Dokumentuaren akzioak
Erritu maskulinotzat jo zirenak emakumeen dantzak direla ikusi dute
Kuarrenta
Hegoafrikako San herriaren haitz-pinturetan ageri diren giza irudiak luzaz erritu espiritual maskulinoen adierazpen gisa interpretatu izan dira. Bereziki, trantze-dantzekin lotu izan dira irudi horiek. Orain, María Cruz Díaz-Andreu eta Jacqueline Kumbaniren ikerketek ikuspegi hori zabaltzea proposatu dute. Hegoafrikako lau probintziatan banatutako haitz-pinturen multzo zabal baten azterketa sistematikoan oinarrituta, ikertzaileek erakutsi dute irudiek ez dutela dantza bakar bat adierazten, baizik eta dantza-sistema aberats eta askotariko bat. Sistema horretan, gainera, emakumeek protagonismo nabarmena dute, batez ere igarotze-errituekin lotutako dantzetan.
Trantze-dantzak baino gehiago
Ugariak dira era honetako irudiak Hegoafrikako labar-artean. San herria edo boskimanoen kulturako irudi horien interpretazioan nagusitu den ereduak dantza-eszena gehienak trantze eta sendatze-dantzarekin lotu ditu. Dantza mota horretan, xamanak trantze-egoeran sartzen dira, gaixotasunak sendatzeko edo oreka soziala berrezartzeko. Margolanetan ageri diren gorputz deformatuak, animalia-giza hibridoak edo sudurretik odola darien irudiak interpretazio horren froga gisa erabili izan dira.
Díaz-Andreu eta Kumbaniren lanak ez du interpretazio hori ukatzen, baina haren mugak azaleratu ditu: dantza-eszena guztiak ezin dira trantze-dantza moduan ulertu. Irudi askok bestelako antolaketa koreografikoak erakusten dituzte, beste erritual batzuekin lotuak edo batzuetan olgeta, dantzaren erabilera ludikoa agertzen dutenak. Ikertzaileek dantza bera jarri dute analisiaren erdigunean eta horrek aldatu ditu ondorioak. Gorputz-jarrerak, mugimenduaren norabideak, dantzarien arteko harremanak, talde-antolaketak, erabilitako objektuak (makilak, apaingarriak, arkuak) eta erritmoaren adierazleak aztertu dituzte.
Emakumeen protagonismoa
Interpretazioan aldaketa esanguratsuenetako bat emakumeen presentziari eta rolari buruzkoa da. Orain arteko interpretazioetan gizonezkoak protagonista ziren errituei begiratzen zitzaien, baina orain ikusi dute haitz-pinturetan ageri diren zenbait dantza-eszena emakumeekin lotuta daudela argi eta garbi. Zehazki, horietako batzuk San tribuetan ohikoa den "eland" dantzekin lotu dituzte.
Igarotze erritua da eland-dantza, nerabezarotik helduarorako trantsizioan egiten da, eta lehen hilekoaren agerpena ospatzen da horren bidez. Eland-a antilope handia da, eta boskimanoen erritual horretan, tribuko emakumeek hilekoa izan duen neska gaztea inguratzen dute, askotan bularrak erakutsi eta aldakak dantzatzen dituzte bere inguruan. Errituan trantze-egoeran sartzen dira parte-hartzaileak, espirituekin harremanetan jartzen dira.
Milaka urtez luzatutako dantza-praktikak
Aztertutako labarretako margoak ez dira garai bakarrekoak. Zaharrenak duela 3.000 urte baino gehiago eginak izan daitezke, eta berrienak XIX. mendera artekoak dira. Denbora-tarte zabal horrek erakusten du dantza-praktika horiek belaunaldiz belaunaldi transmititu direla, aldaketa eta egokitzapenekin, noski. Horregatik, XIX. eta XX. mendeetako etnografia idatziek —San komunitateen dantzak eta errituak deskribatzen dituztenek— baliagarriak izaten jarraitzen dute, irudi zaharragoen interpretazioa aberasteko. Ez esanahi bera izan dutelako beti, baizik eta dantzak gizarte-antolaketaren eta kosmologiaren ardatz izaten jarraitu duelako.
Irakurketa berri honen arabera, hormetako margolanak ez dira soilik irudi sakratuen bilduma bat. Gorputzen bidez transmititutako jakintza baten aztarnak dira: dantza egiteko moduak, erritmoak, talde-antolaketak eta rol sozialak gordetzen dituzte. Labar-artea, horrela, dantza-praktiken memoria bisual gisa uler daiteke. Ikuspegi horrek aukera ematen du labar-artea ondare immaterialaren ikuspegitik berrirakurtzeko, dantza eta gorputza erdigunean jarriz. Eta, aldi berean, gogorarazten digu irudi horiek ez direla iragan urrun eta isil baten aztarna hutsak, baizik eta milaka urtez bizirik egon diren dantza-sistema konplexuen lekuko.
Genero-begirada artearen interpretazioan
Hegoafrikako haitz-artearen berrirakurketa honek badu parekotasunik Euskal Herriko artearen historiografian ere. Isabel Mellen eta Gorka Lopez de Muniain historialariek azken urteotan Erdi Aroko arteari buruz egindako lanek erakutsi dute nola, ikuspegi maskulino batetik egindako interpretazioek irudiak, esanahiak eta egileak beraiek ere modu partzialean ulertzera eraman gaituzten. Genero-begirada txertatuz, irudien irakurketa berriak proposatu dituzte, emakumeen presentzia, agentzia eta egiletza azaleratuz, luzaroan ikusezin bihurtu diren dimentsioak mahai gainean jarriz.
Isabel Mellenek aztertutako zenbait adibide argigarriak dira ikuspegi-aldaketa horren ondorioak ulertzeko. Erdi Aroko ikonografian tradizionalki gizon gisa identifikatu izan diren figura batzuk berrirakurri ditu Mellenek, emakumeak direla proposatuz. Horien artean dira Alaitzako elizako irudi ikusgarriak. Horietan ageri diren pertsona-irudi batzuen ezaugarri anatomikoak, ilearen tratamendua, arropen egitura edo irudien testuinguru narratiboa hartu ditu kontuan, aurreiritziek baldintzatutako irakurketa misoginoak zalantzan jarriz. Bestalde, irudi sexual edo lizun gisa interpretatu izan diren zenbait eszena —emakume biluziak, hankak zabalik, gorputzaren behealdea nabarmenduta— erditze-irudikapenak izan daitezkeela defendatu du Mellenek.
Iturria: Margarita Díaz-Andreu; Joshua Kumbani (2025). "Exploring Dance Scenes in South African Rock Art: From Kwazulu-Natal to the Western Cape", Telestes. 5, 2025.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23


