Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kuarrenta Berakatz Eguneko aurreskua, festak lanean eman zituzten emakumeak dantzara ateratzen zituztenekoa

Dokumentuaren akzioak

Berakatz Eguneko aurreskua, festak lanean eman zituzten emakumeak dantzara ateratzen zituztenekoa

2020/10/14 10:00
Berakatz Eguneko aurreskua, festak lanean eman zituzten emakumeak dantzara ateratzen zituztenekoa

Berakatz Eguna margolanaren xehetasuna, c. 1914, Orozko. Ilustrazioa: Jose Arrue

Herriko jaiak lanean pasa eta azken egunean aurreskua dantzatzera irteten ziren emakumeak Laudion, Arrankudiagan eta Orozkon. Berakatz Egunarekin bukatu ohi ziren festak eta jai egunetan etxeetan eta tabernatan neskame, zerbitzari edota sukaldari ibili ziren emakumeek festarako eta dantzarako tartetxoa hartzen zuten. Orozkon irailaren 4an, Arrankudiagan abuztuaren 15eko ondorengo astelehenean eta Laudion abuztuaren 18an.

Aurreskuaren sokari tiraka

Emakumeak festara eta dantzara irteteko eguna zen garai batean Berakatz eguna Laudion, Arrankudiagan eta Orozkon, baina ohitura galdu egin zen. Laudioko ganbara batean, 1994an, 1968ko festetako egitaraua aurkitu zuten eta honela zioen: abuztuak 18: Berakatzeguna. 11:00etan, aurreskuaren “soka” herriko kaleetan ibiliko da. Dantzarien sokak kalean gora eta behera ibiltzea ohikoa izan da. Karrika-dantza deitzen zion Iztuetak horri eta Humboldt-ek 1801ean egindako bidaian ere ikusi zuen karrika-dantza Durangoko kaleetan. Berakatz Egunean bezala, gaur egun Ordiziko santaneroen esku-dantza ere kalez kale ibiltzen da sokan, emanaldi nagusia plazan egin aurretik eta ondoren.

DIA 18: BERAKATZEGUN o «día de los ajos» A las 11, aurresku cuya «cuerda» recorrerá las calles del pueblo.

Berakatz eguneko aurreskua
1950eko hamarkada, Berakatz eguneko aurreskua, Laudio. Argazkia: Juan Carlos Navarroren artxiboa

Untzueta dantza taldeko kideak hariari tiraka hasi ziren jaia eta dantza berreskuratzeko asmotan. Horrela, Berakatz eguneko hainbat testigantza eta dokumentu jaso zituzten eta Herri aldizkarian argitaratu zuten jasotako informazioa Berakatzeguneko aurreskua lanean.

Bereziki Laudion, XX. mende hasierako festa parte-hartzaileenetakotzat gogoratzen dela herrian azaltzen du Felix Mugurutzak Las mujeres y los ajos del Berakatz Egun artikuluan. Markesaren palazioko eta dirudun etxeetako neskameen jaieguna edo aisialdirako unea izan ohi zen eta mutil gazteak joaten ziren karrika-dantzan beraien bila etxez etxe.

Laudioko kofradeen aurreskua
Kofradeen aurreskua, Laudio. Argazkia: Juan Carlos Navarroren artxiboa

Emakumeak “bahitu” eta dantzara

Berakatz Egunaren helburu nagusia festak behar bezala ospatu ezin izaten zituzten emakume langileak omentzea zela azaltzen du Gentza Belaustegigoitiak aipatutako lanean. Umetan, Garaio txistulariaren atzetik osatzen zen soka jarraitu izana gogoratzen du. Plazatik hasi eta auzo osoan zehar ibiltzen ziren, ardoa edaten eta jotak dantzatzen “bahitutakoen” etxeetan.

1944ko festetako programan kontatzen da festak pasa eta ondorengo egunean aurreskua antolatzen zela eta mutil gazteak herriko etxeetara sartu eta neskameak eta nagusiak atera eta denak batera kalejiran ibiltzen zirela iluntzera arte.

Pasadas las fiestas, no más que al día siguiente, se organizaba una cuerda de aurresku que penetrando en las casas sacaba de ellas a la servidumbre y al señorío y juntamente se recorría el pueblo en alegre kale-gira no regresando hasta la noche.

1947ko Festa Batzordeko dokumentu batean ere jaiaren jatorria festetan lanean, batez ere sukaldean, aritu diren emakumeei festa egun bat ematean dagoela. Herrian gizonezkoek soka osatzen zuten etxeetara indarrez sartu eta sukaldean lanean ibilitako emakumeak dantzara ateratzeko.

Por ellas y para ellas se organizaba - ya no, ¿por qué? - un aurresku, formándose en la mañana de ese día una “cuerda” con derecho de allanamiento de moradas, para sacar de ellas a las cocineras y dueñas. Se ha interrumpido esta costumbre, pero subsiste la fiesta.

Aurreskua herritarren gogoan

Berakatz egunari buruzko hainbat kontu jasoak zizkion Juan Carlos Navarro herriko historiazaleak 1911n jaiotako bere aita Alejandrori.Hamabost bat urte zituztela, abuztuaren 18an, eguerdi aldera herriko parrandazaleak plazan elkartzen hasten zirela gogoratzen du. Neskameak, umezainak eta sukaldariak zituzten etxeetara sartu eta kalera ateratzen zituzten biribilketan plazaraino eramanez. Han dantzan jarraitzen zuten eta plazako tabernako nagusiak dantzarientzako limoi-zukua banatzen zuen. Amaierako sokan alkatea bera ere dantzatzen zela diote hainbat testigantzek.

Berakatz eguneko aurreskua
Berakatz Eguna margolanaren xehetasuna, c. 1914, Orozko. Ilustrazioa: Jose Arrue

Txutxi Cascallanaren arabera, martxa eta biribilketen doinuan egiten zuten ibilbidea eta neskameak ateratzen zituztenean jotak eta porruak dantzatzen zituzten geldialdietan. Baita plazan ere eta alkatea ateratzen zuten aurreskuan, kontrapasaren doinuan.

Palaziora ere joaten zirela diote hainbat testigantzek eta hogeita hamar edo berrogei neskame ateratzen zituztela dantzara. Jaunak etxeko neskame guztiekin ateratzen omen ziren atarira eta garagardoa, jatekoa... eskaintzen zuten.

Laudioko kofradeen aurreskua
Kofradeen aurreskua, Laudio. Argazkia: Juan Carlos Navarroren artxiboa

Juana Garaiok azaltzen du emakumeen bila edozein lekutara joaten zirela mutil gazteak eta laneko arropekin, zeuden bezala ateratzen zituztela poz-pozik.

el Día de los Ajos a las doce del mediodía iban a las casas particulares y, con el delantal y todo... iban al lavadero y, remangadas y todo... ¡a correr! A todas las casas, todas íbamos (...) se recorría todo, pero todo el pueblo... y sí no veían chica, iban a las casas y las sacaban según estaban. ¡Tú sabes que a legría!

Askoren etxe barruraino sartzen ziren bila, baina beste asko alpargatak soinean txistu doinu entzun orduko zain-zain egiten zirela dio Carmen Olabarrietak. Santi Garaiok gogoratzen du beraiek mila marrako galtzekin, alkandora zuriarekin, gerrikoarekin eta txapelarekin irteten zirela nesken bila.

Berakatzak jateko eta apaintzeko

Mugurutzak azaltzen duen moduan ohitura izan da hainbat herrietan berakatz edo baratxuri zopak prestatzea bestondoari aurre egiteko. Otordu pisutsu eta alkohol edanaren ajearentzako garbigarritzat jo izan da sarri. Hortik dator, festetako azken eguna Berakatz Eguna izendatzearen arrazoia. Gainera, sukaldari ari ziren emakumeentzat denbora askorik eskatzen ez zuen jatordua da baratxuri zopa, gero ahal den azkarren festara joan zitezen.

Berakatz eguneko aurreskua
Berakatz Eguna margolanaren xehetasuna, c. 1914, Orozko. Ilustrazioa: Jose Arrue

Laudion garai batean dantzariak berakatzak soinean zituztela dantzatzen zirela jasoa dago eta udaletxeko balkoia ere baratxuri sortaz apaintzen omen zuten. Jose Arruek Orozkon Berakatz Egunean dantzatutako aurreskuaren margo-lana egin zuen eta hor ere ikus daitezke aurreskua eta txistularia baratxuriz apaindutako kapelekin. Orozkon oraindik mantendu dute festetako azken egunean lepoko zapiarekin batera baratxuria zintzilika eramateko ohitura.

Iturriak:

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.