Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Haurrak, haurrak... Zer ezaugarri izan behar ditu 6-12 urte bitarteko haurrekin diharduen irakasleak?

Dokumentuaren akzioak

Zer ezaugarri izan behar ditu 6-12 urte bitarteko haurrekin diharduen irakasleak?

2025/02/20 08:42

[Euskal-dantzan ere bai, eskolaz kanpoko jarduera izanagatik, adin horietako haur eta gaztetxoekin ari garen aldetik, gure espezialitateari dagokion ezagutzatik haratago]

Aritz Larreta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako irakaslea da, psikomotrizista, eta Hik Hasiren "Lehen Hezkuntza eraldatzen" bi urteko graduondoko ikastaroko zuzendaria. Ikastaroa aurkezteko elkarrizketan, hauxe bere erantzuna:

  • 6-12 urte arteko haur eta gaztetxoen garapen afektibo, kognitibo, sozial eta motorraren ezagutza sakona izan behar du, bai ala bai, haur eta gaztetxo horien ezaugarrietara doitu beharko baitu bere esku-hartzea, eta jarraipena egin ere bai.
  • Pertsonekin ari garen unetik (...) sentsibilitate eta enpatia handia izan behar ditu.
  • Horrez gain, entzuteko eta behatzeko gaitasuna izan behar ditu, baina, horretarako, aurrez, norbere burua entzun eta behatzeko gaitasuna izatea ezinbesteko baldintza da.
  • Bestalde, ongi ulertu behar du nola gertatzen den haur eta gaztetxoen ikaste-prozesua. Nola ikasten dute? Ikaskuntzan jarri behar dugu arreta eta ez irakaskuntzan. Irakaskuntza ikaskuntzaren zerbitzura dago. Beraz, irakastea bera ez da helburu bat, baliabide bat baizik.
  • Konpetentzien inguruko diskurtsoa ere barneratuta izan behar du. Konpetentzien garapena bultzatu behar du hezitzaileak, hor jarri behar du fokua, baina, ahaztu gabe, konpetentziak garatzeko ezagutzak ere ezinbesteko direla. Hori bai, erabaki beharko du zein diren oinarri-oinarrizko ezagutzak (konpetentzien garapenerako ezinbestekoak direnak) eta zein alde batera utz litezkeenak.
  • Estrategia metodologikoetan, planifikazioan eta ebaluazioan ere jantzia izan behar du. Nola antolatuko dut eguna edo astea? Zeren baitan? Zer estrategia metodologiko baliatuko ditut egunean zehar? Uneoro berdinak? Nola planifikatu eta ebaluatuko dut? Nola planifikatu eta ebaluatuko dut nire esku-hartzea?
  • Lankidetzan jakitea ere funtsezko ezaugarria da. Hezitzaile gogoetatsuak behar ditugu, norbere esku-hartzearen gaineko gogoeta sistematikoa egingo duena eta gogoeta hori lankideekin batera egiteko gai izango dena.

Horiek dira, gure ustez, Lehen Hezkuntzako hezitzaile batek izan beharko lituzkeen ezaugarrietako batzuk.

ITURRIA: Hik Hasi 266 (2022ko martxoa)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Haurrak, haurrak...

Haurrak, haurrak...

Haurrekin euskal-dantzaren bidea eraldatzearen alde.

Pedagogiaren iturritik jasotako ekarpen eta argumentazio teorikoak bilduko ditut hemen.

Eman diezagutela argia, eta hausnarketa eragin...

Arduraduna: Patxi Montero