetako “priorea” eta bi zerbitzariak aukeratzen zituzten, horiek hurrengo festak antolatzeko ardura hartzen zuten. Mutilak, afaltzerakoan, tabernan mahai luze baten inguruan biltzen ziren. Jose Angel “priore eta zerbitzariaren” martxa jotzen hasten zen, orduan, urte horretako priorea mahai gainera igotzen zen, eskuetan zapi zuria eta ardo basoa zuela. Soinuaren erritmora mugituta keinuak egiten zituen zapia eta ardoa norbaiti utziko balio bezala. Azkenean, zapia eta ardoa jasotzen zituena, hurrengo urtean festetako priorea izaten zen. Dantza eta soinu hori, zerbitzariak  aukeratzeko beste bi aldiz errepikatzen zen.

Informazioa: Dorremotztarrak (Baztango haizegoa bloga, 2013-09-17)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.