Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Berastegiko dantzak eta dantzariak XX. mendean

Dokumentuaren akzioak

Berastegiko dantzak eta dantzariak XX. mendean

2018/03/12 12:45
Berastegiko dantzak eta dantzariak XX. mendean

Berastegiko San Juan dantzak, amerikanoaren ongietorrian, 1906.

San Juan dantzak eta dantza-soka dira Berastegiko bertako dantzak. Historian zehar, euskal herriko herri askotan bezalaxe, Berastegin ere dantzariak edozein ekitaldietan parte hartu izan dute eta hartzen dute. Javier Salvarrediren Berastegi eta inguruak blogetik Berastegiko dantza eta dantzarien...

San Juan dantzak eta dantza-soka dira Berastegiko bertako dantzak. Historian zehar, euskal herriko herri askotan bezalaxe, Berastegin ere dantzariak edozein ekitaldietan parte hartu izan dute eta hartzen dute. Javier Salvarrediren Berastegi eta inguruak blogetik Berastegiko dantza eta dantzarien inguruko hainbat kontu jaso ditugu. Berastegiarrek edozein aitzakiarekin atera izan dituzte San Juan dantzak eta dantza-soka plazara, izan ongietorriren bat egiteko edota izan gerraren aitzakian.

Amerikanoari ongietorria

Badirudi, 1906an, bisitari berezi bat izan zela herrian, Ameriketatik etorritakoa, eta hari ongi etorria egiteko herriko dantzariek dantza egin zuten. Sari bezala saskikada bat mahats moskatel jaso omen zuten dantzariek.

Berastegiko San Juan dantzariak, amerikanoaren ongietorrian, 1906.
Berastegiko San Juan dantzariak, amerikanoaren ongietorrian, 1906.

Hauxe da amerikarrari dantza egin zion taldea:

  • J.I. Salbarredi (Buztiñene)              
  • Andres Obineta (Joansantzene)
  • Patxiku Malkorra  (Torre)                     
  • Gabino Lizartza (Arriaga)
  • Lorenzo Ibarbia (Antziola)                 
  • Juan Irisarri (Sedero)
  • Juan Bautista Gartziarena (Ieltsa)       
  • Angel Egimendia (Etxetxuri)
  • Bernardo Garmendia (Lukasborda)   
  • Juan Garaiburu (Garaiburu)
  • Pedro Matxinea (Zurikain)              
  • Sebastian Etxenike (Baztarretxe)
  • Kapitaina: Moxto Yaben (Modestone)
  • Atabalari: Julian Yaben (Bekotaberna)  
  • Txistulari: Lazaro Atxukarro (Ezpeleta)

 

San Juan dantzariak galtza eta alkandora zuriekin ikusten dira, garai hartan gauza berria izango zen, izan ere, ordura arte belauneraino iristen ziren galtzak ohikoagoak baitziren. Bestalde, txapela gorria, lepoan zapia, eskuineko besoan zinta, eta espartin zuriak zinta gorriekin lotuak dauzkate. Zangoetan ez zaizkie kaskabilorik lotuta ikusten. Garai hartan kaskabiloak galtzen azpian eramaten omen zituzten, bistan jantzita itsusi ematen zutela eta, baina horrela eramanda ez omen zen kaskabilo soinua ongi entzuten; hori dela eta, galtzen gainetik bistan jartzen hasi ziren.

Arrate kapitaina dantzan, 1950eko hamarkada.
Arrate kapitaina dantzan, 1950eko hamarkada.

Kapitainak, berriz, zinta gorri zabala darama eskuineko sorbaldaren gainetik, ezker aldeko gerri aldean lotua. Beste dantzarien galtzek ez bezala, kapitainarenek bi saihetsetan, gerritik hasi eta galtza barrenerainoko marra gorriak dituzte. Txapela, berriz, zinta zuriekin apainduta dauka. Ezpataren eskulekua lore sortarekin lotuta dago.

Errepublikan, dantzari karlistak eta nazionalistak aurrez-aurre

Errepublika garaian gizartea oso zatituta zegoen, Berastegin karlistak eta nazionalistak ziren nagusi. Dantzariak ere bi bandotan banatu ziren eta bakoitzak bere erakustaldiak egiten zituen. 1932ko urtean karlistek hauteskundeak irabazi zituztela eta ospatzeko plazan atera zuten dantza-soka. Nazionalistek, berriz, San Juan dantza taldea eta emakumeek osatutako poxpolin taldea osatu zuten beren Euzko Batzokian. Karlistek ez zuten dantzatu San Juan dantzarik; dantza taldea osatzeko adina pertsona bildu omen ziren, baina Pedro Eizagirre (Okerra deitua) txistulariak, bere elbarritasuna zela eta asto gainean ez zuen joan nahi izan plazaren erdira txistua jotzera. Gerra bukatu zela ospatzeko karlisten taldeak dantza-soka atera zuen plazan.

Berastegiko Danzas Ipiliño taldea, 1950eko hamarkada.
Berastegiko Danzas Ipuliño taldea, 1950eko hamarkada.

I. Mundu Gerratik berri "onak" zetozela eta, Berastegin Karlistak Kontseju jatetxean egin zuten bazkaria eta nazionalistek Kakonen. Bazkalondoan Kanpantxoko Migel Kontsejutik Kakonera joan omen zen eta honela mintzatu zitzaien nazionalistei: "Ze, beti hola ibili behar al diu? Ez al genduke alkarrekin ateako dantza-soka?". Horrela, dantza-soka elkarrekin atera zuten. Esaten dutenez, Kakoneko ezkaratzeko atetik bukatzen ez zen soka atera zuten plazara, aurresku bezala Kanpantxo eta atzesku bezala Ezpeletako Hilario aritu ziren.

Ondorengo urteetan dantza-soka urtero etenik gabe dantzatua izan da, baina San Juan dantzek etena izan zuten.

Berastegiko dantzariak, 1950eko hamarkada.
Berastegiko dantzariak, 1950eko hamarkada.

1950eko hamarkada, San Juan dantzen susperraldia

1955an berriz ere San Juan dantza taldea bultzatzeko asmoak piztu ziren Berastegin. Horretarako, Don Julian Zuazabeitia Errasti (elizako presbiteroa) aritu zen buru. Urte hartako apirilaren 26an eskaera egin zion Udalari baimena eta laguntza eskatuz dantza taldea osatzeko. Etsoingo Jose Mari Saizar alkateak maiatzaren 10ean sinatu zuen baimena. Entsaioak egiteko udaletxeko sala utzi zien eta laguntza bezala udaletxean zeuden dantzarien jantziak utzi zizkien. Baimena lortu eta lanari ekin zioten dantzariek. Herrian zehar etxe bakoitzak eta partikularrek donatiboa eman zien taldea aurrera ateratzeko. Berastegiko dantzari taldeari Danzas Ipuliño izena jarri zioten. Mutilen taldeak San Juan dantzak berreskuratu zituen eta nesken taldea ere osatu zen Maria Pilar Barrenetxearen gidaritzapean.

Berastegiko dantzariak, Kakoneko atarian Pilar Barrenetxea dantza irakaslearen ezkontza egunean.
Berastegiko dantzariak, Kakoneko atarian Pilar Barrenetxea dantza irakaslearen ezkontza egunean.

Mutil eta neska talde horiek lau edo bost urtetan dantzatu zuten. Urte horietan hainbat saio eta emanaldi egin zituzten, baita inguruko herrietan ere. 1956ko irailaren 9an, esaterako, Tolosako 700. urteurren ospakizunetan Justizia plazan San Juan dantzetako zenbait dantza dantzatu zituzten berastegiarrek. Bitxikeria bezala, Berastegiko mutilek antzinako erako jantzi bitxiak soinean dantzatu zuten brokel-dantza. Neskek, berriz, Gipuzkoako zenbait dantza dantzatu zituzten. Ekitaldia txalo zaparradarekin eta Udalak eskainitako arratsaldeko mokadu goxoarekin amaitu zen.

Berastegiko dantzariak, Tolosa, 1956-09-09.
Berastegiko dantzariak, Tolosa, 1956-09-09.

Berastegiko dantzariak, Tolosa, 1956-09-09.
Berastegiko dantzariak, Tolosa, 1956-09-09.

1990eko hamarkada, San Juan dantzen egonkortzea

1960ko eta 1970eko hamarkadetan San Juan dantzek etenaldia izan zuten, berreskuratzeko hainbat ahalegin egin ziren baina ez zen lortu plazan dantzatzeko ohiturarekin jarraitzea. 1980ko hamarkada inguruan, Tolosako Udaberri dantza taldea Berastegira joan zen San Joan dantzak ikastera, Kruz Etxeberriak musika eta Arrateko Manuelek erakutsi zizkieten dantzak. Hainbat ekitaldi eman zituzten Berastegiko plazan.

1995 urtean J. A. Muñagorriko Guraso Elkarteak Berastegiko dantzak suspertzeko lanari ekin zion. San Juan dantzetako dantzetako batek Belauntxingo izena duenez, izen hori hartu zuen dantza taldeak. Lehendabizi 10-12 urte bitarteko mutil koskor talde bat osatu eta dantza-soka erakusteari ekin zioten. Ondoren, Udaberriko taldean dantzatzen zuen Jexux Nazabal hasi zen San Juan dantzak erakusten, tartean, bere anaiek eta lehengusuek lagunduta. 1998ko urtean 6 dantzarik osatutako taldeak dantzatu zuten plazan. 2000. urtean 12 dantzarik eta kapitainak osatutako taldea atera zen plazara. Ordutik, urtetako etenaldiaren ondoren, Berastegiko plazara ateratzen dira dantzariak San Lorentzo jaietan San Juan dantzak dantzatzera.

Berastegi San Lorentzo 2005
San Juan dantzak, Berastegi, 2005-08-10.

Iturria: Dantzariak Berastegin 1. atala (Javier Salvarrediren Berastegi eta inguruak bloga)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.