Izaban eskainiko ditugu Arrateko dantzak
Arrateko dantzak, Kezka dantza taldea, Arrate, 2025-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa
Erronkaribarrean, Nafarroako pirinio mendialde ederrean dagoen Izaba herrian dantzatuko du Kezka dantza taldeak asteburu honetan. Dantzari eta musikari artean 30 lagunek osatutako Eibarko Klub Deportiboko dantzari taldeak Arrate eta San Joan jaietako dantza bereizgarriekin osatutako emanaldia eskainiko du Izaban.
Xeiak Izaban
Xeiak, Izabako jaiak ospatzen dira asteburuan. Santiago eguna, uztailaren 25a da festa egun handia Izaban, eta Arrate eta Eibarko dantza sorta bat bertan eskaintzeko aukera izango dugu. Santiago egunez ohi den moduan, eguerdian Kurruskla dantza taldeko herriko dantzariek Izabako ttun-ttuna eskainiko dute. Kezkako dantzarion emanaldia arratsaldez izango da, 18:00etan abiatuko gara ezpata-dantzarekin kalejiran udaletxe plazatik eta 18:30ean anfiteatroan eskainiko dugu emanaldia.
Aire zahar huntan
Euskal dantzaren sustapenean lan egiteko moldea laburbiltzen duen esaldia aipatu izan digu Juan Antonio Urbeltzek: "Aire zahar huntan bi bersi berririk". Zuberoa eta Nafarroa Beherean ezaguna izan den kantu horren aldaera bat Erronkaribarrean jaso zuen 1950eko hamarkadan Gaizka Barandiaranek. Zehazki Izaban, Pastora Anaut-ek kantatu zion folklore ikertzaileari.
Aire zaharretan dantza berriak eskaintzeko izpirituari segitu genien Arrateko dantzen eraberritzean bai eta San Joango soka-dantzan, eta hain zuzen Arrateko tradizioetan eta Eibarko San Joan eguneko aurreskua edo soka-dantzaren ohituretan oinarritzen den dantza programa eskainiko dugu Izaban. Irailaren 8an Arrateko erromerian eskaintzen ditugun ezpata-dantza eta trokeo-dantzak dantzatuko ditugu. Horrez gainera, San Joan eguneko soka-dantza eskainiko dugu, aurreskuaren soka herriko dantzariak omentzeko baliatuz.
Kezka dantza taldea Izaban uztailaren 25ean
- 18:00 Udaletxe aurrean Izabako bandera-dantza eta Arrateko ezpata-dantzarekin kalejira abiatzea.
- 18:30 Kezka dantza taldeare emanaldia Izabako anfiteatroan.
