Dokumentuaren akzioak
Antzuolako trokeo-dantzen testigantzak eta berezitasunak
Uztaileko hirugarren larunbatean Mairuen alardea ospatzen dute Antzuolan eta dantzariek trokeo-dantzak ematen dituzte. Iñigo Ramirez de Okarizek dantza horien inguruko hainbat datu historiko eta argazki zahar jaso ditu Irinmodo blogean.
Ezpata-dantzak XVIII. mendean
Hasteko, Korpus eguneko zortziurrenean eta San Bartolome eta Errukizko Amaren egunetan ezpata-dantza egiten zutela dantzariek ikus dezakegu 1756-1757ko diru kontuetan. Garai hartako ardo-hornitzaileari dantzarientzako ardoa ordaindu baitzion Udalak.
“a cada cuatro cántaras que se dio a los danzantes de espada, según costumbre en la octava del Corpus y fiestas de San Bartolomé y Nuestra Señora de la Piedad”
Trokeo-dantzak
XIX. mendeko hainbat dokumentutan, berriz, trokeo-dantzen edo dantzarien aipamenak ageri dira. Lehena 1850koa da. Esteban de Madariagak herriko Udalari eskaria egin zion; bera eta beste zortzi herritar-gazte trokeo-dantza egiteko prest omen zeuden Errukizko Amaren funtzioak goraipatzeko. Dantzarako oinetakoak erosteko 160 erreal eskatu zituzten, baina 120 eman zizkieten.
1860an, berriz, Gabriel Mujikak eta lagunek 200 erreal eskatu zituzten trokeo-dantzarako. Urte hartan gazteak dantzak ikasteko asmoarekin omen zeuden eta urtebete beranduago, beste talde berri bat ere prest zegoen dantza horiek jaietan egiteko. Badirudi herrian gazte dezente animatu zirela trokeo-dantzak ikasi eta plazan dantzatzera. 1865eko jaietarako, berriz, Pedro Soriano eta herriko beste gazte batzuk eskatu zuten dirua, dantzarako behar zituzten jantziak, zapatak eta abar erosteko.
Karlistaden ondoren
Gerra garaiko etenaren ondoren, 1876koak dira hurrengo aipamenak. Gerra amaitu eta urte horretan Federico Ugarte, Pedro Jose Lete eta beste batzuk prest zeuden dantza egiteko, baina jantzi eta oinetakorik gabe zeudenez, 200 erreal eskatu zituzten Udalean. Urtebete beranduago, Migel Azkarate, Juan Migel Artolazabal eta kuadrilla agertu ziren prest.
“a solemnizar el baile denominado vulgarmente `troqueo dantza´ … por 300 reales a calidad de que se reúnan diez y siete, formados de consiguiente de cuatro cuadros con el que va a la cabeza de todos ellos, haciéndose por los mismos el alarde de armas que es costumbre inmemorial el día de San Agustín”.
Hamazazpi mutilek osatzen zuten trokeorako dantza taldea eta aldi berean alardean ere parte hartzen zuten. 1881ean, ordea, alarde eta dantzen ardurak banatu ziren:
“.. a las tres de la tarde y a una señal dada … entraron en la plaza la cuadrilla de toreros, la compañía del alarde de armas y los bailarines del troqueo danza y de la cinta”.
Urtebete beranduago, San Agustin egunean ospakizun handia egin zen. Zezenketak, trokeo-dantzak eta alardea.
“novillada con un toro de muerte y troqueo danza, de arcos y de la cinta… y el alarde”(...) A las tres de la tarde y a una señal dada por distintos puntos de la población partieron la cuadrilla de toreros, la compañía del alarde de armas y los bailarines, y cruzando en el medio de la plaza saludándose mutuamente. En primer lugar el alarde, después la cuadrilla de toreros y por último los danzantes”.
Dokumentu batzuen arabera 1898an Kubarekin gerratea zela eta festarako animo handirik ez omen zen, baina Jose Angel Letek eta bere koadrilakoek eskaera egin zuten trokeo-dantzarako. Udalak trokeo-dantzak dantzatu beharrean aurreskua egitea gomendatu zien:
“no conviene el troqueo danza, y que se les ofrezca 25 pesetas para que saque el aurrescu la mañana y tarde del día de la Piedad y lo mismo el día de San Agustín, acudiendo al simulacro de la tarde (alardea) como años anteriores”.
Antzuolako trokeo-dantzen berezitasunak
Gipuzkoako brokel-dantzaren sortakoak dira Antzuolan dantzatzen diren trokeo-dantzak, baina badituzte ezaugarri propio batzuk. Gerbasio Legorburu (1930-2015) Antzuolako dantza-maisuaren esanetan aipagarriena makila-txikiena da, “Dantzatzen den pausoa edo boastitzea ez baita beste inongo makila-txiki dantzetan ikusten. Doinua bera ere nahiko ezberdina da, nahiz eta zati batzuk antzekoak izan”.
Uztai-dantzaren doinua bera da, baina dantzatzeko modua ez. “Uztaiekin elkar jotzerakoan inoiz ez dute aurrez aurre jotzen. Era berean, oinak mugitzeko orduan, mugimendua guztiz ezberdina da”.
Makila handiena, berriz, nahiko sinplea da, aldaketa gutxikoa, nahiz eta azken konpasetan saltoka egiten den. Zinta-dantza ere Gipuzkoakoaren ia berdina da, baina doinuari dagokionez baditu ezberdintasunak. “Zortzikoaren doinua ez da beste inon entzun, eta orain dela 80 bat urtetik hona zintak askatzerakoan Iriarena doinua erabiltzen da. Gainera, gaur egun beste inon ikusten ez dena ere badago: zintak askatzearekin batera makilaren puntan dagoen kaiolatik bi uso zuri askatzen dira”.
Iturria: Trokeo-dantza eta alardea (Irinmodo, 2017-07-01)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23