Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Iurretako eta Berrizko ezpata-dantzariak Madrilen eta Sevillan aritu zirenekoa

Dokumentuaren akzioak

Iurretako eta Berrizko ezpata-dantzariak Madrilen eta Sevillan aritu zirenekoa

2021/11/02 08:05
Iurretako eta Berrizko ezpata-dantzariak Madrilen eta Sevillan aritu zirenekoa

Iurreta eta Berrizko dantzariek Madrilgo Monumental zineman dantzatu zuten egunean, Madril, 1929-05-17. Argazkia: Anboto

Arraroak bezain harrigarriak egin zitzaizkien Sevillako eta Madrilgo ikusleei Durangaldeko dantzarien dantzak, eta ezpata-dantzarien bizkortasuna eta indarra nabarmendu zituzten. Euskal kulturaren ordezkari aritu ziren Sevillan eta Madrilen Iurretako eta Berrizko dantzariak 1929ko maiatzean.

Sevillako Erakusketa Iberoamerikarrean eta Madrilgo Monumental zineman dantzatu zuten. Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien eta Bilboko eta Donostiako udalek osatutako proiektuari esker Sevillako erakusketan izan ziren Berrizko eta Iurretako dantzariak, Donostiako txistulari banda eta Euskal Orfeoiarekin batera. Jon Irazabal historialariaren informazioaren laguntzaz Anboton argitaratutako artikuluari esker izan dugu Iurretako eta Berrizko dantzarien 1929ko ibileren berri. Sevillatik etxera bueltan Madrilgo Euskal Etxearen gonbita jaso zuten euskal artistek, eta Madrilgo Monumental zineman aurkeztu zuten Sevillako erakusketarako antolatua zuten ikuskizuna.

Bost emanaldi Sevillan

Iberoamerikako Erakusketa egin zen Sevillan 1929. urtean eta euskal ordezkari gisa joan ziren Iurretako eta Berrizko dantzariak, Euskal Orfeoia eta Donostiako txistulariak. Sevillako erakusketa Espainia, Hispanoamerika, Estatu Batuak, Portugal eta Brasilen arteko senidetzaren erakustoki izateko helburuarekin egin zen, eta 1929ko maiatzaren 9tik 1930eko ekainaren 21era arte iraun zuen.

Erakusketarako Donostiako Orfeoia eta Bilboko Sozietate Korala elkartu zituzten Euskal Orfeoia osatzeko. Lehengoaren zuzendaria Secundino Esnaola zen eta bigarrenarena Jesus Guridi; Pablo Sorozabal ere Sevillan izan zen orkestrak interpretatu zituen lanak zuzentzeko. Helburua zen euskal musika erakusketan presente izatea, eta musikarien kontzertuetan dantzarien erakustaldiak izan ziren. Inaugurazio ekitaldian dantzatu zuten Amaya operako ezpata-dantza orfeoiaren eta orkestraren doinura eta erritmora. Ikusleen artean ziren Espainiako errege familia, Asanblea Nazionaleko lehendakaria, Sevillako Udala eta Aldundia eta erakusketako zuzendaria. Hurrengo egunetan, Euskal Herriko musikariek eta dantzariek beste lau emanaldi eskaini zituzten erakusketako antzokian, katedraleko 'Patio de los Naranjos' izeneko eremuan, Espainia plazan eta Maestranza zezen-plazan.

Euskadiko pabelloia
Euskal pabiloi ndustriala Sevillako iberoamerikar erakusketan, 1929. (Heraldo Alavés, 13.04.1929 p. 3) ( Ignacio Aldekoa Kulur Etxea, Gasteiz).

Erakusketa etnografikoan ere dantzak

Musika eta dantza emanaldiez gain, Bizkaiko eta Gipuzkoako Diputazioetako pabiloiko sekzio etnografikoan euskal dantzari, kirolei eta ohiturei lotutako hainbat elementu eta irudi ipini zituzten erakusgai. “Musika eta Dantza” eremuan dantzariak ageri diren Arrueren Erromeria eta Erromeria plazan koadroak ikus zitezkeen. Espainiako errege-erreginak harrituta gelditu omen ziren Pascual Marinen diapositibekin. Leihateetan euskal dantzen eta kirolen kristalezko 20 x 40 cm-ko diapositibak proiektatu zituzten.

Madrilen geldialdia

Madrileko Euskal Etxearen gonbita onartu eta Euskal Herrirako itzuleran Espainiako hiriburuan egin zuten geldialdia euskal dantzariek eta musikariek, eta Monumental zineman aurkeztu zuten maiatzaren 17an Sevillarako prestatutako ikuskizuna. La Voz egunkariak bezperan iragarpenak esaten duenez Euskadiko Orfeioarekin eta Berrizko eta Iurretako dantzariekin batera aritu zen oholtzan Madrilgo udal musika banda ere. Hemen egitaraua:

Primera parte (voces solas).—
"Maitasun", Guridi; "Ator, ator, mutil", Guridi; "San Juan", Guridi; "Loa, loa", Esnaola; "Ni ez naiz", Guridi; "Akerra", Guridi; "Kalez kale" (con txistus, tamboriles y tambor), Sorozábal.
Segunda parte.—Bailes populares por los espatadantzaris de Bérriz y Yurreta y banda de txistularis.
Tercera parte. — "Tannhauser" (marcha), R. Wágner; "Madrid" (canción de la maja), R. Villa; Danzas guerreras de "El príncipe Igor", Borodine. (Orfeón y banda.)                                                                                                                                                                                        La Voz, 1929-05-16, 8.orr.                                    

 

Ekitaldiaren biharamunean, berriz, El Sol egunkariak ekitaldiari buruzko kritika ederrak jaso zituen:

Un público enorme presenció y aplaudió de un modo entusiástico a los cantantes y bailarines vascos y a los profesores madrileños.  (...)
La segunda parte del programa la llenaron las danzas de los "espatadantzaris" que bailaron con sus espadas y palitroques, produciendo un asombro extraordinario por la agilidad y fortaleza de sus pasos.                                                                                                              El Sol, 1929-05-18, 8.orr.                                                                                                                          

Otsailean Parisen Saski Naskirekin

Maiatzean Sevilla eta Madrilen ibili ziren Berrizeko eta Iurretako dantzariak, baina ez zen Durangaldeko dantzarien 1929ko dantza bidaia bakarra izan, otsailean Parisen izan baitziren. Izan ere, Frantziako hiriburuan aurkeztu zen Saski Naski ikuskizuna, eta bertan parte hartzen zuten Berrizko ezpata-dantzariek. Espainiako emanaldien aurretik, 1929ko otsailaren 8an, Parisko Campos Eliseos antzokian, 2000 pertsonaren aurrean dantzatu ziren berriztarrak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.