Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Dantzan ospatuko dugu Euskal Jaia asteburuan

Dokumentuaren akzioak

Dantzan ospatuko dugu Euskal Jaia asteburuan

Dantzan ospatuko dugu Euskal Jaia asteburuan

Euskal Jaia Eibarren, 2022-05-29. Argazkia: Josu Garate - Dantzan (cc) by-sa

Astebete aurreratuta dator Euskal Jaia Eibarren, hauteskundeen ondorioz maiatzeko azken asteburuan ezin izan baitira antolatu eta beraz, maiatzaren 19, 20 eta 21eko asteburuan izango ditugu aurtengo programaren ekitaldi nagusiak. Dantzari dagokionez, igandean bi euskal dantzari talde izango ditugu Eibarko Klub Deportiboko Kezka dantza taldearekin batera eskainiko den dantza jaialdian: Ermuko Txindurri dantza taldea eta Portugaleteko Elai Alai dantza taldea.

Maiatzak 21, igandea: Euskal Jaia dantzan

  • 12:00etan kalejira abiatuko da Urkizutik, joaldun, dultzainero, txistulari, trikitilari, fanfaria eta Elai Alai, Txindurri eta Kezka dantza taldeetako dantzariekin eta musikariekin.
  • 12:30ean jaialdia hasiko da Untzaga plazan. Eguraldi txarra balego Errebalen izango da jaialdia.
  • 17:30 Erromeria Inguma taldearekin.
  • 19:30 Larrain-dantza
  • 20:30 Larrain-dantza Deportiboan


Txindurri, Elai Alai eta Inguma

1975. urtean sortu zen Txindurri dantza taldea eta izena Ermuko emakume ospetsu bati zor dio, Maria Bengoetxea “Txindurri”ri. Euskara eta euskal kultura sustatzeko lan handia egindako emakume horren ezizena zen Txindurri. Aspaldikoa da Ermuko Txindurri dantza taldea eta Kezka dantza taldearen arteko harremana. Elkarrengandik gertu gaude eta bi dantza taldeak hainbat belaunalditan kolaboratu dute elkarrekin. Baina aurten konturatu gara urteak zirela Eibarko Euskal Jaira ez genituela gonbidatzen, 15 urte baino gehiago. Etxekoekin ahaztea gertatzen da batzuetan...

Portugaleteko Elai Alai taldea Euskal Herriko folklore talde ezaguna eta garrantzitsua da. 1962. urtean sortu zen, urtero nazioarteko folklore jaialdia eta folklore azoka antolatzen ditu Portugaleten, eta asteburu berean daukate aurten Folklore Azoka haien herrian, eta hala ere, Eibarren izango ditugu dantzan. Nazioarteko Jaialdi entzutetsua antolatzeaz gainera beraiek ere nazioartean hamaika herrialdetan eskaini dituzte emanaldiak, eta azken urteotan Martin Zalakain ikusgarrian Kezkako dantzariekin batera dantzatzen aritu dira Argia taldearen zuzendaritzapean.

Arratsaldean erromeria Inguma taldearekin izango da, Untzaga plazan ateri badago eta bestela Untzagako karpan. Bizkaiko ipar-mendebaldeko taldea da, musikari eta dantzariez osatutakoa, eta denok dantzan jarriko gaituzte arratsaldeko 17:30etatik aurrera.

Kezka dantza taldearen saioa

Kezka dantza taldeko dantza eskolako ikasle, ume eta nagusiak, eta dantza taldeko dantzariak, guztiak batera arituko dira dantzan. Hasteko, soka-dantza, aurreskua sokan dantzatuko dute denek batera. Aurreskua sokan dantza egitea aspaldiko ohitura da Eibarren. Orain 300 urtekoak dira horren inguruko lehen testigantzak. Sokan denak batera plazaratu, eta ondoren desafioa, abarketak eta agurra eta aita sanmigel dantzatuko dituzte Kezkako dantzariek.

Agurra jasoko duten gonbidatuak plazara ekartzeko jotzen den doinua, Orbea kontrapasa deitzen diogu Eibarren, baina Eibartik kanpo “Eibarko Kontrapasa” deitzen diote eta horren arrazoia da 1875. urtean Eibarren soka-dantzan gonbidatuak plazara ekartzeko jotzen zen doinua dala eta Pedro Orbeak jaso zuela doinu hori eta partituran jarri. Soka-dantza edo aurreskua bukatzeko fandango, arin-arina eta kalejira dantzatuko dituzte Kezkako dantzariek.

Musikari koadrila ederra izango dute dantzarako doinuak jartzen: Iñaki Barua, Adolfo Jainaga, Amaia Baglietto, Roberto Altzerreka, Josu Agirre, Iraide Ansorena, Maialen Araolaza, Andoni Riaño, Pablo Zubiarre, Josu Garate, Ekhi Zugasti eta saioa hasteko lehen pieza eskainiko duen Quico Puges.

Astebete Euskal Jaian

Eibarko Klub Deportiboak antolatuta 58. Euskal Jaia izango da 2023ko hau. Datorren urtean Eibarko Klub Deportiboak 100 urte beteko ditu eta beraz, Euskal Jaia ere berezia izatea aurreikusten da. 2023 honetako Euskal Jaia Aitor Huergoren kontzertuarekin abiatu da, ostiralean Burutik eta Mugi Panderoarekin jarraituko du, larunbatean baserritarren eta artisauen azoka, herri-kirolak eta bertsolariak, pala txapelketaren finalak, kale animazioa eta kantu afariarekin osatuko da. Programa osorik deportiboaren webgunean:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com