Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Dantzari, aktore eta modelo Ederrena: Agnes Souret

Dokumentuaren akzioak

Dantzari, aktore eta modelo Ederrena: Agnes Souret

2024/01/26 07:30
Dantzari, aktore eta modelo Ederrena: Agnes Souret

Agnes Souret.

Dantza, moda eta zine munduan aritu zen Agnes Souret, Baionan jaiotako ezpeletarra. Eta ez zen txikikeriatan aritu: lehenengo Miss Frantzia edertasun lehiaketa irabazi zuen eta Hollywood eta Montecarloko Operara ere iritsi zen.

Karmele Jaioren Maitasun Kapitala izenburuko azken liburuan izan dugu Agnes Soureten berri:

Ederrena deitzen zioten, Iparraldeko emakume eder bat izan zen Ezpeletakoa, eta 1920an "la plus belle feme de France" aukeratu zuten, hara eta hona jarraitzen ziotenak, adoratu egiten zuten. 27 urte, besterik ez zituela, Argentinako tournée batean, peritonitis baten ondorioz hil zen. Eta bat-batean desagertu egin ziren miresleak, lagunak, agenteak... Amak Ezpeletan lurperatu nahi zuen alaba, baina ez zuen beharrezko baliabiderik eta denek bizkarra eman zioten. Ederrena izenez da ezaguna. Ederrena bai, baina, ederra izateari uztean, ahaztu ere bai.

Kuriositatez sarean arakatzen hasi eta, hara, dantzari izan ez zen ba, eta ez bera bakarrik, baita bere ama ere. Miel A. Elustondok ere bazuen Souret dantzari gaztearen berri, eta hainbat datu jasoak ditu Ezpeletako arrosak arantzarik ez artikuluan.

Agnes Souret
Agnes Souret.

Agnes dantzari Ederrena

Jeanne Germaine Berthe Agnes Souret 1902ko urtarrilaren 21ean jaio zen Baionan, pasa den igandean beteko zituen 102 urte. Rempart Lachepaillet karrikako 32. zenbakian. Marguerite Souret zuen ama, aita ez dakigu nor zuen, ama ezkongabea zen. Ama ere dantzaria omen zen, ballet dantzaria, Montecarloko Operan dantzatutakoa.

Agnesek modelo eta aktore lanetan egin zituen lehen urratsak. Lehen Miss Frantzia izan zen, 1920an, 17 urte besterik ez zituela. 1922an Londresko West Endeko Gaiety Antzokian antzeztu zuen Pins and Needles (Inurridura) ikuskizunean. Hollywoodera ere iritsi zen eta The Famous Book of Beauty Secrets (Ederraren sekretuen liburu famatua) argitaratu zuten.

Agnes Souret
Agnes Souret.

Jostun sartu zen Madeleine Vionnet (1876-1975) arrakasta handiko moda diseinatzaile frantziarraren etxean. Eta begira, han ere dantzak bazuen lekurik. Izan ere, diseinatzaile ospetsuaren inspirazio iturri handiena Isadora Duncan (1877-1927) dantzaria izan zela diote. Teknika zurrunak hautsi eta mugimendu naturalen alde egin zuen, dantza garaikidearen aurrekaritzat hartzen da.

Agnesek ere dantzaren bideari heldu zion, baina Duncanen eredutik baino, bere amak egin zuen bide antzekotik, Montecarloko balletera joan zen. Baina 1928an, ballet konpainiarekin bi hilabeteko bira egiten ari zela Argentinan, apendizitis akutuaren ondorioz hil zen Buenos Airesen.

Agnes Souret
Agnes Souret.

Baionan jaioa, baina oso umetatik Ezpeletan bizi izan zen amarekin. Horrela, Margueritek bere albora ekarri nahi izan zuen alabaren gorpua. Eta garesti atera zitzaion benetan, zeukan dena saldu behar izan zuen eta miserian gelditu. Baina alabarengandik gertu. 1963an hil zen eta alabarentzako eraiki zuen hilobian ehortzi zuten. Ezpeletako Jondoni Extebe elizaren kontra dagoen hilobian daude biak, nonbait elkarrekin dantzan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.