Dokumentuaren akzioak
Buhameen kantuak eta kontuak
Itxaro Bordak Buhameei buruzko artikulu ederra argitaratu zuen orain dela hilabete Argian. Buhameen kantuei eta kontuei buruzko informazio ugari bildu du Bordak. Iturriak, hitzen aldaera desberdinak, ijitoen, buhameen kantuak eta kontuak, jakingarri eta gozagarri.
Buhameak Badakite kantako "Lupaireton lupaireton Lupair lupair lupaireton" zatiari buruzko azalpena ijito hizkera-jolastiarekin lotzen du, ijito hizkera imitatuz,'pa', 'po', 'pi', 'pu' gehituz izan de jolas-ohitura ederra berreskuratuz. "Lupaireton" horren jatorriaz ordea beste azalpen baten berri eman genuen duela ia urtebete argitaratu genuen Laruns: Bal Ossalois 2016 Lou Peyroutou artikuluan. Biarnon Lou Peyroutou izeneko jauzia dantzatzen dute, jauziaren zati bat hain zuzen, Buhameak Badakite doinuaz lagundurik. Eta Lou Peyroutou izenak 'Pedro txikia' edo 'Pedrotxo' esan nahi du.
Datozen lerroetan dituzue Itxaro Bordak jasotako Buhameen kantuak eta kontuak.
Trikun trakun eginez
Maskaraden sasoia aitzina ari da Zuberoako herrietan barrena eta igande oroz buhameak, predikuekin, ibarrak alegeratzen eta kitzikatzen dabiltza. Plazak, irriz, zirtoz, oihuz eta punpa sinets ezinez betetzen dira, aldamenean taloak adelatzen dituzten ikastoletako gurasoen mahaiak zalantzan jarriz. Buhame airosak agertzen direlarik neguak lotara eraman jendartearen zainak ikaratzen hasten dira: seinale bat da!
Resurrección María Azkue kantu zahar biltzaile bizkaitarrak, iragan mende erditsutan, paperean etzan zituen Buhameak Badakite bertsoak, Baigorrin jasoak baina berri-emailearen izenik gabe. Ez zitekeen apeza. Nafarroa Beherean eta Zuberoan ezaguna den abestia ihauteri denboretan eskaintzen da dantza sotil eta kokin batez hornitua: ezker, eskuin, ezker eta hiru… Jauziak markatuz borobilean mugitzen dira dantzariak, maiz haurrak egia erran, eta erritmoan ipurdiak elkar kuzkatzen dituztela, ikuslegoaren txaloak eta barreak sustatuz.
Lupaireton lupaireton
Lupair lupair lupaireton.
Oskorri taldeak 2000. urteko Ura albumean bertsio eder bat eman zigun, musikaz aberats eta ahotsez kementsu. Natxo de Felipe eta bere talde-kideek mihiak trabatzeke ahoskatzen dute zentzu handirik ez duen errepika. Hitzen musikaltasunak indar itzela duela ezin uka. Umeak ginenean gurasoek erabiltzen eta aipatzen ziguten buhameen mintzaira dela pentsa dezakegu. Aski zen silaba bakoitzaren artean, bukaerako letraren arabera pa, po, pi edo pu hizkiak eranstea: mipilespeskerper adibidez milesker errateko. Gehituen artean garaturiko erromintxelazko hitzak batu zituzten gaiari interesatzen zitzaizkien ikerlari ezberdinek.
Ai urdea, ai urdea
Urde buhame handia!
Baigorrin, Donibane Garazin, Amikuzen zebiltzan ibiltariak buhameak deitzen ziren, Baztanen aldiz kitoak, batzuetan agoten uhinetan nahasten zirela mugaren bi aldeetan. Jean Barbier (1871-1931) idazleak 1895eko ipuin batean Donazaharreko Antxitxarburukoak betirako finkatu zituen euskal literaturaren orrialdeetan: “…dakiguna da, Antxitxarburutarrak kurutzatzen direla garaztarrekin aspaldidanik. Merkatu-plaza guzietan ageri dira, oliba-kolore, beren ile kixkurrekin, begi beltx ederrekin, bere makil koropilotsuak eskuan, abantxu laborari eskualduna bezala bezti”.
Erran behar da denbora haietan bizidun asko ikusten zela bideetan oinez: Oragarreko Uhane auzoa zeharkatzen zuen egunean bitan Klentte deituriko gizon zardaiak. Nondik zetorren, nora zihoan horrelako ziztuan: misterioa zen. Bakartiez gain buhameak ere baziren: Bohemiatik zetozen menturaz Erdi Arotik aurrera, erromintxel, kaskarot, ijito, xito, gitano, kitano, motxaile, bohemio edo vizcaino bataiatua izateko. Mauleko Hebentik elkarteak webgune mamitsua dauka gai hori ardatz eta 2014an, Pier Pol Berzaitzen Petti Buhamea pastorala eman zen Garindainen. Salbuespenak salbuespen, sozietatearen partaide oso bihurtu ziren buhameak duela gutxi arte.
Buhameak badakite
Trikun trakun egiten
Trikun trakun egin eta
Oilaskoak ebasten…
Baina, eredu idealetik urrun, euskal gizartea etxearen, etxeko jaunaren eta plaza gizonaren inguruan eraikia zen eta baztertuak baziren, haietan agotak eta buhameak. Haran bakoitzak bereak zituen: Beñat Karrika idazleak Auspoa saileko liburu batean Mehaine eta Armendaritzeko Juana aipatzen du, Mixel Tikoipek Maiatz argitaletxean plazaratu Hotz Bero bilduman Amenduze eta Gabadiko lurretan nagitzen ziren Maritza iragarlea eta Arnot goresten zituen. Manez eta Nakosa ahantzi gabe.
Buhameek badakite kantaren bi aldaera kausitzen ditugu. Bata, Azkuek bildua eta bestea, dantzatzeko egokia, Zuberoatik Lapurdira doana. Bigarrena aintzakotzat hartuko dugu: ijitoak oilo ebasle gisa aurkezten zaizkigu. Oiloa laborariarentzat egiazko aberastasuna zen, arrautzak eta igandeetan jateko egokia zen haragi zuria ematen zituelako. Antza denez, oiloak bi etsai zeuzkan: buhameak eta azeria alabaina.
Buhameek badakite
Oilaskoen ebasten
Oilaskoak ebats eta
Sasipean gordetzen.
Soinuak eta hitzak abilki txirikordatzen dituen bertsio herrikoiagoak ere bi kopla ditu, zortzi oinetakoak, errepika batekin. Hemen ere buhameek trikun trakun egiten dute baina ikus-entzuleek laidoz estaltzen dituzte urdeak direla azpimarratuz ironia sakonaz baliatuz. Urdeak, oilaskoak bezala, zinez abere zutabeak dira euskaldunen bizi-moduetan: urdearekin oraindik ere, begetarianoa ez izanez gero noski, urte guztirako janaria ziurtatzen da, urdaiazpikoarekin jadanik artisau batzuek urrea sakelaratzen dutela. Urdetzat hartua izatea halatan bikoitza da: urdea, zikin fama duelako, gorrotatua bezain maitatua da gure artean:
Buhameek badakite
Trikun trakun egiten
Oiloño bat ebats eta
Altzo pean gordetzen.
Ai urdea, ai urdea
Urde urde handia,
Ai urdea, ai urdea
Urde buhame handia.
Buhameek halaber ebasle ospea zuten. Euskaraz ele anitz dago lagun hurkoa bere ontasunaz desjabetzeko ekintza azaltzeko: ebasleaz gain, ohoina, lapurra, arrobatzailea, ostutzailea… dibertsitate linguistiko horrek ederki frogatzen du gauzak norbaiten borondatez galtzeko arriskua eta lanjerra nolakoa zen orduan. Buhamea, ebaslea izateaz gain, abila da, sosa egiten badaki:
Buhameak erosi du
Lau sosetan ogia
Lagunari saldu dio
Bost sosetan erdia.
Ai urdea, ai urdea
Urde urde handia
Ai urdea, ai urdea
Urde buhame handia.
Komertzio eta afera alorrean trebe ziren buhameak. Kantuko pertsonaiak bederen benefizio polita egin zuen ogia lagunari saltzerakoan. Ezagunak ziren harremanak abileziaz eta amainatzeaz troxatzeko zeukaten jaiduragatik. Ez ziren debaldetan azeriekin konparatzen. Elekari distiratsuak baitziren, herriz herri ibiliz berri frankoren jakitun eta berri horiek barreiatzen zituzten arraiki, gezurrak eta egiak bateratuz. Baztertuak, zirikatuak, burlatuak izan arren, euskaldunek buhameen konpainia laket zuten, beraiek egin ez zitzaketen lan zenbaiten egiteko, hala nola zareak eta saskiak: zumea eta mihimenarekin esku ona zuten. Udaberrietako euriak euriari, etxeetako aterpeetan gerizatzen ziren, su baten ondoan kedar usaina zekartela larruko poroetatik isurian. Jantziak, xamango hezurrak eta zopa beroak erdiesten zituzten trukean eta behi esnea adin txikiko umeak hazteko:
Buhameek badakite
Sasipean gordetzen
Eltzetzarraren egosten
Salda ona egiten.
George Bizet (1838-1875) musikariak moldatu Carmen opera entzutetsuan azaltzen denez, buhameek iragarpenak eta etorkizuna asmatzeko zaletasunak zituzten. Geroa zein izanen zen gose ziren herritarrak, egunerokoa larria zelako ardurenean. Eskuko marrak irakurtzen bazekiten, zehazki, eskuinekoak eta ezkerrekoak, destino itsuaren norabidearen jabe bailiran. Horrela irabazten zuten familia zabalak –tribuak…–mantentzeko adina, eskean, amoinaz, sosa hemen, ardita han, hondarrean hitza eta elea zutela altxor.
Buhameak badakite
Salda ona egiten
Bai eta beren haurrek
Katiluan edaten…
1802an Castellane prefetak Baionako eta Mauleko arrondizamenduko buhameen sarekada erraldoia manatu zuen, Louisiana amerikar estatura deportatuak izateko. Baina itsasoetan gerra zelako Frantzian barna banatu zituzten, gizonak lan gogorretan, emazteak eta haurrak zuzentze zentro berezietan. Francisque Michel (1809-1887) erudituaren buhameekiko gorrotoaren oihartzuna aditzen baldin bada oraindik Le Pays Basque (1857) liburua irakurtzerakoan, Iparraldeko gizartean erabat asimilatzea lortu zuten, literaturan eta maskaradetan gatibu aurkitzen direla dagoeneko. 1960ko hamarkadan, hain zuzen ere hippyek bizimodu bohemioa goresten zutela, Euskal Herri barnealdeko azken buhame ibiltariak etxeetan egonkortzera behartu zituen botere publikoak, haurrak derrigor eskolatzeko premia bermatuz, bestela laguntza sozialik gabe bukatuko zutela mehatxatuz.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23