Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Burlatan dantzatzeko ordaindu behar izaten zenekoa

Dokumentuaren akzioak

Burlatan dantzatzeko ordaindu behar izaten zenekoa

2021/07/28 07:00
Burlatan dantzatzeko ordaindu behar izaten zenekoa

Argazkia: Etnolan aldizkaria

50 pezeta egunez dantzan aritzeko eta 100 pezeta gauez dantzatzeko. Horrelako zergak kobratzen zizkien dantzazaleei Burlatako udalak orain 100 urte. Etnolan izeneko etnografia aldizkari berriraren lehen zenbakian, Ricardo Gurbindo burlatarrak, bertan egiten ziren plazako dantzaldiei buruzko artikulua idatzi du, eta gurera ekarri nahi izan dugu horren laburpen bat. 

Joandako ekain erditsuan Etnolan izeneko etnografia aldizkari digital berria aurkeztu dute Iruñean. Landa-azterketa egitea ikaragarri zaildu duen pandemia garai honek artxiboak, bibliografiak, hemerotekak... arakatzera gonbidatzen duela sinetsita, azterketa horien fruituak argitalpen berriaren bitartez zabalduko dituzten hemendik aurrera. 

Udalen gastuak

Antzina, udal eta kontzejuek bere gain hartzen zituzten gaur egun probintzia (diputazio), autonomia eta estatu gobernuek hartzen dituzten zerbitzuetako asko. Horrek gastu handiagoak ekartzen zizkien, ezinbestean, eta udalek zerga ezberdinen bitartez egiten zieten aurre gastu horiei. Diru mugimendu horiek guztiak —sarrera ala irteera izan— udal agirietan geratu dira jasota, eta horien bitartez jakin dezakegu, adibidez, XVI. mendetik aurrera Burlatako udalak bere gain hartu izan zituela herriko mezetak* edo festak alaituko zituzten dantzari zein musikarien jardunen ordainketak.

*Mezeta herriko festei esan izan zaie Nafarroa Garaian. 'Meza' + 'eta' ugaritasu atzizkiaren arteko loturaren ondorio litzateke eta meza askoko garaiarekin —hau da, ohi baino meza gehiago izaten zen festa garaiarekin izanen luke harremana.

Arau moralak

Festetako dantzaldien ardura ere Burlatako udalaren esku egoten zen. Bi afera esanguratsu hartu behar izaten zituen kontuan udalbatzak dantzaldi horiek antolatzerakoan. Batetik, eskudirua beharrezkoa zuten gaiteroen edo bestelako musikarien soldatak ordaindu ahal izateko. Bestetik, garaiko arau moral zorrotzak errespetatzen zirela bermatu behar izaten zuten. Alkateak musika geldiarazi eta musika-tresnak konfiskatzeko ahala zuen, baita isunak jarri edo musikariak auzibidean jartzeko eskuduntza ere.

Udalek antolatutako edo baimendutako dantzaldi hauek arau moralak beteko bazituzten ere, ez ziren beti araubidearen zaintzaileen gustuko izan. 1914ko La Avalancha izeneko Burlatako aldizkari katolikoak ezinegona adierazi zuen urte hartako festa hastapenetako dantzaldian "polkaren nota lotsagabeak" aditu baitziren. Hura ez zela tradizionala, eta baltsak, polkak edo/eta mazurkak bertako usaiazko doinuak ohildu zituztela.

Burlatako dantzaldia. 1940 urte inguruan
Dantzaldia Burlatako larrainetan, musikarien kioskoa plaza erdian dela. 1940 urte inguruan. Egile ezezaguna. Etnolan aldizkaritik

Ez ziren musikariak jopuntuan jarritako bakarrak. 1862ko bandoan Burlatako alkateak tabernariak egin zituen arau moralok betearaztearen arduradun. Handik urte batzuetara, erabaki bidezkoagoa hartu zuten Eguesibar guztirako, balizko arau-hauslea bera eginez zigorraren erantzule.

Molde honetako dantzaldien ordainketak ohikoak ziren urteroko udal kontabilitatean. Esan bezala, zerga zuzenen edo zeharkakoen bidez egiten zieten aurre: egur salmenta, belarren errentamendua, ibaiko area erauzi ahal izateagatik... Denboraren poderioz, aipatutako sektoreek eta kontzeptuek etekina emateari utzi zioten eta bestelako irtenbideak bilatu behar izan zituzten, besteak beste, dantzaldien gastuei aurre egiteko.

Iruñeko udatiarrak

XIX. mende bukaera eta XX.-aren hasierako urteetan Burlatak hazkunde handia izan zuen. Garai hartan Iruñea oraindik, harresi zaharren barruan zedarritua zen, eta bertako jende aberatsak Iruñetik kanpo bilatu zuen bizileku zabalagoetarako aukera. Burlata horretarako toki hautua bilakatu zen. Nafarroako Diputazioak berak ere, hoteltxo deitu zituzten 100 etxebizitza egiteko diru-laguntza eskaini zuen, Iruñeko aberats-jendeak udaldirako bizileku goxoa izan zezan. Hartara, etxe horietan antolatutako musika-gaualdiek goi gizartearen dantzaldien antz handiagoa hartu zuten, plazako dantzaldiena baino.

Burlatako dantzaldia. XX. mende erditsuan
Dantzaldia Burlatako larrainetan, XX. mende erditsuan. Egile ezezaguna. Etnolan aldizkaritik.

Dantzaldiok geroz eta maiztasun handiagoarekin antolatuak baitziren, Burlatako Udalak dirua biltzeko aukera ezin hobea topatu zuen. Dantzaldiei zerga jarri zieten 1920an. Hala, egunez egiten ziren dantzaldiendako 50 pezetakoa zen ordaindu beharrekoa. Dantzaldia gauez bazen, 100 pezeta. Ekitaldiek jite pribatuagoa bazuten, etxeen barnealdean antolaturik, kopuruak bikoiztu egiten ziren. Maskara-dantzaldien kasuan 200 eta 300 pezetakoak ziren zergak, goiz edo gaueko dantzaldiendako, hurrenez hurren.

Udalbatzaren burutazioak fruitu eman zuela dirudi, 1921ean zerga berritu baitzuten. Bildutako dirua, dantzaldi publikoak finantzatzeko bideratu zuten urte horietan. Noski, dantzaldi horiek zergez libre izaten ziren.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.