Dokumentuaren akzioak
Gipuzkoako kulturzaleek Iztueta aurreskuan omendu zutenekoa
Gaurko egunez jaio zen Juan Inazio Iztueta, 1767. urteko azaroaren 29an hain zuzen ere. Orain 57 urte, Juan Antonio Urbeltz, Basarri, Uztapide, Javier Bello Portu edo Antonio Valverde tarteko zirela Gipuzkoako kulturzale ezagunek osatutako sokak ospatu zuen Zaldibian Juan Inazio Iztuetaren jaiotzaren 200. urteurrena. 1967. urtea zen eta Zaldibiko dantza maisuaren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatzeko hainbat kulturazale elkartu ziren dantza-maisuaren jaioterrian bertan, Zaldibian. Aurten, Iztuetak idatzitako Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira liburuaren argitalpenak 200 urte betetzen dituen honetan gogoratu nahi izan dugu 1967ko aurresku ederra.
“Solemnidad del aurresku de los intelectuales guipuzcoanos” dio 1967ko abenduaren 5eko egunkariko titularretako batek. Azalean bi argazki eta barruko orrialdeetan kronika xehea eta argazkiz osatutako erreportajea eskaini zizkion ospakizunari egunkari horrek. Juan Inazio Iztuetaren jaiotzaren 200. urteurrenaren ospakizunean ekitaldiz eta dantzaz ongi hornitutako programa atondu zen Zaldibian. Ekitaldian parte hartu zuten Gipuzkoako hainbat hainbat kulturzaleek elkarri eskua emanda soka osatu eta Argia dantzari taldeko Juan Antonio Urbeltz eta Emilio Garcia dantzariek gidatu zuten ohorezko aurreskuan parte hartu zuten.
Iztuetaren jaiotzaren 200. urteurren borobila astebeteko kultur egitarauarekin ospatu zuten Zaldibian. 1967ko azaroaren 26tik abenduaren 3ra antzerkiak, pintura eta eskultura erakusketak, hitzaldiak, Ez dok Amairuren kontzertua, dantza emanaldiak... izan ziren aste osoan zehar; eta Xabierko Frantziskoren egunean, abenduaren 3an, egun osoko jaiarekin borobildu zuten aste osoko programazioa. Egun horren nondik norakoak kontatu zituen Iñaki Linazasorok argitaraturiko kronikan. Azalean bertan ageri dira Luzaideko eta Argiako dantzarien argazkiak barruko kronika aurreratuz, eta azken orrian argazki-erreportajea ere jasotzen da.
Harrera eta meza dantzariekin
Zortzi txalapartariren dianarekin esnatu zen Zaldibiako herria goizeko 8:00etarako, ordubetez aritu omen ziren inguruetako muinoetatik. Eta segidan Iturengo joaldunak agertu ziren Zaldibiako kaleetan. 10:00etan suzirien hotsarekin batera, Berrizko, Luzaideko eta Donostiako Argia dantzari taldeko dantzariek hartu zituzten kaleak. Azken horiek Oñatiko korpus-dantzarien arropak jantzita.
Txistularien eta Asteasuko Eleuterio Tapiaren akordeoi doinuek berotu zuten goizeko giroa. Eta behin harrera eginda, meza Santa Fe parrokian. Txistularien biribilketaren doinuan sartu ziren dantzariak elizara. Eskaintzan Juan Arteaga bertsolari lasartearrak bertsoak eskaini zituen. Kontsagrazioren unean Artze anaien txalaparta soinua entzun zen korutik eta Argiako hiru dantzarik dantzatu zuten.
Kulturzaleen aurreskua
Meza amaitzean agintariak, dantzariak, txistulariak eta bertaratutako guztiak Iztuetaren plazatxora gerturatu ziren, bere jaiotetxe aurrera. 12:30ean dantzatu zuten aurreskua, “los intelectuales guipuzcoanos dedicaron un auténtico y ceremonioso aurresku al memorado exégeta de nuestros bailes. Se desarrolló en medio de un silencio y un respeto sobrecogedores”.
Kronikan jasotzen da aurreskulari Juan Antonio Urbeltz aritu zela eta atzeskulari Emilio Garcia. Eta soka honako hauek osatu zuten: Antonio Valverde “Ayalde” margolari eta idazlea, Aingeru Irigarai euskaltzaina, Jose Artetxe idazlea, Antonio Maria Labaien antzerkilaria, Francisco Unzurrunzaga editorea, Basarri eta Uztapide bertsolariak, Javier Bello Portu orkestra zuzendaria, Miguel Pelay Orozko idazlea, Javier Aranburu kazetaria, Pedro Alkorta editorea, Pascual Pérez-Yaiza eta Jose Mari Bajinela Iztuetaren birbilobak eta Buenaventura Garmendia herriaren ordezkari gisa.
Aurreskuak Mari Bajinetari dantzatu zion erreberentzia. Badirudi dantzaren erdian bertsolariak aritu zirela; Lopategik eta Lazkao Txikik Iztuetaren lanari abestu zioten eta biribilketan amaitu zuten dantza. “Una electrizante 'biribilketa' y una ovacion que estuvo a punto de ahogar las notas de txistu, dieron por terminado el 'aurresku' de honor de los intelectuales guipuzcoanos, que abandonaron la plazuela sin romper la cuerda”.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kuarrenta
Faja-dantzi eta beste kuarrenta kontu dantzaren inguruan.
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Mikel Sarriegi on Ongi pilotan eta oneski dantzatzen
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Mikel Sarriegi on Dantzariak Berrizen eta Seguran Manuel Lekuonan argazki sorta batean
- Dantzan on Marka batek zure herriko inauterietako mozorroa plagiatzen duenean
- Dantzan on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Leire Narbaiza on Donibane Lohizune 1939, duintasunaren aurreskua
- Patxi Montero on Ezkonberriak dantzan 2019/01/23