Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Haurrak, haurrak... Kultura ninientzat, eta genero-arrakalaren sorrera.

Dokumentuaren akzioak

Kultura ninientzat, eta genero-arrakalaren sorrera.

2025/03/14 09:28

Kultura ninientzat. Hauxe da ikusi dudan joeretako bat: oso txiki direnean, haurrak kulturarekin eta, oro, har, jakintza deitzen zaion eremu osoarekin harremanetan jartzeko misioa hartzea beren gain gurasoek; hau da, jostailu, jolas eta jarduera estimulatzaileen edo musika, plastika, literatura, anzerki, [dantza] saio egokituz blaitzea... Badirudi sinisten dugula bizitzako lehen lauzpabost urteetan halako murgiltze bat eginda Obelixi bezala gertatuko zaiela gure alabei eta semeei, pertzera amildu eta kulturaren indarra eurekin izango dutela betiko.

Ezen behin 6-7 urteetara iritsita oso bestelakoa da gehien sumatu dudan jokabidea: kulturarekin lotutako jarduerek indarra galtzen dute, eta kirola eta hizkuntzak -barka, hizkuntza, singularrean, ingelesa baita eskaintzen zaiena - ikastera bideratzen da alaben eta semeen eskolaz kanpoko astia. Gauza serioetara, bizitzarako egiazko trebakuntzara.

(...) Gure neska-mutikoen hezkuntza-eta sozializazio-ibilbidean kirolak hartzen duen garrantziak lehiarekin du zerikusia, azken batean, kirol-prestakuntza lehiatzeko prestakuntza baita: ahalegina, irabaztea eta besteei gain hartzea da kirolaren gaur egungo ikuspegiaren sakonean dagoena, bestelako balioak erantsiz leundu nahi izaten badugu ere. Meritokraizaren oinarriak biltzen ditu barnean. Hots, kapitalismoaren oinarria.

Gainera, joera hori are nabarmenagoa da mutilen artean. Neskek, kirol-jardueretara eta hizkuntza-ikasketara hurbildu arren, segitzen dute kultura- eta arte-adierazpideekin zerikusia duten arloetan prestatzen (dantza, musika, antzerkia), baina mutilen jarduna kirola bihurtzen da ia esklusiboki. Beraz, genero-arrakala sortzen da, gerora ere irauten duena, egungo ikerketa guztien arabera, kultur praktiken erabiltzaileen ehuneko handia emakumezkoa baita.

Nago kulturaren feminizazioa dagoela joera horren albo-kalteen artean; hau da, jarduera horien prestigioa eta aitortzen zaien onura publikoa murriztu egin dela -eta murrizten doala -, feminizatutako praktika guztiekin gertatzen den moduan. Era berean, aipatu dudan genero-arrakala hori sumatu denean eta eskolako hezkuntza-sistematik zein erakunde publikoetatik irtenbideak entseatzean, auziaren muturreko batean baino ez da jarri arreta: emakumezkoak kirolera bultzatzean - ez ote da lehiaren, meritokraziaren eta kapitalismoaren loturaren logika bakarra jende orotara zabaltzeko logika? -. Horren ondorioz, gero eta neska gehiago ditugu beren prestakuntzaren zati handi bat kirolaren bidez egiten dutenak. Aldiz, mutilak kultur arloko jardueretara eta arte-adierazpideetara eramateko politika publikorik ez dut ezagutzen inon, ez eskolako hezkutza-sistemak bultzatuta, ez beste inongo erakundek butzatuta.

Subjektibitate edo nortasun neoliberala homogeneizatzailea da guztiz, eta, gainera, paradoxa handi batean oinarritzen da, homogeneizazio masiboa indibidualizazioaren izenean egiten baitu: ustez norberaren enpresa, norberaren marka, norberaren interesak beste guztiaren gainetik lehenestearen izenean. Baina guztiok etxe, lan, opor, jantzi, harreman, gorputz... berberen miran jarrita. Halaxe gara: indibidualizazioaren izenean, gero eta masago.

ITURRIA: Idurre Eskisabel (kazetaria, Antropologian lizentziaduna eta EHUko irakaslea). 'Hezkuntza-errealitate berrietara jauzi' jardunaldia (Hik Hasi, 2019-07-01) / Hik Hasi 34. monografikoa (2020ko uztaila).

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Haurrak, haurrak...

Haurrak, haurrak...

Haurrekin euskal-dantzaren bidea eraldatzearen alde.

Pedagogiaren iturritik jasotako ekarpen eta argumentazio teorikoak bilduko ditut hemen.

Eman diezagutela argia, eta hausnarketa eragin...

Arduraduna: Patxi Montero